Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Urnietako udalaren logotipoa

Mostrar/ocultar men� principal de navegaci�n [eu]

Barruko horrien irudia

Aplikazio habiaratuak

Albisteak

Urnietak sagardotegi denboraldiari eman dio hasiera herriko lehen 'Txotx' -arekin

2024·01·24


  • ‘Gure Adarraren sagardoa' lelopean, sagardotegiek 2023ko uztan 300.000 litro sagardo ekoitzi dituzte, eta horietatik 200.000 litro izan dira Euskal Sagardoa. 
  • Urnietako zein inguruko herrietako sagastietako 300.000 kg sagar erabili dira Euskal Sagardoa izango den sagardoa ekoizteko. 

 

Herrian aurrekaririk ez duen gertaera batean, Urnietak sagardotegi denboraldiari hasiera eman dio lehen 'Txotx'-aren ospakizunarekin, bere aberastasun kultural eta gastronomikoaren balorizazioan mugarri bat ezarriz. ‘Gure Adarraren sagardoa' lelopean, sagardotegiek 2023ko uztan 300.000 litro sagardo ekoitzi dituzte, eta horietatik 200.000 litro izan dira Euskal Sagardoa. Urnietako zein inguruko herrietako sagastietako 300.000 kg sagar erabili dira Euskal Sagardoa izango den sagardoa ekoizteko. 

Urnietako sagardo denboraldiari hasiera emateko arduradunak Nerea Arruti aizkolari txapelduna eta Imanol Ansa banakako erremonte txapelduna izan dira.

Urnietako Udalak, bertako sagardotegiekin batera, naturako turismoarekin eta bertako produktuen sustapenarekin duen konpromisoa indartzen du, bisitari eta egoiliarrentzako benetako esperientzia sustatuz. Altuna sagardotegian egin da ekitaldia, eta herriko gainerako sagardotegiek ere parte hartu dute, hala nola Elutxetak, Eulak eta Oianumek. Bertako sagardotegiekin elkarlanean egindako ekimen hau Urnietako ondare kultural eta gastronomikoa sustatzeko diseinatu da, bisitariei upeletatik zuzenean sagardoaz gozatzeko aukera eskainiz, ingurune paregabean dauden plater tradizionalekin batera.

Jorge Segurado Urnietako alkateak sagardoak Urnietako nortasunean duen garrantzia azpimarratu du, "sagardoa Urnietako ondare gastronomiko eta kulturalaren parte da eta bultzatu egingo da aurrerantzean are gehiago. Ahalegin horren helburua ez da soilik sagardogintzako tradizioa zaintzea eta goratzea, baizik eta slow mugimenduari eta km0 turismoari lotutako proposamen turistiko zabalago batean txertatzea, familiei zein natura eta gastronomia autoktonoaren zaleei zuzenduta”. 

Urnietako sagardoaren historia eta bertako ekonomian eta kulturan izan duen papera nabarmenak izan dira, produktu enblematiko honen ekoizpenean eta kontsumoan izandako aldaketak islatzen dituen bilakaerarekin. Kanbio-txanpon gisa erabiltzetik eta foru-legeetan duen paperetik hasi eta eguneroko bizitzan eta festetan duen presentziaraino, sagardoa funtsezko elementua izan da Urnietako bizitzan.

Altuna sagardotegiko Xabier Altunak eskerrak eman dizkie Udalari eta gerturatu diren herriko eragile guztiei. Garrantzia berezia eman dio Urnietako lau sagardogileen izenean bertako eta kalitatezko produktua ekoizteak duen lanari. Sagarraren eta inguruko baserritarren lana ezinbestekoa da ekoizpenari eusteko. Hori dela  eta, deia egin diete kontsumitzaileei eta sagardotegietara gerturatuko direnei, gogoan eduki dezaten etxe bakoitzen bertakoek ekoiztutako sagardoa dastatuko dutela. Denboraldian ez-ezik, Urnietan sagardoak ere bizi-bizirik dirau urte osoan zehar bertako ostalaritzari eta merkatariei esker. Aipamen eta eskertza ere beraientzat sagardo kultura hori balorean jarri eta kontsumitzaileari erraztasunak emateagatik. 

Bestalde, Xabier Arrutik, Lurralde Oreka Berdeko diputatuak, sagardoaren sektorea babestearen eta bultzatzearen garrantzia azpimarratu du, gure produktuen kalitatea eta sagar espezie autoktonoen laborantza bermatzeko. “Ildo horretan, sagardoa eta txotx gure nortasun kulturalaren parte dira, gure lurraldeko fruitu guztiak partekatzeko eta dastatzeko aukera paregabea. Hain geurea dugun tradizio eta produktu hau zaintzen lan egin behar dugu, gure lurra eta gure ekoizleak zainduz”.

