Aplikazio habiaratuak
Albisteak
Atzealdea Martxoaren 1etik aurrera eskatu ahalko dira 3 urtetik beherako seme-alabak dituztenentzako laguntzak
2023·02·22
Hiru urtetik beherako seme-alabak beren kargura dituzten euskal familiek zuzeneko laguntza ekonomiko berria izango dute datorren martxoaren 1etik aurrera. Hilero seme-alabak hazi eta mantentzeko Eusko Jaurlaritzak sustatutako laguntza berriak dira; hilean 200 euroko ordainketa, adingabearen jaiotzatik hiru urte bete arte. Laguntza hori ehun eurokoa izango da hilabetean, harik eta adingabeak zazpi urte betetzen dituen arte, hirugarren seme-alaben edo hurrengoen kasuan (familia ugariak).
Laguntzak martxoaren 1etik aurrera eskatu ahalko diren arren, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak telefono zenbaki bat eta helbide elektroniko bat jarri ditu martxan, laguntza berriei buruzko informazioa jasotzeko. 945 062 040 telefono-zenbakira deituz edo umeak@euskadi.eushelbide elektronikora mezu bat bidaliz, nahi dutenek laguntza berri honekin lotutako edozein gai kontsultatu ahal izango dute. Galde-erantzunen atal bat ere badago euskadi.eus/hilekolaguntzak (euskadi.eus/ayudasmensuales gaztelaniazko bertsiorako).
Telematikoki eta aurrez aurre
Laguntza hauek telematikoki eskatu ahal izango dira –horretarako, beharrezkoa izango da kanal honen bidez laguntza eskatzeko identifikaziobat izatea–, edo, bestela, aurrez aurre, Zuzenean ordezkaritzen bidez –EAEko hiru hiriburuetan–, edo posta bulegoetan edo udaletan.
Atzeraeraginezko efektua
Laguntza hauek arautzen dituen dekretuaren arabera, atzeraeraginezko efektua sortzen dira 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera. Hori dela eta, adin txikikoak beren kargura dituzten euskal familiek aurtengo urtarrileko eta otsaileko dagokien kopuru ekonomikoa eskatu ahalko dute. Horretarako, eskaerak egiteko epea aurtengo urriaren 31 arte luzatuko da.
Adin baldintzak betetzen dituzten euskal familia guztiek hileko laguntza kobratu ahalko dute beren ardurapean duten seme-alaba bakoitzeko, jaiotzagatik, adopzioagatik, adopzio aurreko bizikidetzarako zaintza eskuordetzeagatik edo tutoretzagatik. Horrela, hiru urtetik beherako haurrak dituzten familiek hilean 200 euroko laguntza eskatu ahal izango dute; hirugarren eta ondorengo seme-alaben kasuan, 100 euroko laguntza gehigarria egongo da hilean, hiru urtetik haurrak zazpi urte bete arte. Adingabeak ardurapean dituzten familia guztiek ere diru-lahguntza hori jaso ahalko dute, 2023a baino lehen jaio arren, betiere baldintzak betetzen badituzte.
Laguntza sortzen duen alabak edo semeak %33ko edo gehiagoko ezgaitasuna edo mendekotasun egoera aitortua badu, aurreikusitako laguntzak bikoiztu egingo dira (birekin biderkatuko dira).
Hilabeteko laguntza jasotzeaz gain, ume bat baino gehiagoko erditzeek eta adopzio anitzek aparteko laguntza jasoko ahalko dute. Ordainketa bakarreko laguntza da. Laguntzaren zenbatekoa erditze edo adopzio multipleko seme-alaba kopuruaren eta familiaren errenta estandarizatuaren arabera finkatuko da.
Gainera, Eusko Jaurlaritzaren laguntza berria beste administrazio batzuek helburu berarekin ematen dituzten edo ezar ditzaketen beste batzuekin bateragarria izatea aurreikusten da, adibidez, kenkari fiskalekin.