Mikel Agirregomezkorta: “antzerkia oso tresna baliagarria da zure burua hobeto ezagutzeko”
2022·01·11
Mikel Agirregomezkorta pertsona ezaguna da Urnietan, izan ere, urte luzez Egape ikastolako soinketako irakaslea izan zen, eta halaber, Udal Antzerki Tailerra gidatzen du bere sorreratik. Horretaz gain, “Marizulo”, “1936” eta “Urnieta 59” ikuskizun arrakastatsuak zuzendu zituen.
Aspalditik dago antzerkigintza munduari lotuta eta herrian bertan bere zaletasuna garatzeko eta proiektu polit bat aurrera eramateko aukera izan du.
Nola barneratu zinen antzerkigintzan?
1996an EHU-n antzerkigintzari buruzko graduondoko batean izena eman nuen. Bi urte iraun zituen. Oso ikastaro sakona izan zen eta gauza asko ikasi nituen. Hortik aurrera, beste hainbat ikastaro egin nituen. Esaterako, 1999an Italiara joan nintzen 3 hilabetez artearen komedia ikastera.
Ikastaro horiek antzeztera bideratuta zeuden, eta, orain, berriz, zuzendari lanetan diharduzu.
Nire zuzendari lanak Marizulorekin hasi ziren 2008an. Txanbolin elkartekoek bultzatu zuten proiektua eta Antton Jauregik ikuskizuna zuzentzea proposatu zidan. Oso erronka potentea izan zen, nire lehen aldia zuzendari moduan. Gero, “1936” eta “Urnieta 59” egin genituen.
Zein desberdintasun dago aktore eta zuzendari izatearen artean?
Niretzat oso inportantea da non zauden jakitea. Antzezlea bazara zuzendariak ikusitakoaz eta esandakoaz fidatu behar duzu, kaso egin behar diozu. Zuzendaria bazara berriz, antzezlanak dituen arlo guztiak kontrolatu behar dituzu, antzezleak, eszenografia… Bestalde, zuzendari batek, aktore bakoitzari zukua ateratzen jakin behar du.
Zein aldetan egotea duzu nahiago?
Hasieran antzezle moduan egin nuen zerbait, eta batzuetan faltan botatzen dut paper hori. Dena den, zuzentzeko dinamika hartua dut eta oso gustura nago.
Noiz eta nola sortu zen Antzerki Tailerra?
“Marizulo” izan zen oinarria eta motorea. Aurretik ahalegin batzuk egin genituen, baina ez zen posible izan. Marizulo oso potentea izan zen herriarentzat. Jende askok parte hartu zuen, aktoreak, dantzariak, musikariak… herri mailan energia handia sortu zen, eta hori aprobetxatuz berriro izena emateko epea zabaldu zen eta jendea apuntatu egin zen. Batzuk Marizulon parte harturikoak eta beste batzuk berriak.
Zure lanik kuttunena dela esan daiteke?
Bai. Herrian gehiago integratzeko eta parte hartzeko balio izan zidan. Beste jende askok ere gauza bera esan zidan, oso une magikoa izan zen.
Ikuskizun bat prestazeak lan handia eskatzen du, eta, beraz, estreinaldiak tentsio handiko momentuak izango dira ezta?
Ni saiatzen naiz urduritasun guztiak kentzen, lanak eginda iristea gustatzen zait, nahiz eta sekula ez den dena amaitzen. Niretzat ibilbidea da garrantzitsua azken emaitzaz haratago.
Zer baloratzen duzu lantaldetik eta ikusleengandik?
Jendea gure ikuskizunak ikustera etortzea oso pozgarria da. Eta lantaldetik berriz, egiten duten lana eta jendearen disposizioa asko baloratzen dut.
Zein da Antzerki Tailerraren funtzionamendua?
Bi fase daude. Lehenengoan ariketak egiten dira, jendeak beharrezko tresnak eskuratu ditzan ondoren antzeztu ahal izateko. Eta gero, muntaketa egiten da kurtso amaierako aurkezpenari begira.
Zein profiletako jendeak parte hartzen du?
Multzo finko bat dago, tailerrera nahiko lotuta dagoena. Eta gero urtero batzen da pertsona berriren bat. Gehienak emakumeak izan ohi dira, baina aurten nahiko orekatuta dago, 10 pertsonek izena eman dute.
Edonork parte hartu dezake?
Bai. Lotsa galtzeko balio du antzerkiak. Tresna oso baliagarria da zure burua hobeto ezagutzeko. Zentzu horretan asko gustatzen zait Eusebio Calongeren esaldi hau: guk ez dugu antzerkia egiten, antzerkia da gu egiten gaituena.
Ibilbide polita egiten ari da Antzerki Tailerra.
Gustura eta harro nago egindako ibilbideaz. Dena den, beste pauso bat ematea gustatuko litzaidake bi maila desberdin sortuz. Bat hastapenekoa eta bestea berriz, sakonagoa. Horretaz gain, gustatuko litzaidake egindako lanek zabalkunde handiagoa izatea eta beste herri batzuetan erakusteko aukera izatea.
Beste pauso hori emateko eta jende gehiago animatzeko zein mezu bidaliko zenieke urnietarrei?
Proba dezatela, oso giro ona dugu eta primeran pasatzen dugu. Jolasteko gogoa duten pertsonak animatuko nituzke, haurtzaroko freskotasuna berreskuratzeko balio du, ahaztuta dugun alde hori ateratzeko.