Edukira joan

Urnietako udalaren logotipoa

Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]

Habiaratutako portletak
Albisteak
Atzealdea

Nerea Arruti: “badakit nire lehen urtea dela, baina nire asmoa Pentatloia irabaztea izango da”.

.

2022·04·07


Nerea Arruti urnietarra lehiaketak eta erronkak maite dituen kirolari amorratua da. Judoan maila altuan aritu zen urte askoan, El Conquistador saio entzutetsuan parte hartu zuen iaz, eta, berriki, Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketa irabazi du. Orain berriz, Pentatloia du begiz jota.

Nerea Sorondorekin batera Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketa irabazi zenuen Azpeitian. Zer sentitu zenuen?

Lasaitasuna. Nire lehen txapelketa zen aizkoran, Nerea Sorondo txapelduna da eta presio handia nuen irabazi egin behar genuelako. Halere, gozada bat izan zen berarekin bikote osatzea.

Finalerdia Urnietan jokatu zen. Berezia izango zen herritarren aurrean lehiatzea.

Jende ezaguna ikusten hasi nintzen eta normalean baino urduriago jarri nintzen. Momentu batean aizkorak alde egin zidan, hori ez zait inoiz gertatu entrenamenduetan. Dena den, jarraitu egin nuen, kanporaketa irabazi genuen eta ondo amaitu nuen.

Noiz eta nola hasi zinen aizkoran?

Orain dela 5 hilabete inguru hasi nintzen. Nik crossfit-a egiten dut. Egun batean Gipuzkoako harri eskola etorri zen erakustaldi bat egitera, harria probatu genuen, eta beraiekin joateko esan zidaten. Betidanik izan dut buruan pentatloia egitea eta galdetu egin nien momentu egokia zela ikusi nuelako. Pentatloian 5 lan egin behar dira, aizkora, harria, txingak, giza proba eta korrika. Gabriel Saralegirekin entrenatzen hasi nintzen eta aizkoran zentratu gara, niretzat lanik zailena delako eta hor markatzen delako diferentzia handiena. 

Aizkoran alderdi fisikoaz gain, teknikoak garrantzi handia du.

Teknika da garrantzitsuena. Nahiz eta indarra eta fisiko on bat izan, teknikarik ez baduzu ez duzu ezer egingo. Nik hasieran oso gaizki ikusten nuen nire burua, segurtasunik gabe, baina pixkanaka gero eta hobeto nabil. Entrenamenduetan emandako maila plazan ematea da helburua. Horregatik hartu nuen parte binakako txapelketan, ohitzen joateko. Orain, banako aizkora txapelketan parte hartuko dut.

Noiz jokatuko da Pentatloia? Eta zein izango da zure helburua?

Ekainean izango da binakako txapelketa eta irailean banakakoa. Oraindik ez naiz denborak kontrolatzen hasi, baina nire helburua beti izaten da dudan guztia ematea eta irabaztera joatea. Badakit nire lehen urtea dela baina nire asmoa Pentatloia irabaztea izango da. Gero lortzen ez badut ez da ezer pasako, baina hori da nire mentalitatea.

Aurretik urte mordoa aritu zinen judoan eta oso maila onean gainera.

Mari Jose Sardon izan zen nire entrenatzailea. Hasieran, Urnietan entrenatzen nuen, eta, gero, Usurbilera joaten hasi ginen maila handiagoaren bila. Madrilera ere joaten nintzen entrenatzera Espainiako selekzioarekin eskolako egun batzuk galduta. Esperientzia politak bizi izan nituen.

Eta emaitza onak lortu ere bai. Txapelketaren bat gogoratzen duzu bereziki?

Europako Kopa bat irabazi nuen Coimbran, oso berezia izan zen. Frantzian ere irabazi nuen txapelketaren bat eta Espainia mailan normalean bigarren-hirugarren postuetan ibiltzen nintzen.

Beste erronka garrantzitsu bat El Conquistador telebista saiokoa izan zen.

Esperientzia polita eta desberdina izan zen. Jende oso gutxik du horrelako esperientzia bat bizitzeko aukera. Nire lagun batek animatu ninduen izena ematera. Korrika egindako bideo bat grabatu genuen eta berak bidali zuen. Ez nuen uste deituko nindutenik.

Esperientzia gogorra izango da ezta?

Telebistan ikusten dena baino askoz gogorragoa da. Jan gabe eta lo egin gabe egotea ez da batere erraza, moskitoek pilo bat pikatzen dute eta ordu asko pasa behar dira ezer egin gabe. Psikologikoki ondo prestatuta egon behar da. Nire kasuan gainera, esperientziaren azken partea oso gogorra izan zen. Papiloma bat izan nuen hirugarren egunetik eta sentsazio gazi-gozoarekin irten nintzen. 

Beraz, lesioak asko baldintzatu zintuen.

Bai. Programako lehen faseko taldekako probetan sufrituta bada ere maila ona eman nuela uste dut. Telebistan, han gertatzen denaren zati txiki bat ikusten da soilik eta jendea horrekin geratzen da. Eman zuen sentsazioa da min pixka batekin utzi nuela programa, baina arazoa handia zen eta okerrera zijoan. Itzulitakoan ia 3 hilabete egon nintzen ia ezer egin gabe papilomak nerbioa hartu zidalako. Podologoak esan zidan aberia handia zela. Pena eman zidan ilusio handiarekin eta asko entrenatuta joan nintzelako eta nire burua ondo ikusten nuelako.

Esan ohi da parte hartzaileak betiko markatzen dituen esperientzia bat dela.

Jende asko ezagutzeko balio izan zidan eta gure artean harreman berezia sortu da. Askotan hitz egiten dugu oraindik eta noizean behin geratzen gara. Horretaz gain, hemen ditugun gauza guztiak gehiago baloratzeko balio du: familia, lagunak eta erosotasun guztiak.

Emakume erronkazalea izanda zer irudikatzen duzu etorkizunari begira?

Momentuz Pentatloian zentratuta nago, gero ikusiko dugu.


Banner-a
Web edukia bistaratu

Jarrai gaitzazu Youtuben

Web edukia bistaratu

INFORMAZIO
GUZTIA ESKURA
KLIK BATEAN

  Twitter   Facebook   YouTube

Web edukia bistaratu
AGENDA KULTURALA

AGENDA