Aplikazio habiaratuak
Albisteak
Atzealdea Udalak hainbat ekintza antolatu ditu Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren harira
2023·11·16
Urtero bezala, azaroaren 25ean Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna oroituko dugu. Egun horren harira euskal erakundeek bultzatuko duten kanpainaren barruan, gizartea ohartarazi nahi da gazteen sexu-hezkuntza pornografiaren esku uzteko arriskuaz.
Kanpainaren leloa honako hau da: "Pornoa emakumeen aurkako indarkeriaren eskola bat da", eta zenbait datu nabarmentzen ditu, hala nola:
- Eszena pornografikoen %88,2k emakumeen aurkako indarkeria fisikoa edo hitzezkoa du.
- Pornoarekin lehen kontaktua izateko batez besteko adina 12 urtekoa da.
- Nerabeen % 33,4k uste du pornoak eragin handia duela beren sexu-harremanetan.
Teknologiaren aurrerapenak, interneten nonahikotasunak, eragin du pornografia masiboki hedatzea gure gizartean, dohainik eta 24 orduko eskaintzarekin. Arazoa ez da gazteek eszena sexualak ikustea, indarkeriazkoak baizik, kontsumitzen ari diren pornoa bortitza baita emakumeen aurka. Horrela, pornografia indarkeria-eskola bihurtzen ari da, harremanetan egin behar dutenari buruzko argibide-liburu moduko bat.Pornografia hori imajinario erotiko kolektibo bat eraikitzen ari da, non emakumeen aurkako indarkeriazko jarreren normalizazioa ematen den.
Kanpainak ohartarazten du nagusiki kontsumitzen den pornoaren bidez indartu egiten direla maskulinitate bortitza eta menderatzailea eta feminitate atsegingarria, emakumea kosifikatzen duena, betiere gizonezkoen gozamenaren aginduetara.
Urnietako Udalak ere errealitate hori azaleratu nahi du emakumeen kontrako indarkeriari aurrea hartzeko, eta era berean, gazteek kalitatezko sexu-hezkuntza jaso behar dutela aldarrikatzen du.
Ekintzak Urnietan
Bestalde, ondorengoak dira Udalak antolatu dituen ekintzak Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrrazteko Nazioarteko Egunaren baitan:
- Hitzaldia: “Mujeres mayores y violencia de género”: azaroak 23, 18:30, Lekaio kultur etxea, Areto nagusia. gaztelaniaz.
- Elkarretaratzea: azaroak 25, 12:00, San Joan plaza
- Antzerkia “Menina, soy una puta obra de Velázquez”: azaroak 26, 19:00, Sarobe, gaztelaniaz eta doan. Bertan Lodifobia eta indarkeria matxista lantzen dira. Azaroak 27an eskolentzako saio bereziak ere lotu dira.
- Emakumeen kontrako indarkia matxistaren aurkako KAHOOT-ak eta horma morearen lanketa: azaroak 27, 17:00, Gaztelekua.