Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Urnietako udalaren logotipoa

Mostrar/ocultar men� principal de navegaci�n [eu]

Barruko horrien irudia

Aplikazio habiaratuak

Albisteak

Atzealdea Urnieta jaiez gozatzeko prest

.

2023·09·18


Datorren irailaren 27an, Urnietak hasiera emango die aurtengo herriko festei eta bost egunez jai giroan murgilduta egongo da udalerria. Egun bereziak izan ohi dira Sanmieletakoak, lagunekin, ezagunekin eta herritarrekin egotekoak eta gozatzekoak, hain zuzen. 
Udalak herriko elkarteekin batera lan egin du egitarau zabal eta anitza prestatzeko, mota guztietako ekintzekin. Bada, programa bera eta ospakizunekin loturiko beste hainbat gauza ezagutzera eman dituzte gaur eguerdiko aurkezpen ekitaldian Jorge Segurado alkateak, Ana Pozas Kultura zinegotziak, Ainhoa Ostolaza Berdintasun zinegotziak,  Xabier Arenaza Kultura teknikariak eta Eneko Zulaika Festetako teknikari laguntzaileak.

Agerraldiaren hasieran, Jorge Segurado alkateak esker oneko hitzak izan ditu jaien prestaketan parte hartu duten eragileentzat: “Jai Batzordeari eta udalerriko elkarteei eskerrak eman nahi dizkiet, programatutako jarduerak prestatzen eta diseinatzen buruturiko lanagatik eta egindako ahaleginagatik, beraien ekarpenik gabe ezinezkoa litzateke jaiak modu honetan antolatzea”. Era berean, nabarmendu du aurten ere jardueraz jositako programazioa osatu dela, anitza, integratzailea eta guztiok parte hartzeko aukera eskainiko duena.

Bestalde, jaiegunak alaitasun eta harmonia giroan garatzeko deia luzatu du: “espero dut errespetua, laguntasuna, bizikidetza eta berdintasuna bezalako balioak nagusi izatea, bai urnietarrek eta baita inguruko herrietatik gerturaturiko pertsona guztiek ere jaiez askatasunez gozatzeko aukera izan dezaten. Zentzu horretan argi utzi nahi dut ez dela inolako eraso matxistarik edo arrazistarik onartuko, eta horien aurrean irmo erantzungo dugula beharrezko neurriak hartuz. Kanpaina berezi bat antolatu dugu herritarrekin eta jaietan parte hartze zuzena duten eragileekin kontzientziazio eta prebentzioa lantzeko”.

Omenduak

Programako edukia azaltzen hasita, Ana Pozas kultura zinegotziak kontatu du aurten, protagonismo berezia izango duela Txanbolin Txistulari Bandak, izan ere, eurek izango dute txupinazoa jaurtitzeko ohorea, eta beraiek izango dira baita, aurtengo omenduak ere ”urte hauetan guztietan buruturiko ekarpenagatik eta Urnietako ondare kulturala azaleratu eta aberasteko erakutsiriko konpromezuagatik”. Bere ibilbidean zehar hainbat pieza sortu dituzte Urnietako ondare historikoari lotuta: Eteneta, Mulisko, Idiazabal kalea… Urnietaren sorreraren 400. urteurrenerako abesti bat ere eratu zuten “Urnieta 400” izenarekin. Halaber, herriko hainbat eragilerekin batera, Urnietako historia kontatu zuten 3 antzerki musikatu eratu zituzten: Marizulo (2009), Urnieta ’59 (2011) eta 1936 (2013). Txanbolin txistulari bandak bultzatutako azken lan handia berriz, Sarobe Arte Eszenikoen gunearen 25. urteurrenerako sortutako Soinuen Begiradak (2019) musika, dantza eta ikus-entzunezkoen ikuskizuna izan zen. Bestalde, Pozasek Irati Aierdi eta Asier Montes zoriondu ditu, haurren egunean alkate txiki gisa arituko baitira. 
Halaber, zehaztu du Txosnak kiroldegiaren aurrean kokatuko direla eta barrakak aldiz, Errekalde kaleko aparkalekuan aurreko urtean bezala.

