Aplikazio habiaratuak
Albisteak
Atzealdea Pipper, pet friendly lekuak ezagutzera ematen dituen Urnietan jaiotako txakur influencerra
2023·04·04
Pipper, bere gizakiarekin batera, Pablo Muñoz Gabilondo kazetari donostiarrarekin, pet friendly lekuen adibide onenak aurkitu eta mundu guztiaren eskura jartzen saiatzen den txakur bidaiaria da, txakurrak dituzten familiek eta pertsonek haien maskotekin bidaiatzeko zer aukera dituzten jakin dezaten.
“Txakur edukatuak ongi etorriak” lelopean, Espainiako 100 leku esanguratsuenak bisitatu dituzte, eta horietako bakoitzean erreportaje bat egin dute turista gisa izan duten esperientzia azalduz: “erakusten dugu non hartzen dugun ostatu, non jaten dugun, zer plan egiten ditugun... Pandemiaren ondorioz, txakurrak dituzten familien konpurua handitu egin da, eta etxeen %40k maskota bat dute jada”. Muñozen hitzetan “txakurrak familiako kide bat gehiago dira. Konpañiako animalia zaindu eta hezi bihurtu dira. Jendeak bere maskotarekin bidaiatu nahi du, eta horregatik da gero eta turismo nitxo handiagoa. Maskoten etorkizun integratzaileago baterantz joateko eta espazio publikoak egokitzen joateko lan egiten dugu”. Horretarako, eta gizartea norabide horretan ibil dadin, azpimarratu du funtsezkoa dela jabeen erantzukizuna eta txakurrek toki bakoitzeko arauak errespetatuz jarrera egoki bat izatea (elkarrizketaren erdian, Pipperrek zaunka txiki bat egiten du bilduta gauden tabernan, eta Muñozek puntu lasaiago batera mugitzeko eskatzen digu, Pipper asalda ez dadin eta berriro zaunkarik egin ez dezan).
Urnietatik mundura
Muñozek ibilbide luzea egin du kazetari gisa Donostia eta Madril artean. Duela urte batzuk, Borda Txikin bizi izan zen, Urnietan, lagun baten etxean, eta bertan jaio zen Pipper 2016ko maiatzean. Parson Russell Terrier arrazako txakurra da, eta kazetariak dioenez, “haurtzaro perfektua izan zuen animaliekin eta amarekin. Pipperrek enarak jarraitzen zituen, ponniekin jolasten zuen...”.
Muñozek txakur baten ardura hartzen zuen lehen aldia zen, eta Pipperrekin mugitzen hasi zenean, zituen mugez ohartu zen: “ezin nintzen berarekin jatetxe edo tabernetara joan, eta ezin nintzen autobus batean sartu”. Gauzak horrela, Espainiari buelta ematea eta proiektua martxan jartzea pentsatu zuen.
Oihartzun handia hasieratik
Ekimena arrakastatsua izan zen hasieratik, eta Muñozek berak aitortu du ezustean harrapatu zuela: “zerbait berria zen, eta nik uste nuen nolabaiteko oihartzuna izango zuela, baina ez izan duen guztia, ezta hain azkarra ere. Pipperren Espainiako Itzulia aurkeztu genuen 2018an, eta egun horretan bertan eman zuen albistea Espainiako Telebistako telediarioak. Handik bi egunera, Matias Pratsen albistegian azaldu zen, Antena 3n, ikaragarria izan zen. Gogoan dut halaber, itzuliaren bigarren geralekua Zamora izan zela, eta gu kotxetik jaitsi ginenean jendeak Pipper ezagutzen zuela, harrigarria benetan”.
Abenturari ekin ziotenetik hainbat lan egin dituzte. Espainiako Telebistan “Pipper en ruta” programa grabatu dute, “España con perro” liburua argitaratu dute eta baita bi komiki ere. Gainera, Pipper oso ezaguna da sare sozialetan; Instagramen, adibidez, 87.000 jarraitzaile baino gehiago ditu.
Muñoz oso pozik dago egiten ari diren ibilbidearekin, eta adierazten du atseginena dela pertsona askorentzat lagungarriak direla jakitea: “dezente idazten digute. Guri esker zenbait plan egin dituztela esaten didate sarritan, eta horrek asko asebetetzen nau”.
Bisitatu dituzten leku guztietatik, batzuek onerako harritu dute, eta beste batzuetatik, aldiz, desengainatuta atera da, alde handiak baitaude leku batetik bestera: “Donostia oso ondo dago, hemen leku askotara joan zaitezke txakurrarekin. Alba de Tormes, Salamancako herri txiki batek pet friendly bisitarien aldeko apustua egin du, monumentu gehienak txakurrak dituzten bisitariei irekiz. Gainera, ostalaritzarekin hitz egin dute, maskotak onartzeko duten eskubidearen berri emateko. Vilvestrek ere pozarren harritu ninduen. Balantzaren beste aldean Kanariak kokatzen ditu, maskotekin sentsibilitate gutxien duen tokietako bat bezala definitzen dituena: “Las Palmas de Gran Canarian debekatuta dago zure txakurrarekin itsas pasealekuan paseatzea, Las Canteras pasealekuan. Ikaragarria da, ez dizute txakurra lotuta ere eramaten uzten”.
Europako egoerari dagokionez, Frantzia, Alemania, Britainia Handia eta Italia bezalako herrialdeak aurreratuago daudela kontatzen du: “Italian salbuespena debekatzea da, normalean txakurrak ongi etorriak izaten dira. Han supermerkatuetara ere sar zaitezke eta toki batzuetan karroak egokituta daude. Frantzia ere aurreratuago dago garraioan eta jatetxe-arloan. Gu atzerago goaz, baina pauso sendoz. Datu bat ematearren, duela hiru urte egin nuen ikerketa batean Espainiako merkataritza-guneen %30ean sar zitekeen maskota batekin, orain %50era igo da portzentaia, beraz, aurrerapauso esanguratsua eman da”.
Bizitza eta abentura laguna
Pipperrek eta Muñozek hamaika esperientzia bizi izan dituzte urte hauetan guztietan, eta bien artean oso harreman berezia sortu da. Bere txakurra ikustean sentitzen duenari buruz galdetuta hau da kontatzen duena: “nire bizitza eta abenturako laguna da, ezin dut deskribatu sentitzen dudana, ikaragarria da”.
Etorkizunari begira dituzten proiektuei dagokienez, Italiara, Frantziara eta Alemaniara joatea gustatuko litzaiokeela azaldu du, baina ez du argi zein formatutan. Halaber, Pipperren komikiak berrabiaraztea du helburu, “hezkuntza-komunitatera gehiago irits daitezen, eta modu egituratuagoan, ikastetxeetan hezkuntza-plan moduko bat egon dadin”.
Pipper Borda Txikin eta Pablorekin