Olatz Mitxelena Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko koordinatzaileak Sagardotegiaz gozatzeko hainbat modu daudela gogorarazi digu. Otorduez gain, aukera dago sagardotegietan ere dastatze gidatuak egiteko. Hau taldeek aspaldian egindako eskaria da eta arrakasta handia duena. Horretaz gain, online erreserbak egiteko aukera ere eskaintzen dute bai sagardotegiek baita Sagardoaren Ibilbideak ere sagardoa.eus webgunean. Bertan, orrialde nagusian, bilatzaile bat dago. Bilatzaile horretan eguna jarri eta zein sagardotegitan dagoen tokia agertzen da klik batean. Aurrerapen bat ordainduz erreserba zuzenean egiteko aukera ematen du. Horretaz gain, aipatu du batzuetan sagardotegira etortzen denak sagardoa etxera eraman nahi izaten duela baina ez daukala modurik horretarako. Hori dela eta, kanpaina berezi bat egiten ari da Euskal Sagardoaren ibilbidea online salmenta sustatzeko eta erraztasunak emateko bezeroari. Sagardotegietan laster aurkitu ahal izango dituzue hainbat euskarri. 

'Txotx' aren ospakizunarekin, Urnietak sagardotegiko ondare aberatsa aitortzeaz gain, helmuga turistiko giltzarri gisa ere hartzen du bere burua, natura turismoa, tokiko produktuen kontsumoa eta benetako kultur esperientzia sustatuz. Ikuspegi horrek sagardotegien garrantzia azpimarratzen du, ez bakarrik topaleku sozial eta gastronomiko gisa, baita udalerriko garapen jasangarriaren eta turismo arduratsuaren estrategiaren parte gisa ere. Horri jarraiki, Udalak, datozen hilabeteetan Urnieta helmuga turistiko jasangarri gisa kokatzeko plangintza estrategikoari ekingo dio. 

Urnietako Udalak herritarrak eta bisitariak gonbidatzen ditu Urnietaz eta sagardo garaiaz gozatzera, eta sagardotegi-ondarearen aberastasuna deskubritzera, bertako kultura zaintzeko eta guztiontzako turismo jasangarri eta aberasgarria sustatzeko konpromisoarekin.

 

Sagardo berria dastatzeko parada izango da Euskal Herriko sagardotegietan

Sagardotegiek badute bereizgarri garrantzitsu bat: beraiek dira dastatzera ematen den produktuaren ekoizleak. Otorduaz haratago, jatetxe ereduetatik haratago, sagardotegiak sagardoaren topagune eredu ditugu orain ere, eta etorkizuna bide horretatik lantzeko aukera ikusten dute. Hori dela eta, aurten denboraldian sagardotegira gerturatzen den bezeroak bertako ekoizle baten etxera egingo du bisita, sagardogintzatik bizi den familia baten etxera. 

 

Uzta handia eta berezia

2023ko uzta aurrekoa baina handiagoa izan da kopuruz. Aurreko urtean uzta txikia izan zen eta 2023an handiagoa espero zitekeen. Uzta handia izan da, baina urriko beroek zerbait murriztu dute sagar kopurua. Iazkoarekin alderatuta, alkohol graduazio eta gorputz txikiagoa dute sagardoek, eta oso lurrintsuak dira. 

Euskal Sagardoa Jatorri Izendapenaren egiaztapenarekin ekoiztu den sagardo litro kopurua, 4.000.000 litrokoa izan da 2023 uztan.
Euskal Sagardoa egiten duten sagardotegiak 50 dira: Arabarrak  2, Bizkaitarrak 3 eta Gipuzkoan 45. 

Euskal Sagardorako sagarra egiten duten sagargileak 250 dira eta guztira ia 500 hektarea erabiltzen dira horretarako. 2023 uztan 6 milioi kilo sagar bildu dira Euskal Sagardorako.  

Ez da erraza Sagardo Berria definitzea, 106 sagar barietate desberdin ditugu onartuta Jatorri Deituran, sagastiak Euskal Herriko hainbat txokotan ditugu, etxe bakoitzak bere lanerako modua du… Orokorrean, dena den, sagar uzta handia, gorputz eta alkohol graduazio txikiagoarekin eta oso aromatikoa. Geroz eta zailagoa da, sagardoaren ezaugarriak azaltzea, bertako sagar mota desberdinek, zonaldeak eta sagardotegi bakoitzak ukitu berezia ematen baitiote sagardoari. Gainera, azken uztan sagar asko izaki, jendeak gauza bereziak egiteko ere aprobetxatu du: Euskal Sagardoa, sagar mota jakineko sagardoak, sagasti berezietako sagardoak eta abar luze bat. Aukera geroz eta zabalagoa aurkitu ahal izango du kontsumitzaileak. Eta sagardo hauek erosteko aukera ere izango du bezeroak. 

 

Banner-a

Youtube osoko bilkura

Jarrai gaitzazu Youtuben

Banner Informazio guztia eskura klik batean

INFORMAZIO
GUZTIA ESKURA
KLIK BATEAN

  Twitter   Facebook   YouTube

Banner Berrittu

AGENDA KULTURALA

AGENDA