Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Urnietako udalaren logotipoa

Mostrar/ocultar men� principal de navegaci�n [eu]

Barruko horrien irudia

Aplikazio habiaratuak

Albisteak

Atzealdea Txanbolin, Urnietan erreferente bilakatu den txistulari banda bizi, aktibo eta sortzailea

.

2023·10·06


Txanbolin Txistulari Bandarentzat urte berezia da aurtengoa, izan ere, 50 urte betetzen dira bere sorreratik. Banda bizi, aktibo eta sortzailea da Txanbolin, Urnietarentzat erreferente bihurtu dena eta herriko ondare kulturala zabaltzeko eta aberasteko lan bikaina burutu duena.

Justo Egaña eta Antton Jauregi izan dira bandaren gidariak eta biek ondo gogoan dituzte hastapenak. Egaña irakaslea (azkoitiarra jaiotzez) Urnietara etortzearekin batera ikasle talde bati txistua jotzen erakusteko erabakia hartu zuen eta ikasle horietako bat izan zen Jauregi: “nik orduan 9-10 urte izango nituen. Garai hartan futbola bakarrik nuen buruan, baina lagun batzuk hasi zirelako apuntatu nintzen. Lehen azterketan uso zuriaren lehen zatia perfekto jo nuen, Justok jarraitzeko esan zidan eta ez nekiela esan nion, ez bainuen ikasi” kontatzen du Jauregik. “Halere, Justo harrituta geratu zen eta ni jabetu nintzen musikarako dohain bat nuela. Justorengatik izan ez balitz ni ez nintzen musikaria izango, nik asko zor diot Justori. Guztion bizitzetan bidegurutzeak daude eta hori izan zen nirea”. 

Txanbolinen izena nondik datorren galdetuta, Egañak eman du azalpena: “nire solfeo irakaslea Txanbolin familiakoa zen eta horregatik jarri nion bandari izen hori”. Urnietan lehen aldiz kalera irten ziren aldian gertaturikoa ere ekarri du gogora: “balkoietatik dirua botatzen ziguten, santa eskean izango bagina bezala. Nik uste dut jendearentzat oso gauza ilusionantea izan zela”.

Ibilbidea

Lehen aldi hartatik aurrera beste hamaika etorri ziren eta urnietar guztiek gozatu dute haien dianez, kalejirez eta eskaini dituzten kontzertuez. Baina Txanbolin ez da ohiko txistulari banda bat izan eta bere jarduna askoz haratago eraman du: “beti argi izan dugu kultur mailan herriari ekarpena egin nahi geniola gure neurrian, ondare bat sortu behar genuela, eta nahiz eta musikari handiak ez izan ekarpen garrantzitsuak egin ditugula iruditzen zaigu” adierazten dute. Urnietan kontzertu herrikoiak antolatzen zituzten, baina ez zitzaien gehiegi gustatzen hor zegoen formatua, txistulariena eta boskotearena, hain zuzen, eta aldatu egin zuten. “Gitarra, akordeoia eta baxua sartu genituen eta guk nahi genituen gauzak egiten hasi ginen”. Hala, Euskal Herriko lurralde bakoitzari ikuskizun bana sortu zioten. “Gipuzkoa izan zen egin genuen azkena. Ondoren, Urnietarekin zerbait egitea pentsatu genuen eta horrela etorri ziren Urnietako historia kontatu zuten 3 antzerki musikatuak; Marizulo (2009), Urnieta 59 (2011) eta 1936 (2013)”. Herriko beste hainbat eragilek ere parte hartu zuten ikuskizun horietan eta emaitza ikusgarria izan zen. “Urnietan Edu Muruamendiarazen eta Egape Dantza Taldearen bidez duguna ez dago leku askotan, plus ikaragarria da. Antzerki munduan Mikel Agirregomezkorta dugu, Luis Mari Zalduak ekarpen handia burutu zuen eta musika aldetik guk ahal duguna egiten dugu”. 

Antzerki horiek inflexio puntu bat izan zirela adierazten du Jauregik: “Horrelakorik ez zuen inork espero. Xabier Letek lehen ikuskizuna ikusitakoan “lortu ditek” esan zidan. Hau da, ez zuen espero, harrituta geratu zen. Halere, niretzat bigarrena eta hirugarrena hobeak izan ziren”. 

