Aplikazio habiaratuak
Albisteak
2024·09·16
Iraila hilabete berezia izan ohi da Urnietan, izan ere, ospakizunez eta ekintzez beteta egoten baita. Aurten ere hala izango da eta betiko moduan gure herriko jai nagusiak, Sanmiel jaiak, hilabeteko azken asteburuan ospatuko dira, irailak 27-30 bitartean hain zuzen ere. Ilusioz beteriko egun bereziak izango dira, lagunekin eta herritarrekin gozatzekoak eta partekatzekoak
Udalak herriko elkarteekin elkarlanean jardun du egitarau zabal eta anitza prestatzeko, denetariko eta denentzako ekintzekin. Programa bera eta jaien garapenarekin loturiko beste hainbat kontu ezagutzera eman dituzte gaur eguerdiko aurkezpen ekitaldian Jorge Segurado alkateak, Ana Pozas Kultura zinegotziak, Ainhoa Ostolaza Berdintasun zinegotziak eta Eneko Zulaika Festetako teknikari laguntzaileak.
Agerraldiaren hasieran, Jorge Segurado alkateak esker oneko hitzak izan ditu jaien prestaketan parte hartu duten eragile guztientzat: “Jai Batzordeari eta udalerriko elkarte guztiei eskerrak eman nahi dizkiet, jarduerak antolatzeko eta proposatzeko zuen denbora eta ahalegina eskaintzeagatik, ezinbestekoa da zuen ekarpena, asko baloratzen dugu”. Era berean, nabarmendu du asmoa izan dela “jarduera anitzez eta integratzaileez osaturiko programa bat osatzea, hau da, guztiok ordezkatuko gaituen jai batzuk egitea”. Lehen egunetik giroa jartzeko eta plaza kolorez betetzeko, alkateak, urnietar guztiak gonbidatu ditu jaiei hasiera emango dien txupinazora kamiseta zuria, galtza edo gona urdina eta jaietako lepoko zapia jantzita joatera.
Bestalde, jaiegunak errespetu giroan garatzeko deia luzatu du: “espero dut errespetua, laguntasuna, bizikidetza eta berdintasuna bezalako baloreak nagusitzea, ospakizunetan parte hartzen duten pertsona guztiek jaiez askatasunez gozatzeko aukera izan dezaten”. Ildo horretan aipatu du, Urnietan ez dela inolako eraso matxistarik eta arrazistarik onartzen eta horien aurrean irmo erantzungo dela.
Txupineroak eta Omendua
Antolatu den egitarauaren gaineko azalpenak Ana Pozas kultura zinegotziak eman ditu, eta aurreratu du, Habitantes de Innsmouth elkarteko kideek izango dutela aurtengo txupinazioa botatzeko ardura: “rol elkarte honek duela 30 urte hasi zuen bere ibilbidea eta urte hauetan guztietan lan bikaina egin du interpretazio-modalitate hori sustatzeko. Gainera, udalerriko dinamika sozial eta kulturalean murgilduta dago, eta hainbat ekitalditan parte hartzen du. Urtero prestatzen dituzte rol, estrategia eta simulazioari buruzko jardunaldiak. Antzararen joko erraldoia ere antolatzen dute Gazte Festen barruan, eta beste ekimen batzuetan laguntzen dute, mota guztietako ikusleei irekitako tailerrak eskainiz. Beraz, beraien ibilbidea eta egiten duten ekarpena balorean jarri nahi izan ditugu”.
Bestalde, omendua Bosko Anitz aisialdi taldeko Juanma Zarranz izango dela argitu du “urte luzez herriko kulturari eta gazteriari egin dion ekarpen guztiagatik”. Betidanik oso lotura handia izan du herriarekin eta bertako gizarte ehunarekin. Urte askotan irakasle aritu da Salestar ikastetxean, ehundaka urnietar gazte bere eskuetatik igaro direlarik. Horretaz gain, aipatu moduan, Bosko Anitz Aisialdi taldeko begiralea eta zuzendaria izan da, eta baita txarangako partaide ere. Beraz, esan daiteke Urnietako aisialdi esparruko erreferente esanguratsuenetariko bat dela.
