Aplikazio habiaratuak
Albisteak
2024·01·17
- "Bidez-bide" lanegunetan 07:30etik 13:30era egongo da erabilgarri, hiru ordu gehiagoz (aurreko ordutegia: 9:00etatik 12:00etara).
Urnietako Udalak eta Behemendi Landa Garapenerako Elkarteak "Bidez-bide" garraio egokituko zerbitzuaren ordutegia luzatu dute udalerriko landaguneko biztanleentzat.
"Bidez-bide" zerbitzua berariaz diseinatu da adinekoen eta mugikortasun urriko pertsonen beharrei erantzuteko, bai eta Urnietako landa-eremuetan etxez etxeko arreta-lanak egiten dituzten zaintzaileentzat ere. Zerbitzu honen helburu nagusia udalerri barruko joan-etorriak erraztea da, erabiltzaileei osasun- eta gizarte-zerbitzuak, erosketak eta funtsezko beste izapide batzuk erosoago eskuratzeko aukera emanez.
Berritasun nabarmenena zerbitzuaren ordutegia zabaltzea da. Hemendik aurrera, "Bidez-bide" lanegunetan 07:30etik 13:30era egongo da erabilgarri, hau da, aurreko ordutegiarekin (9:00etatik 12:00etara) alderatuta, hiru ordu gehiago.
Zerbitzu hori erabiltzeko, interesdunek 626 136 976 kontaktu-zenbakira deitu behar dute, bidaiaren eguna baino gutxienez egun bat lehenago. Erreserba erraz horri esker, plangintza eraginkorra egin ahal izango da, eta, beharrezkoa denean, garraio egokituaren erabilgarritasuna bermatuko da.
“Ordutegia zabalduta, pertsona gehiagok izango dute oinarrizko baliabide eta zerbitzuak modu eroso eta seguruan eskuratzeko aukera” nabarmendu dute Udaletik.