Aplikazio habiaratuak
Albisteak
Atzealdea Mikel Ormazabal: "jendearengandik gertu dagoen apaiza izatea gustatuko litzaidake, kalitatezko denbora eskaintzen duena".
2023·11·10
Irailaz geroztik herriko apaiz berria da Mikel Ormazabal. Udala berarekin bildu da hurbilagotik ezagutzeko. Lan egiteko gogoz eta ilusio handiarekin dagoela kontatu digu.
Nor da Mikel Ormazabal? Aurkeztu zaitez.
28 urte ditut eta hiru anaien artean bigarrena naiz. Eibarren jaio ginen, baina txikitan Donostiara etorri ginen bizitzera, Antiguo auzora. Marianistasen ikasi nuen eta gero Erainen (Gaintxurisketako gaina). Batxilergoa amaitu nuenean seminarioan sartu nintzen eta 6 urteko giza heziketa, prestakuntza filosofikoa, teologikoa eta espirituala izan nituen. Diakono egin nintzen 2019an eta apaiz 2020an. Diakono bezala hasi nintzen (apaizaren aurreko egoera) Hondarribian eta Irunen. 4 urte eman nituen duela gutxi gotzainak Urnietako eta Astigarragako erretore berria izateko eskatu zidan arte.
Beraz, zure lehen esperientzia da apaiz gisa.
Bai, eta oso erantzukizun handia da hain mutil gazte batentzat, baina gogoz eta ilusioz nago. Oraindik gauza asko ditut ikasteko, baina Jainkoari esker oso talde ona daukat inguruan. Parrokiak indarra dauka hemen, espero baino gehiago.
Zer gustatzen zaizu egitea zure denbora librean?
Kirolzale amorratua naiz. Ikustea eta praktikatzea gustatzen zait. Egunero korrika egiten saiatzen naiz. Eta ikusteko tenisa eta futbola gustatzen zaizkit bereziki. Irakurtzea eta lagunekin egotea ere atsegin dut; hitz egin, garagardoren bat hartu, bazkalondoak... Pertsona normalak eta lagunkoiak gara, baina Jainkoari emateko dei berezi batekin.
Zer moduz lehen hilabeteak?
Irailaren 1ean hasi nintzen Urnietako erretore bezala, baina parrokiako sarrera ofiziala 16an izan zen. Iritsi aurretik, Xabierrek, aurreko apaizak, parrokiako jendea ezagutzeko aukera eman zidan. Asko laguntzen didate gauza guztietan, oso eskertuta nago.
Garaiz iritsi zinen herriko jaiez gozatzeko.
Jaiak baino lehen iristeak herriko jendea eta bertako tradizioak ezagutzeko aukera eman zidan. Jubilatuen bazkarian egon nintzen eta plazan egindako bazkariaren postrera gonbidatu ninduten. Horrek lagundu dit Urnietako bizitzan barneratzen.
Zein dira zure zereginak?
Ni Urnietara arratsaldeetan etortzen naiz, goizetan Astigarragan egoten naiz. Urnietan, 19:00etan Santa Leokadian ospatzen den eguneroko mezari, katekesiari, Caritasen bitartez behartsuei arreta emateari, parrokiako ondarearen eta ekonomiaren kudeaketa eramateari, laguntza espiritualari... eskaintzen diot denbora. Goizetik gauera oso bizitza mugitua dut, baina bokaziozkoa da.
Zer mugimendu dago Urnietan elizaren inguruan?
Eguneroko mezetan 7-8 pertsona inguru elkartzen gara. Igandeetan 200 lagun inguru etortzen dira, eta katekesietan, berriz, ikasturte bakoitzean haur talde handi bat izaten dugu, 12 eta 13 inguru ikasturte bakoitzean.
Zein da elizara joaten diren pertsonen profila?
Batez besteko adina altua da eta profil klasikoa jubilatuarena da, baina haurrekin datozen 3-4 familia gazte ere baditugu. Adibidez, hemen eliz mutilak daudela eta normalean etortzen direla ikusi dut. Adin-profil bat izateak ez du esan nahi hasiera batean espero genituzkeenak baino gehiago diren salbuespenak ez daudenik.
Erretoreen adina ere nahiko altua da, zu gazteenetarikoa izango zara.
Elizbarrutian 28 urteko 3 apaiz gaude eta gazteenak gara. Aurten, 15 erretiro aurreikusten dira eta apaizen batez besteko adina 74 urtekoa dela uste dut. Apaizek 75 urterekin hartu ohi dugu erretiroa.
Noiztik duzu apaiz izateko bokazioa?
Familia kristau batean jaioa naiz eta horrek bokazioa modu naturalean garatzen laguntzen du. Ez dut gogoratzen nire etxea igandero elkarrekin otoitz egiteko mahai baten inguruan bildu gabe. Jainkoak esaten ziguna entzuten ikasten genuen, eta, baita, berari hitz egiten ere. Gogoan dut txiki-txikitatik (7-8 urte) Jainkoari emateko nahia dudala. Eta hori pixkanaka forma hartzen joaten da.
Nola hartu zuen zure inguruak apaiz izateko erabakia?
Bitxia bada ere, aitari kostatu egin zitzaion, baina orain oso pozik dago. Ni edozein karreratako ikasle bikain bat izatea nahi zuen eta.... Jendeak, oro har, ondo hartzen du.
Eliza gizartearen erritmoan eboluzionatzen ari da?
San Agustinen esamolde batek dioenez, elizak beti egon behar du eraberritzen, eta hori ondo ulertuta, nire ustez, sustraietara itzultzea bezala da, Jesusen ebanjeliora itzultzea, eta, nire ustez, elizaren aurrera egiteko moduak hori izan behar du.
Sare sozialak erabiltzen dituzue?
Posta elektronikoa badugu, baina sare sozialik oraindik ez, nahiz eta buruan dudan. Web atari bat ireki eta sare sozialetan egotea gustatuko litzaidake.
Zertan utzi nahi zenuke zure arrastoa?
Jendearengandik gertu dagoen apaiza izatea gustatuko litzaidake, kalitatezko denbora eskaintzen duena. Apaiz hurbila izatea. Egin dudan gauzetako bat izan da nire telefono zenbakia jartzea parrokiako sarreretan, nahi duenak nirekin harremanetan jarri ahal izan dadin.