Pozasek Oier Villar eta Joanne Cid ere zoriondu ditu, haurren egunean alkate txiki gisa arituko baitira. Halaber, zehaztu du Txosnak Plazido Muxika plazan kokatuko direla eta barrakak aldiz, Errekalde kaleko aparkalekua.
Programa zabala
Jarduerei dagokienez, aipatu du, festak irailaren 27an hasiko diren arren, aurreko asteburuan hainbat ekintzez gozatzeko aukera izango dela: hala nola, padel txapelketa solidarioa, bolo txapelketa, Transfariana pelikularen emanaldia, Extremadurako jardunaldiak, mahai jolasak, toka, bingoa, Mendi Film Festival eta tortilla lehiaketa.
Festen egitarauan zentratuta adierazi du musika estilo desberdinetako kontzertuak izango direla entzungai eta hitzorduak aurreko urtean bezala bi plazatan kokatuko direla, Plazido Muxika plazako txosnagunean eta San Joan plazan: La Otra Oreja de Van Gogh, Steady Rockets, Streetwise, Mutiko, Star Ways, Arrixku, Olgetan eta Goxuan Salsa izango dira zuzenean arituko diren taldeetako batzuk.
Herriko elkarte desberdinek antolatutako bazkari eta afari herrikoiak ere nabarmendu ditu, “ziur beste behin jende pila bilduko dutela eta”. Ostiralean Txosna Batzordeak antolaturiko afaria egongo da txosnagunean bertan, non bakoitzak bere janaria eraman beharko duen. Larunbatean berriz, hiru bazkari izango dira aukeran. Lehena, paella jatea izango da San Joan plazan Berdeak taldeak, L@as Vintages eta Etxeberri plazako auzo elkarteak antolatuta. Parte hartu nahi dutenek Guria eta 2KN-en eskura ditzakete tiketak. Bigarrena, emakume koadrillen bazkaria izango da Oianume jatetxean. Eta hirugarrena, Txosna Batzordearen herri bazkaria.
Igandean ere beste bi bazkari izango dira aukeran. Bata nagusiena, Oianumen, Denda Berri elkarteak antolatuta. Eta bestea, txosnaguneko bertso-kantu bazkaria Manttale elkartearen eskutik. Gaztelumendu anaiak izango dira kantatuko duten bi bertsolariak. Tiketak 2KN kafetegian eta Matxo tabernan eros daitezke irailak 24 arte.
San Mieletako egun garrantzitsuenetariko bat koadrillen eguna izaten da: “irailaren 28an, helduen eta haurren esku pilotako txapelketen finalak ikusi ahalko dira goizean kontzejupean. Baita, haur eta gaztetxoentzako bizikleta jardunaldia ere Idiazabal kalean. Eguerdiko 12:00etan hiru hitzordu izango dira; hamaiketakoa Elkarteen Etxean, Olinpiar Jokoen Gymkhana eta koadrilen lehen kalejira Pasai txarangarekin. Ondoren, bazkariak. Arratsaldean berriz, koadrilen bigarren kalejira eta Urdanbor danborradaren lehen irteeraz gozatzeko aukera egongo da. Eta gauean azkenik, Danborradaren bigarren irteera eta kontzertuak.
Sanmiel eguna, hilaren 29a, igandearekin tokatzen da aurten. Bertan, Juanma Zarranzi egingo zaion omenaldia, haur danborrada, Txanbolin Txistulari Bandak Egape Dantza Taldearekin batera emango duen kontzertua, herri kirolak eta Goxuan Salsa taldearen kontzertuak nabarmentzen dira. Herri kirolei dagokienean, aipatzekoa da Nerea Arruti eta Julen Gabirondo herriko kirolari handien partaidetza.
Haurrek ere bere egun propioa izango dutela gogorarazi du Pozasek, beraientzat zehazki zuzenduriko ekintza desberdinekin: "txikien eguna irailaren 30a izango da, astelehenarekin. Lehen aipatu moduan Oier Villar eta Joanne Cid Alkate Txiki izendatuko dira, eta une horretatik aurrera ekitaldiz betetako egunari hasiera emango zaio: haurrentzako Bizijolas jolasak igerilekuko belardian, surf taula, ekortzeko makina, Holi festa, buruhandi eta erraldoiak, eta Xaiborren diskofesta egongo dira aukeran, besteak beste.
