Edukira joan

Urnietako udalaren logotipoa

Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]

Habiaratutako portletak
Albisteak
Atzealdea

Urnietako baserritarrek sustaturiko “Km 0” ekimena bere bidea sakondu nahian

.

2021·12·14


Urtebete igaro da Urnietako Adarrazpi, Errekalde, Gurutzeta eta Goiburu baserriek “Km 0” ekimena martxan jarri zutenetik. Eurek ekoiztutako garaiko eta kalitatezko produktuak herritarren eskura jartzen dituzte astero sistema erraz baten bidez. Whatsapp talde bat dute sortua eta interesa duten herritarrak bertan sartuta daude (interesa duen edonor batu daiteke taldera edozein momentutan). Asteburuetan aste bakoitzean eskaintzen dituzten produktuen zerrenda ipintzen du produktore bakoitzak prezioekin, eta, ondoren, erosi nahi dutenaren eskaera egiten dute urnietarrek. Asteazkenetan amaitzen da eskaera egiteko epea eta produktuen banaketa eta ordainketa ostegunetan gauzatzen da 17:30-18:00 bitartean San Joan plazan.

Hasierako erritmoa errekuperatzeko asmoa

Orain arte buruturiko bidea aztertzeko elkartu gara beraiekin eta balorazioa egiteko eskatuta Adarrazpiko Inma Iriondok kontatzen du hasieran sorpresa hartu zutela: “harrera oso ona izan zen eta jendeak bikain erantzun zuen. Egia da baita, pandemiaren momentuko egoerak baldintzatu zuela, jendea herrian eta etxean geratzen baitzen garai hartan”. Dena den, Iriondok azaltzen du udara aldean beherakada somatu zutela: “jendeak herritik ateratzeko aukera izan zuenean ohiturak aldatu egin zituen berriro. Orain, urritik aurrera aurreko urteko ildoa berreskuratzen ari gara pixkanaka”.

Bezeroei dagokienean Gurutzetako Maite Otañok dio astero-astero joaten diren bezero finko batzuk badituztela: “horiek kalitatezko produktuaren bila etortzen dira eta asko baloratzen dute egiten dugun lana. Pertsona horiek gainera, normalean, gutariko denei erosten diete zerbait, bakoitzak aste horretan duen eskaintzaren arabera. Halere, oraindik jende gehiagorengana iristeko nahia erakusten du Otañok, izan ere, somatzen du artean urnietar askok ez duela “Km 0” ekimenaren berri: “ostegunetan ikusten gaituztenean beti etortzen da baten bat galdezka ea produktuak saltzen ari garen eta nola funtzionatzen dugun azaltzen diogu”.

Ibai Iriondo proiektura batu da

Herritarren eskaria handitzea nahi dute beraz, baina urnietarrek haien eskura duten eskaintza handitu da momentuz, izan ere, Ibai Iriondo batu da “Km 0” proiektura: “ni berez informatikaria naiz. Urteak neramatzan alor honetara pasatzeko pentsamenduarekin eta azkenean, aurreko urtean probatzea erabaki nuen”. Hasiera batean, bere kontura hasi zen saskiak saltzen gertuko jendeari eta ondoren batu zen proiektu honetara: “pixkanaka hasi nahi nuen nire buruari ikasteko denbora emanez eta gauzak ondo eginez”. Lehen urtea gogor samarra izan dela aitortzen du, baina oro har, gustura dago eta bere esanetan “Km 0” ekimena oso ondo etorri zaio aurrerapausoak ematen jarraitzeko. 

Agroalde proiektuaren barruan Gipuzkoako Foru Aldundiak Lezon dituen lur batzuetan ekoizten ditu bere produktuak Ibai Iriondok. Nekazaritza jarduera errentagarria sortzea eta haize librean egingo den baratzagintza ekologikora bideratzea da proiektu horren ardatz nagusia. Bertan beste 6-7 nekazari daudela azaldu du eta elkarri laguntzen diotela. Puntu hori aipatuta, Otañok esan dio edozein zalantza izanez gero, beraiek ere laguntzeko prest daudela, eta farre artean gehitzen du galdera gehiago egin beharko lituzkeela. Nabari da proiektuko kideen artean harreman eta giro ona dagoela.

Poltsak izaera eman diote ekimenari

Proiektua zabaltzeko eta sendotzeko bidean banaketetarako erabiltzen dituzten poltsak nortasuna eman diela aitortzen dute. Hasieran, plastikozko poltsa normalak baliatzen zituzten zeregin horretarako, baina bezero batzuen eskaera aintzat hartuta eta Udalaren laguntza baliatuta poltsa konpostagarriak erabiltzen dituzte orain. Bertako produktuak bultzatu eta ohitura osasuntsuak sustatzeaz gain, bidaietan sortzen den kontaminazioa ekiditea da “Km 0” proiektuaren beste helburu nagusietako bat eta zentzu horretan, poltsek xede horiekin bat egitea garrantzitsua da beraientzat. Gainera, Inma Iriondok azpimarratzen du poltsetan euren telefono zenbakiak azaltzen direla eta horrek ere ikusgarritasun bat ematen diela.