Denetariko jarduerak

Jarduerei dagokienez, kultura zinegotziak azaldu du ikuskizun mordoa izango dela eta denetarik ete denenetzako ekintzak egongo direla. Programatutako kontzertuei erreferentzia eginda, Pozasek nabarmendu du musika mota desberdinetako kontzertuak izango direla entzungai eta zehaztu du, hitzordu guztiak bi espazioetan kokatu direla, Txosnagunean eta San Joan plazan: “Herriko DJ-ak, Nahi Ta Ezin, Lappa, Nemux, Ameba, Leizeak, Rode, Neu, Odei, TOC, Raimundo el Canastero, DJ la Txiringa, Rukula… Ikus daitekeen bezala eskaintza zabala da eta gainera herriko taldeek protagonismo handia izango dute. Horretaz gain bogan dauden talde batzuk zuzenean ikusteko aukera izango da”.

Bestalde, herriko hainbat elkartek antolatutako bazkari eta afari herrikoiek ere garrantzia izango dute: “Ostiralean Denda Berri elkarteak antolaturiko nagusien bazkaria izango da Oianumen eta gauean berriz, Txosna Batzordeak antolaturiko afaria. Larunbatean ostera, hiru aukera izango dira bazkaltzeko. Berdeak taldeak eta Etxeberri Plazako auzo elkarteak Paella jatea prestatuko dute. Hitzordua San Joan plazan izango da eta tiketak aurretik eskuratu beharko dira Guria eta 2KN-n. Txosna batzordeak ere eskainiko du bazkaltzera joateko aukera. Kasu honetan Matxo, Kantoi edo Zaldundegin erosi beharko dira tiketak”. Eta beste aukera bat Emakume kuadrillen bazkarian parte hartzea izango da. Igandean berriz, Kantu-bertso bazkariaz gozatzeko aukera izango da Kantazaunen eskutik. Aurreko urtean antolatu zen estrainekoz ekimen hau eta erantzun ona jaso zuen”.

Pozasek gogorarazi du haurrak ere San Mieletako protagonista izango direla aurten ere: "euren eguna irailaren 28a izango da, ostegunarekin. Lehen aipatu moduan Irati Aierdi eta Asier Montes Alkate txiki izendatuko dira, eta une horretatik aurrera ekitaldiz betetako egunari hasiera emango zaio: ekojolasak izango dira 4 hilabetetik gorako haurrentzat Egape ikastolan goizean eta arratsaldean, haurren kontzejupeko esku pilota txapelketako finalak, buruhandi eta erraldoien kalejira, eta dantza festa, besteak beste. Dantza festa Lorea Intxausti, Asier Burgete eta Joanes Etxebeste Goazeneko partaideek eskainiko dute. 

Herri kirolak eta pilota partidak San Mieletako beste hitzordu garrantzitsu bat izango dira: Irailaren 28an esku pilota jaialdia izango da udal pilotalekuan. Irailaren 29an Nerea Arruti urnietarra zuzenean ikusteko aukera egongo da aizkoran eta harrijasotzen. Beñat Telleriarekin osatuko du bikote eta Xabat Olaizola eta Oihana Fernandez de Barrenarekin neurtuko dituzte indarrak. Malen Etxeberriak bere aldetik, bakarkako saioa gauzatuko du aizkoran. Eta jaietako azken egunean pilota partidak nagusituko dira, izan ere, XIII. Willy Etxeberria zesta puntako memoriala eta XXVII. Martin Mujika Erremonte jaialdia izango dira. Azken honetan Urnietarren parte hartzea azpimarratu behar da, Ansa II-ak, Goikoetxea V-k eta Loitegik jokatuko baitute Azpirozekin batera.

San Mieletako beste egun garrantzitsuetako bat kuadrillen eguna izaten da: “larunbat eguerdiko hamabietan, triki+bertso poteoa abiatuko txosnagunetik eta San Juan plazan bestalde, kuadrillen kalejira hasiko da egun luze bati hasiera emanez. Bizikleta jardunaldiaz, ginkanaz, bazkariez, Urdanborren daborradaz eta kontzertuez gozatzeko aukera izango da egun horretan.

Azken egunean ere hainbat ekintza izango dira eta horien artean Aizkibel harrobiak babesturiko Txekor jate solidarioari egin dio aipamen berezia Pozasek: aurten Amher SOS Arrazakeriak elkartearentzat izango da bertan bildutakoa pertsona migratuen integrazioaren alde eta xenofobiaren eta arrazakeriaren aurkako borrokaren alde egiten duten lanarengatik.

Aurreko asteburua eta Xoxokako festak

Irailean zehar ospakizun dezente izaten dira Urnietan. Pasa berri den asteburuan Etxeberri auzoko festak ospatu dira eta asteburu honetan ere hainbat ekintza izango dira Sanmielei begira herria girotzen jarraitzeko: Extremadurako jardunaldiak, Mendi Film Festibala eta Teresa Amuategiren omenezko parkearen inaugurazioa, besteak beste.

