Aplikazio habiaratuak
Albisteak
Atzealdea Urnietako energia-komunitatea sortzea aho batez onartu da
2022·02·14
Urnietako Tokiko Energia Elkartearen sorrera aho batez onartu zen otsailaren 11n egindako udalbatzarrean. Ekimen honen bidez, jasangarritasun energetikoari bultzatu nahi zaio, udalerriko bizilagunek energia berriztagarria ekoiztea eta kontsumitzea sustatuz. Horrela, ingurumen-onurak, onura ekonomikoak eta sozialak lortuko lirateke Urnietako udalerriko biztanleentzat.
Puntu honen azalpena proiektua PNV-ren Gobernu Taldearekin landu duen alderdi sozialistak egin zuen. Bere hitzaldian azaldu zuenez, herritarrak erdigunean jartzea da ekimen honen asmoa, trantsizio energetikoarekin eta banatutako energiaren bidezko garapen iraunkorraren helburuekin bat datorren hornidura elektrikoaren eredu berri bat bultzatuz.
Banatutako energia sortzea azken kontsumitzailearengandik hurbil dauden tokiko iturri txiki askotatik elektrizitatea ekoiztean datza. Horrela, ekoizpen tradizional handi eta zentralizatutik bereizten da. Ekoizpen hori sorkuntza-zentro gutxi batzuetan gertatzen da, eta hartzailearengana iristeko garraio-sare zabalak behar dituzte. Banatutako energia berriz, garbia da, funtsean hiri-eremuan erraz integratzen diren plaka fotovoltaikoak erabiltzen dituelako. Eraginkorra da, kontsumitzen den lekutik gertu sortzen baita, garraio eta banaketa galerak murriztuz. Aurrezten laguntzen du, tokiko instalazioetan ekoitzitako energia energia-garraioko bidesariagatiko tasetatik salbuetsita dagoelako eta merkaturatze kosturik ez dakarrelako. Era berean, energía sistema jasangarriagoa garatzen du, energia berriztagarriaren ekoizpena handitzen duen heinean, energia-iturriak dibertsifikatzen dituen heinean eta azken kontsumitzaileei autonomia handiagoa ematen dien heinean.
Premisa horien guztien pean sortu da Urnietako energía komunitatea, zeinak esperientzia pilotu bat egingo baitu ezaugarri onenak dituzten bi eraikin hautatuz, gero eskariaren arabera handitu ahal izateko. Horrela, Urnietako Udalak autokontsumorako eta hiri ingurunean energia garbien eta lokalen kontsumo partekaturako sarbidea erraztuko die herritarrei, instalazio fotovoltaikoak beren etxebizitzetara hurbilduz eta herritarren kontsumoan eraginkortasun energetikoa bultzatuko duen kultura garatuz.
Jubilatuen Egoitzaren barnealdea eraberritzea elkarteen etxea sortuz
San Juan 42 Pentsiodun eta Jubilatuen Etxea barrutik eraberritzeko proiektuaren onarpena PNV-ren botoei esker atera zen aurrera, EH Bilduk eta PSE-EEk aurka bozkatu baitzuten.
Esku-hartze horrekin, Denda Berri jubilatuen elkarteak egoitza eta jarduera instalazio berritu eta hobetuetan mantentzen jarraituko du, eta, gainera, lehenengo solairua egokituko da udalerriko hainbat elkarteri zerbitzua emateko, horrela elkarteen etxea sortuz eta belaunaldien arteko topaleku bat ahalbidetuz.
Puntu horren barruan, oposizioak ezezko botoa eman zuen, Gobernu Taldearen jarduteko modua kritikatuz, aurrekontuko dagokion partidan elkarteen etxea aipatzen delako, Jubilatuen Egoitza aipatu gabe. Gobernu Taldeak adierazi zuen aldez aurretik azaldu zuela eraberritzearen planteamendua, eta argi utzi zuela planoen bidez solairu bakoitzean joango dena. Halaber, argitu zuen Denda Berri elkarteak modu berean jarraituko duela bere jarduera garatzen eraikinaren barruan. Era berean, aurrekontuaren partidaren izena aldatzeko prest agertu zen, eraberritu ondoren eraikinean sartuko diren zerbitzu guztiak zehaztuz.
EH Bilduk argi utzi nahi izan zuen Jubilatuen Egoitza berritzearen eta elkarteen etxea sortzearen alde dagoela, kontra bozkatu arren. PSE-EEk ere argitu nahi izan zuen Jubilatuen Egoitzaren erreformaren alde dagoela, baina zehaztu zuen ez zegoela ados elkarteen etxearekin, bere ustez ez delako lehentasunezkoa une honetan, eta gainera, beste planteamendu bat dutelako.
PNV-k, berriz, bere harridura erakutsi zuen, argudiatuz ez zuela ulertzen bi gai horien alde dagoenak kontra bozkatzea. Nolanahi ere, beraiek proiektuarekin aurrera jarraituko dutela azaldu zuen, eta izenarekin sortutako gaizki-ulertua konpontzen saiatuko direla, aurrerago babes gehiago lortzen saiatzeko proiektu garrantzitsu honetan.
HIE 28ko Miravalles ondasun izaerako higiezina enkante bidez besterentzea, etorkizunean industrialde bat garatzeko
Azkenik, Miravalles enkante bidez besterentzea, etorkizunean industrialde berri bat garatu ahal izateko, ez zen aurrera atera, horretarako gehiengo osoa behar zelako, PNV-ko 7 zinegotzietako batek ezin izan zuelako osoko bilkurara joan eta oposizioak aurka bozkatu zuelako.
Aurkako bozka informazio ezaren ondorioa zela adierazi zuen oposizioak. Udal lursail hori saltzeak 4,8 milioi euro inguru emango dizkio udalari, eta oposizioak kritikatu egin zuen kopuru hori aurrekontuan sartuta ez egotea eta zertarako erabiliko den ere zehaztu ez izana.
PNV-k erantzun zuen ez duela aurrekontuan sartu zuhurtziaz eta erantzukizunez jokatzeko. Bere ustez, horrek sor ditzakeen arazoengatik ziurtatuta ez dagoen salmenta baten diruarekin ezin da kontatu. Bestalde, salmenta gauzatuz gero, diru hori Udalaren gerakinera joango litzatekeela argitu zuen, eta une horretan aztertuko litzatekeela zertarako erabili.
Era berean, Gobernu Taldeak argi utzi zuen udalerrian industrialde berri bat garatzeko lan egiten jarraituko duela, horrek ekarriko lituzkeen onura guztiekin. Lanpostuak sortzea alde batetik, eta Udalak dirua biltzeko duen gaitasuna handitzea bestetik.