Maialen Estarloa: “lehiakortasun programari esker Instagram kontua ireki dut eta whatsapp katalogoa erabiltzen hasi naiz”
2023·01·12
Maialen Estarloa Osane belar-dendako arduraduna da eta bera izan da Urnietako Udalak antolaturiko lehiakortasun programan parte hartu duen bederatzi merkatarietako bat. Bere esperientziaren berri eman digu eta oso baliagarria izan zaiola adierazi du.
Zergatik erabaki zenuen parte hartzea?
Ni beti egoten naiz prest ikasteko eta hobetzeko, nahiz eta horretarako denbora libretik denbora kendu behar den, eta kasu honetan ere segituan eman nuen baietza. Talde txikia ginen ez zirelako merkatari asko apuntatu, baina oso gustura egon ginen eta oso baliagarria izan da. Gure artean hobeto ezagutzeko eta gauza berriak ikusteko balio izan zigun.
Zein gauza aldatu dituzu programari esker?
Sare sozialekiko erresistentzia nuen lehen. Banuen web orria eta baita Facebook kontua ere, baina ez nien kasu handirik egiten. Lehiakortasun programari esker Instagram kontua ireki dut eta whatsapp katalogoa ere erabiltzen hasi naiz. Katalogoan jartzen ditut dendako produktu eta zerbitzuak eta bezeroek bertatik eskaria egin dezakete. Ez dago erosteko aukera baina eskaria eginda dendara datozenean badakite produktua izango dutela.
Zuk gainera zerbitzu dezente dituzu, eta, hortaz, ondo etorriko zaizkizu baliabide berri horiek.
Bai. Belar-dendako produktu guztiez gain nutrizionista, masajista, naturopata, presoterapia… ditugu eta horien berri emateko baliatuko ditut. Dena aldatzen ari da. Gazte jendeak beste era batera funtzionatzen du eta beste modu batera bilatzen ditu gauzak, eta, beraz, bide berriak ireki behar dira. Gero, gainera, jendearen erantzuna jasotzen duzu kanal horien bidez eta horrek ilusioa egiten dizu, bertan pasariko denborak zerbaitetarako balio izan duela ikusten baituzu.
Beste gauzarik landu zenuten programaren barruan?
Sare sozialetako edukiaren inguruko azalpenak eman zizkiguten. Argazkiak nola atera behar diren adibidez. Bestalde, interneten azaltzen diren datuak begiratu genituen. Azaldu ziguten garrantzitsua dela dena ondo egotea (helbidea, ordutegiak…) bezeroei erraztasunak emateko, izan ere, zailtasunak badituzte beste leku batera joaten dira.
Lehiakortasun programarik gabe bide berri horiek jorratuko zenituen?
Ez dut uste. Gainera gauza batzuk ez nituen ezagutu ere egiten. Erresistentzia hori kentzeko balio izan dit programak. Ohiko funtzionamendura ohituta gaude eta funtzionatzen dutenean pentsatzen duzu bide berriak ez direla beharrezkoak, baina dena aldatzen ari da eta denda eta supermerkatu handiak lekua jaten ari dira. Beraz, bide berriak ireki behar dira jendearengana iristeko.
Beraz, aukera ona izan da zuretzat.
Nik hurrengo urtean jarraipena badu berriro apuntatuko naiz. Pilo bat balio izan dit. Gainera gure beharretara egokitu dira, oso pertsonalizatua zegoen.
Etorkizunean beste bideren bat irekitzeko asmoa duzu?
Web orritik saltzea izango litzateke beste aukera bat, baina momentuz ez naiz iristen eta nahikoa dut abian jarritako gauza berriak eramatearekin.
Aipatu duzu ez zinetela merkatari asko apuntatu. Zer esango zenieke animatu ez zirenei?
Animatzeko, ez dela denbora asko eta oso baliagarria dela. Norberaren gauzak hobetzeaz gain gure arteko harremanak sendotzeko eta hobeto ezagutzeko ere balio duela, baita kezkak elkarbanatzeko ere. Zentzu horretan hasi gara gauzak egiten, abenduko azoka ere horren erakusle da. Ea On Bizi ere indarra hartzen joaten den.