Eta Sanmielak igaro eta gero, urriko lehen astean Xoxokako festek hartuko dute lekukoa. Bertaratu nahi dutenentzat doako autobus zerbitzua eskainiko da urriaren 6an eta 7an. Autobus geltokia Elkarteen Etxearen ondoko biribilgunean egongo da eta ordutegiak ondorengoak izango dira:

  • Urriak 6: Urnieta - Xoxoka 17:45, 20:00 eta 00:45
  • Urriak 6: Xoxoka - Urnieta 20:30, 01:00, 04:00 eta 06:30
  • Urriak 7: Urnieta - Xoxoka 16:30, 20:00 eta 00:45
  • Urriak 7: Xoxoka - Urnieta 20:30, 01:00, 05:30 eta 08:30

Eraso matxistarik gabeko jai askeen alde

Jorge Segurado alkateak prentsaurrekoaren hasieran adierazi duen bezala, Ainhoa Ostolaza Berdintasun zinegotziak berretsi du Urnietako Udalak emakumeen askatasuna eta jaiez gozatzeko eskubidea azpimarratu nahi dituela: “aisialdiaz eta jaiaz askatasunez eta berdintasunez gozatzea pertsona guztiek duten eskubidea da. Jaiek gune segurua eta gozagarria izan behar dute bertan parte hartu nahi duen edonorentzat”. Hala ere, zehaztu du, batzuetan, jaiak mugak urratzen diren gune bihurtzen direla, jarrera onartezinak eta justifikaezinak azaleratuz, desberdintasunak sortuz eta emakumeen askatasuna urratuz: “Bistan da jai giroetan emakumeen aurkako indarkeria matxista kasuak ugaritzen direla”.

Horregatik, Urnietako Udalak jai parekide eta berdinzaleak sustatzeko konpromezua hartzen duela nabarmendu du: “ez da inolako eraso matxistarik edo arrazistarik onartuko, eta horien aurrean irmotasunez erantzungo da beharrezko neurriak hartuz”. 

Helburu horrekin, udalak, hainbat ekintza eta zerbitzu martxan jarriko dituela kontatu du Ostolazak: “kontzientziazioa eta prebentzioa lantzeko, jaietan parte hartze zuzena duten eragileei bereziki zuzendutako kanpaina egingo da”. Jai parekideen formazioa eskaini zen irailaren 13an eta 14ean. Informazio eta arreta puntua ipiniko dira Sanmiel jaietan: “irailaren 27an, San Joan plazan, 18:30-21:30  bitartean eta irailaren 29an eta 30ean,  Zaldundegiko plazan, 23:00-4:00 bitartean. Eta, zoritxarrez, eraso matxistaren bat gertatuko balitz nola jokatu beharko litzatekeen adierazten duen gidatxo bat zabalduko da”. 

Aldi berean, Urnietako herritarren erantzukizun aktiboa eskatu du, eta bereziki gizonena, “matxismoarekin eta horrelako gertaerekin amaitzeko”. Azkenik, guztion lankidetzarekin, jai aske, berdinzale eta indarkeria matxistarik gabeko batzuk bizitzea espero duela adierazi du.

Trafiko oharrak

Aurten txosnak kiroldegiaren aurrean kokatuko dira, eta, ondorioz, irailak 20-urriak 3 bitartean trafiko mozketa izango da Pintore kalean. Aparkaluak berriz, dagoeneko ixten hasi dira.

Idiazabal kalean Zaldundegi plazaren paretik Goimendi pareraino dagoen errepidea berriz, irailak 29-urriak 1 bitartean egongo da itxita. 
Txupinazo garaian eta Mielaren agurrean bestalde, Etxeberriko biribilgunetik San Joan plazarako bidea itxita egongo da. 

Eta barraken ondorioz, Errekaldeko aparkalekuak bihartik aurrera ixten hasiko dira.

Autobus geltokia

Idiazabal kalean mozketak irauten duten bitartean bi autobus geltoki egongo dira:

  • Elkarteen etxearen ondoko biribilgunean.
  • Ermotegiko biribilgune berrian.

DESKARGATU SAN MIEL JAIETAKO EGITARAUA OSOA

 

Banner-a

Youtube osoko bilkura

Jarrai gaitzazu Youtuben

Banner Informazio guztia eskura klik batean

INFORMAZIO
GUZTIA ESKURA
KLIK BATEAN

  Twitter   Facebook   YouTube

Banner Berrittu

AGENDA KULTURALA

AGENDA