Aplikazio habiaratuak
Albisteak
Atzealdea Lourdes Iriondo parkeko Artea ordezkatuko da segurtasunagatik, barrutik ustela egonda erortzeko arriskua baitago
2022·02·10
Lourdes Iriondo parkean dauden zuhaitzen egoera aztertu du Udalak eta ikusi da Arteetako batek (2 enborrekin osatuta dagoena) zauri handi bat duela goitik beherako formaz adar erdi-erditik. Zauria nahiko itxita dagoen arren, zuhaitzaren barruko aldea ustela dago, eta, ondorioz, haizeteren bat dagoenean erortzeko arriskua dago. Gainera, eremu horretan haurrak jolasten ibiltzen dira eta zuhaitzera igotzeko joera izan dezakete horrek zuhaitzaren egoerarekin suposatzen duen arriskurarekin.
Artea berri bat landatuko da
Gauzak horrela, egungo Artea kenduko da segurtasunagatik eta bere ordez Artea berri bat landatuko da eremuaren itxura eta zuhaitz kopurua mantenduz.
Olibondoari dagokionean berriz, egoera hobeagoan dagoela aintzat hartuta mantendu egingo da, nahiz eta indartzeko zainketa berezi bat egingo zaion. Saneatu egingo da, eta, halaber, zuhaitzaren inguruko lurra hobetuko da.
Garaiko loreak ipiniko dira
Bestalde, Lourdes Iriondoren eskulturaren inguruko eremua hobetu egingo da lore berriak landatuz. Garaiko loreak ipiniko dira.
Plazatik Arantzubirako bidea moztuta
Biharko egunean zehar ordezkatuko da Artea eta lan horiek gauzatzen diren bitartean San Joan Plazatik Arantzubira joateko errepidea itxita egongo da noranzko horretan. San Joan 18 paretik San Joan 22 bitarte, hain zuzen.
Alderantzizko noranzkoan ordea, pasatzeko aukera izango da, hau da Arantzubitik plazaruntz. Plazatik Yurramendi kalera jaisteko aukera ere izango da, eta, baita, ermita inguratuta Urraka auzora jaistekoa ere.
Udalak barkamena eskatzen du aldez aurretik sor daitezkeen eragozpenengatik.