Eskaintza zabala

Eskaintzari dagokionez, Adarrazpik ardietatik eratorritako produktuak eskaintzen ditu: esnea, gazta freskoa, mamia, esne gordinarekin egindako gazta eta arkumea, besteak beste. Gurutzeta, Errekalde eta Ibai Iriondok berriz, mota guztietako barazkiak: hala nola, tomatea, letxuga, porrua, azenarioa, tipulinak, kalabazina, pepinoa, zerba eta kalabaza. Eta Goiburuk bere aldetik ahateekin egindako produktuak: foie, ahateen haragiarekin egindako albondigak, patea, urdaiazpikoa eta sagar purea dira adibideetako batzuk.

Urnietarrek gehien eskatzen dituzten produktuen gainean galdetuta Adarrazpin arkumea, esnea eta gazta saltzen omen dira gehien. Barazkietan berriz, dagoenean jendeak tomatea oso gustura jaten duela aitortzen dute. Horretaz gain, udara partean letxugak ere arrakasta handia omen du, eta orain, negu aldera berriz, gehiago eskatzen omen dira pureak egiteko elikagaiak: porrua, azenarioa… Azkenean, urteko garai bakoitzari dagokiona, hori baita hain zuzen, beraien beste bereizgarri nagusietako bat, garaian garaiko produktua eskaintzea. Zentzu horretan azaltzen dute bezeroek galdetzen dietela ea noiz izango duten produktu hau edo beste, eta hala, pixkanaka, ohitzen joaten direla urtaro bakoitzean dauden gauzetara eta “ikusten dute honek ziklo bat jarraitzen duela”.

Eskaintza urte osoan mantentzeko ordea, gogor lan egitea tokatzen zaie. Halere, esaerak dioen moduan gustuko lekuan aldaparik ez: “gu baserritarrak gara, hau ikusi dugu txikitatik, horretara ohituta gaude eta gustura egiten dugu” kontatu du Errekaldeko Santi Olaziregik. Otañok gehitu du berarentzat lan bat izateaz gain, bizimodu bat dela: “jendeak askotan galdetzen digu ea noiz ditugun oporrak eta esaten diegu ez garela sekula geratzen. Gurea bizitza proiektu bat da, bizitzeko modu bat, ez jaten ematen digun zerbait soilik”. Adarrazpiko Iriondok ere etengabeko lotura hori eta lan ordu luzeak aipatu ditu alde txar moduan, baina era berean nabarmendu du produktua ondo irteten denean eta jendeak eskerrak ematean sentitzen duen poztasuna: “une horretan sentitzen duzu egindako esfortzu guztiak pena merezi duela”.

Hobetzeko eta garatzeko prest etorkizunari begira

“Km 0” proiektuak gero eta indar handiagoa hartzea nahi dute bertako kideek eta horretarako hobekuntzak eta aldaketak egiteko prest daude. Udaleko Merkataritza sailak bideratuta inkesta bat betetzeko eskatuko zaie laster bezeroei, izan ere, haien iritziak eta balorazioak ezagutu nahi dituzte. Denekin asmatzea ezinezkoa izan arren, ezarritako sistema erosoa eta aproposa dela iruditzen zaie. Dena den, inkesten emaitzen arabera, banaketa ordua zabaltzeko edo aldatzeko prest egongo lirateke. Hau da, haien aukeren arabera ahalik eta erraztasun gehien emateko prest daude. Izan ere, badakite supermerkatu handi batera joatea eta bertan dena erostea errazagoa dela, baina gogorarazten dute hango produktuek ez dutela kalitate bera. Zentzu horretan kontzientziazio lan bat egin beharra dagoela iritzi dute, bertako eta kalitatezko produktua balorean jartzeko eta ohitura osasungarriak sustatzeko.

Oraindik euren produktuak dastatu ez dituzten urnietarrak probatzera animatzen dituzte inongo konpromezurik gabe: “whatsapp taldean 200 pertsona inguru daude, baina gehienak ez dira etortzen produktuak erostera” kontatzen du Ibai Iriondok. Beraz, pertsona horiek eta gainerakoak pauso hori ematea nahi lukete, haien aburuz ez baitira damutuko, jango dutena momentukoa eta jasangarria izango baita.

Funtzionamendua 

  • Whatsapp taldean produktoreek eskaintza jarri asteburuan .
  • Herritarrek eskaera egin asteazkenera bitarte.
  • Ostegunean produktuen banaketa eta ordainketa Udaletxeko arkupeetan 17:30-18:00 bitartean.
  • Sar zaitez whatsapp taldean 674175430 zenbakira idatzita.

 

 

 

 

 

 

 


Banner-a
Web edukia bistaratu

Jarrai gaitzazu Youtuben

Web edukia bistaratu

INFORMAZIO
GUZTIA ESKURA
KLIK BATEAN

  Twitter   Facebook   YouTube

Web edukia bistaratu
AGENDA KULTURALA

AGENDA