Jauregik azpimarratzen duen beste aurrerapauso garrantzitsu bat konposizio aldetik emaniko jauzia da: “lehen bi ikuskizunetan musikari bati eskatu genion musika sortzea, baina gero guk egitea pentsatu genuen eta Xabier Ubillos eta ni gauzak sortzen hasi ginen. Oso desberdina da interprete izatea eta konposizioan parte hartzea. Normalean txistulari batek ez du ematen pauso hori eta nik ere ez nuen uste ezer sortzera iritsiko nintzenik, baina lortu dugu, eta gauza nahiko duinak egin ditugula uste dut”. Justok gehitu du produktua bertakoa izateak balio handia duela.

Txanbolinek bultzaturiko azken lan handia Soinuen Begiradak (2019) izan zen, Sarobe Arte Eszenikoen Gunearen 25. urteurrenerako sortua. Ikuskizun horiekin guztiekin herri sentimendua indartzen dela diote: “horrelako proiektuetan parte hartzen duzunean harreman sareak sortzen dira eta oso polita da”.

Egindako ibilbidea eskertzeko eta balioan jartzeko Udalaren omenaldia jaso zuten Sanmiel jaietan, eta beraiek izan zuten txupinazoa jaurtitzeko ohorea ere. “ilusioa egiten dute horrelako aitortzek. Guk beti sentitu izan dugu Udalaren konfiantza, bai orain eta baita lehen ere. Beraiek badakite zerbait egiten dugunean benetan eta ondo egiten dugula”. Herritarrengandik jasotako hitz politak ere eskertzen dituzte: “Jendeak gure lanak entzundakoan eta zein polita esaten dutenean asko betetzen gaitu. Eta beste herri batera joan eta gure pieza bat jotzen ari direla esaten dizutenean ikaragarria da. Gauza horiengatik merezi du egindako lan guztiak”.

Urriak 20, 21 eta 22

Bere izaerari jarraiki, Txanbolinek lanean segitzen du, eta, orain, 50.  urteurrena ospatzeko antolatzen ari diren ekintzetan burubelarri murgilduta daude. Ikuskizun nagusia urriaren 21ean izango da larunbatarekin. “Jendea aurreiritzirik gabe etortzea gustatuko litzaiguke. Formatu aldetik berezia izango da, ez da txistu kontzertu bat izango, Hernaniko preludioaren antzeko zerbait izan daiteke” azaltzen du Jauregik. “50 musikari inguruk parte hartuko dute, tartean musika eskolakoak. Kantua ere izango da jende potentearekin: Ana Pozas, Aitor Unanue eta Xabi San Sebastian. Txistularien artean berriz, Garikoitz Mendizabal etorriko da, dagoen onena, eta danborradak ere parte hartuko du. Dantza aldetik berriz, 100 inguru izango dira eta oso aberatsa izango da. Bestalde, pantaila bat egongo da argazkiekin eta antzerkien bideo zatiekin, joko diren piezak kokatzeko. Pieza horietako batzuk mendi ingurukoak izango dira, beste batzuk herriarekin lotura dutenak eta gerrarekin loturikoak ere bai. Eta aurkezleak txistulari izandako Beñat Lizaso eta Maixa Lizeaga izango dira. Polita izango da eta hainbat sorpresa egongo dira”. 

Hitzordua San Joan plazan izango dela aurreatu du Jauregik: “ni txikia nintzenean gauzarik garrantzitsuenak plazan egiten ziren. Azken urteetan ekintzak sakabanatu egin dira eta plazak izaera, xarma edo indar hori galdu du, eta argi genuen hor behar zuela. Espero dezagun eguraldiak laguntzea eta dena ondo irtetea”. Horretarako asko entseatzen ari dira: “sekula ez dugu horrelako prestakeraik egin, lan karga ikaragarria izaten ari da” azaldu du Egañak.

Urriaren 20an aldiz, kantu saio bat izango da. Landarbaso abesbatzako Manexek, Kantazaunek eta herriko ikasleek parte hartuko dute. Ondoren kantujira bat egingo da. Eta urriaren 22an, azkenik, Euskal Herri osoko txistulariak konbokatuko dituzte kalejira erraldoi bat egiteko.

Etorkizuna

Etorkizunari buruz galdetuta ostera, Txanbolinek urte luzez bidea egiten jarraitzea espero dute, baina alternantzia behar dela dio Jauregik: “Justorekin egon naiz zuzendaritzan urte asko, orain bakarrik nago eta urte batzuk barru ardura beste batek hartu beharko duela iruditzen zait, eta nik jotzen segi”. 

Banner-a

Youtube osoko bilkura

Jarrai gaitzazu Youtuben

Banner Informazio guztia eskura klik batean

INFORMAZIO
GUZTIA ESKURA
KLIK BATEAN

  Twitter   Facebook   YouTube

Banner Berrittu

AGENDA KULTURALA

AGENDA