Urriko lehen asteburua
Festak amaitu izanagatik, jai giroak segida izango du urriko lehen asteburuan Urnietan Arrosarioko Ama Birjinaren ohorezko jaiekin eta Baserritarren egunaren ospakizunarekin.
Urriaren 5ean, goizeko 9:00etan izango da lehen hitzordu garrantzitsua Auto Klasioen VI Ibilaldiarekin. Horretaz gain, bertso kalejira eta irrintzi erakustaldia izango dira goizean. Arratsaldean ostera, dantza emanaldia, esku pilota jaialdia, Agirre taldeak giroturiko dantzaldia, Dupla taldearen kontzertua, eta Disko-Nemux egongo dira.
Urriaren 6an eguerdian hasiko dira ekintzak munduko ardoen dastaketarekin eta Egape Dantza Taldeak antolaturiko dantza emanaldiarekin. Arratsaldean aldiz, “Asma ezazu” erronka, txekor jate solidarioa, sagardo dastaketa, Erromeria Iratzar taldearekin, eta zesta punta eta erremonte jaialdiak ikusgai izango dira.
Xoxokako festak
Ondoren, Xoxokako festek hartuko dute lekukoa urriak 7-13 bitartean. Bertako auzo elkarteak egitarau polita prestatu du beste behin.
Bertaratu nahi dutenentzat doako autobus zerbitzua eskainiko da urriaren 11n eta 12an. Autobus geltokia Elkarteen Etxearen ondoko biribilgunean egongo da eta ordutegiak ondorengoak izango dira:
- Urriak 11: Urnieta - Xoxoka 17:30, 20:00 eta 1:00
- Urriak 11: Xoxoka - Urnieta 20:30, 1:30, 4:00 eta 6:00
- Urriak 12: Urnieta - Xoxoka 16:30, 20:00 eta 1:00
- Urriak 12: Xoxoka - Urnieta 20:30, 1:30, 4:30 eta 6:30
Informazio eta arreta gunea
Ainhoa Ostolaza Berdintasun zinegotziak bere aldetik, azpimarratu du Urnietako Udalak jai parekide eta berdinzaleak sustatzeko konpromezua berresten duela: “ez da inolako eraso matxistarik edo arrazistarik onartuko, eta horien aurrean irmotasunez erantzungo da beharrezko neurriak hartuz”.
Era berean, emakumeen askatasuna eta jaiez gozatzeko eskubidea aldarrikatu ditu: “aisialdiaz eta jaiez askatasunez eta berdintasunez gozatzea pertsona guztiek duten eskubidea da. Jaiek gune segurua izan behar dute bertan parte hartu nahi duen edonorentzat”. Gauzak horrela emakumeen askatasuna urratzen duten jarrerak ez direla onartuko adierazi du.
Helburu horrekin, informazio eta arreta gunea ipiniko dira Sanmiel jaietako ondorengo egun eta orduetan:
- Irailak 27: Gaztelekua 23:00-4:00
- Irailak 28: Gaztelekua 23:00-4:00
Aldi berean, herritarrei erantzukizun aktiboa eskatu die gai honekin indarkeria matxistarik gabeko jai berdinzale batzuk izateko.
Trafiko oharrak
Aurten txosnak Plazido Muxika plazan kokatuko dira, eta, ondorioz, irailak 20-30 bitartean bertako aparkelua itxita egongo da.
Errekalde kaleko aparkalekua berriz, irailak 25 – urriak 1 bitartean itxita egongo da barraken ondorioz.
Idiazabal kaleari dagokionean, irailak 27-29 bitartean Itxaspe paretik Kandela tabernaren pareraino itxi egingo da. Bestalde, Etxeberriko biribilgunetik San Joan plazara doan trafikoa Maximo Yurramendi kalera bideratuko da. Arantzubi aldetik San Joan plaza itxita egongo da, San Joan 11 parean. Eta Azkorte kalerako sarrera, Geltoki kaletik egin beharko da behetik gora.
Autobusak
Idiazabal kalean mozketak irauten duten bitartean bi autobus geltoki egongo dira:
- Elkarteen etxearen ondoko biribilgunean.
- ErmotegikoLangardako biribilgune berrian.