Mendi Film Festival-eko onenaz gozatzeko aukera Urnietan
2021·09·15
Mendi Film Festival mendia, abentura eta natura uztartzen dituen zinema jaialdia da. Urtetik urtera bere ospea handituz joan da, arlo horretan munduko onenen artean lekua egitea lortu eta erreferente bihurtu arte.
Urnietako Udalak Zanpatuz mendi elkartearen laguntzarekin Mendi Film festival-eko onena herrira ekartzea lortu da. Hala, irailaren 23an Saroben ondorengo 5 proiekzio hauek ikusteko eta istorio izugarriak ezagutzeko aukera izango da 19:00etatik aurrera.
Emanaldiak jatorrizko hizkuntzan izango dira, baina azpitituluak euskaraz eta gaztelaniaz egongo dira. Sarrera doakoa izango da eta Sarobeko bulegoetan eskura daiteke astelehenetik ostiralera 9:00-13:00 eta 16:00-18:00 bitartean. Online ere erreserbatu daiteke.
CHARGE 2
2020, Kanada, 4 minutu
Zuzendaria: Anthony Bonello
2020ko MF-eko sail ofiziala
Sinopsia: Stan Rey, Leah Evans, Alexi Godbout, Josh Daiek eta Drew Petersen puntako freeskierrak dira. Columbia Britainiarreko Monashee mendien iparraldean astebeteko catskiing jarduera eroa osatuko dute; hau da, malda liluragarrien bila elur-makinekin ibiliz. Pizgarri bezala, taldeari Jordan Temkin batuko zaio, bitan munduko drone gidari txapelduna izandakoa, eskiatzaileen jarduna irudietan biltzeaz arduratuko dena.
ATERPEAN ATERI
2020, Espainia, 5 minutu
Zuzendaria: Ruben Crespo Perez
2020ko MF-eko sail ofiziala
Sinopsia: Covid-19aren osasun krisiari aurre egiteko itxialdia ezarri da, eta Mikel Sarasola kayak gidaria eta abenturazalea monotonia behartuan murgilduta dabil eguna joan eguna etorri. Ezohiko egoera horri aurre egiteko lagungarri zaizkio iraganeko oroitzapen onak eta abentura berrietan pentsatzeak pizten duen ilusioa.
THE WURL
2020, Kanada, 15 minutu
Zuzendaria: Anthony Bonello
2020ko MF-eko sail ofiziala
Sinopsia: “Wasatch Ultimate Ridge Linkup” (WURL) mendiko lasterketa gogor baten izena da, Salt Lake Cityko (Utah, AEB) erdigunetik ikus daitekeen 58 kilometroko mendi gandor amaigabea osatuz egin ohi dena, uda sasoian. Mali Noyes eta Lani Bruntz prest agertu dira, eskiekin lagunduta, WURLeko ibilbidea neguan burutzen duten lehenak izateko.
MYRTLE SIMPSON: A LIFE ON ICE
2019, AEB, 34 minutu
Zuzendaria: Leigh Anne Sldes
2020ko MF-eko sail ofiziala
Sinopsia: Eskalatzailea, esploratzaile polarra, abenturazalea, idazlea eta lau seme-alabak bere muturreko bidaietara eramaten zituen ama, hori guztia da aldi berean Myrtle Simpson. Groenlandiako izotz geruza eskietan gurutzatu zuen lehen emakumea bihurtu zen 1965ean. Spitzbergen, Groenlandia, Ipar Poloa, Eskoziako Lurralde Garaiak, Zeelanda Berria, Peru… Mundu osoan barrena bere arrastoa zabaldu duen emakumea da.
FREE AS CAN BE
2020, AEB, 31 minutu
Zuzendaria: Samuel Crossley
2020ko MF-eko Eskaladako Film Onena
Sinopsia: Jordan Cannon eskaladaren historiarekin maiteminduta dagoen eskalatzaile gazte bat da eta, halako batean, miresten duen legenda handi bat ezagutuko du: Mark Hudon, Yosemiteko horma handietako eskalatzaile aitzindarietako bat. Erronka baten inguruan batu eta sokakide bihurtuko dira: El Capitan-eko "Freerider" bide mitikoa eskalatu nahi dute, era askean. Cannon gazteak hasi eta buka egun bakarrean egin nahi du. Hudon, berriz, prest dago langintzarako behar adina egun hartzeko, El Capitan era askean eskalatzen duen pertsonarik zaharrena bihurtu nahi baitu.