Aplikazio habiaratuak
Albisteak
Atzealdea Urnietako baserritarren produktuak herritarren eskura
2020·10·08
Urnietako baserritar talde batek eurek ekoiztutako produktuak jarriko ditu herritarren eskura “Km 0” ekimenaren barruan. Modu horretan, herritarrek garaiko eta kalitatezko produktuak erosteko aukera izango dute modu eroso eta erraz batean. Gainera, horrela, bidaietan sortzen den kontaminazioa ekidingo dela, eta era berean, herria suspertuko dela kontatzen dute ekimenaren bultzatzaileek.
4 produktore
Momentuz lau produktorek ekingo diote ekimenari: Adarrazpi, Errekalde, Gurutzeta eta Goiburu baserriek, hain zuzen. Adarrazpik ardietatik eratorritako produktuak eskainiko ditu. Hala nola, esnea, gazta freskoa, mamia, esne gordinarekin egindako gazta eta arkumea. Gurutzeta eta Errekaldek berriz, mota guztietako barazkiak: tomatea, letxuga, porrua, azenarioa, tipulinak, kalabazina, pepinoa, zerba eta kalabaza, besteak beste. Ahateekin egindako produktuak nahi dituztenek ostera, Goiburun izango dute aukera: foie, ahateen haragiarekin egindako albondigak, patea, urdaiazpikoa eta sagar purea dira adibideetako batzuk, denak kontserbanterik eta koloranterik gabeak.
Eskaera whatsappez eta banaketa San Joan plazan
Eskaerak eta erosketak saltzaile eta erosleentzat modu erraz eta antolatu batean egiteko whatsapp talde bat sortuko dute produktoreek, eta produktu horiek erosteko interesa duten herritarrak talde horretara sartuko dituzte. Bertan, larunbat eta igandeetan aste bakoitzean eskaintzen dituen produktuen zerrenda ipiniko du produktore bakoitzak prezioekin eta euren kontaktuarekin batera, eta ondoren, interesa duten herritarrek, produktore bakoitzari komunikatu beharko diote zuzenean zer erosi nahi duten. Horretarako epea asteazkenera bitartekoa izango da. Izan ere, produktuen banaketa eta ordainketa ostegunetan 17:30-18:00 bitartean gauzatuko da San Joan plazan.
Beraz, whatsapp talde hori norabide bakarrekoa izango da. Hau da, produktoreek eskaintzaren gaineko informazioa zabaltzeko soilik baliatuko dute. Gero, hartu-emana, produktore bakoitzarekin izango da. Whatsapp talde horretara batu nahi duten herritarrek 674175430 telefonora idatzi edo deitu beharko dute.
Ekimen irekia
Momentuz 4 produktore horien eskaintza izango da aukeran, baina beste baserritarren batek batu nahiko balu aukera izango luke. Ekimenaren bultzatzaileak gogoz eta ilusioz beterik daude, herritarrek erantzungo duten esperantzaz. Hori bai, zehazten dute orain dela bertakoa babesteko momentua, eskaintzak eskaera izanez gero soilik jarraituko baitu.