Aplikazio habiaratuak
Albisteak
Atzealdea Landa-inguruneko jarrera arduragabeak salatzen dira eta gure mendiak modu egoki batean erabiltzea eskatzen da
2021·09·02
Urnietan ingurune natural pribilegiatua dugu, Adarra eta Onddi bezalako bi mendi eder eta Muniskuegañako multzo megalitikoa ditugulako, beste interesgune batzuekin batera.
Euskadin, mendiarekin harreman estua izan da beti, eta Covid 19k eragindako pandemia hasi zenetik, gune berdeetara gerturatzen den jende kopurua handitu egin da. Urnietako Udalak, nola ez, mendizaletasuna eta naturarekiko harremana sustatzen ditu, horrek dakartzan onura guztiengatik.
Hori bai, naturgune horiek errespetuz eta arduraz erabili behar dira. Egia da gehienetan jendeak zuzen jokatzen duela, baina noizean behin jarrera arduragabeak ematen dira, Manttaleko bordan berriki gertatu den bezala, bertan plastikoak, beirak eta zigarro-hondakinak aurkitu baitira, besteak beste.
Jorge Segurado Urnietako alkateak naturarekiko errespetu faltari erantzuten dioten eta balio etikoen gabezia islatzen duten jarduera onartezin horiek salatu eta gaitzetsi egin nahi ditu.
Era berean, mendi publikoen eta haien aisialdi-eremuen erabilera arduratsua egiteko eskatzen du, eta gogorarazten du hondakinak gaitutako edukiontzietan utzi behar direla, eta, edukiontzirik ez badago, hiriguneko edukiontzietara jaitsi behar direla. Hau da, espazioak erabili aurretik dauden bezala utzi behar dira.
Manttaleko borda, hondakinak aurkitu ziren tokia, Adarra eta Aballarri mendien magalean dago, eta duela pare bat urte berritu zen. Teilatua konpondu zen, leihoak berritu ziren eta fatxadako pintadak kendu ziren, kanpoko itxura hobetuz. Kanpoko mahaiak eta eserlekuak ere konpondu ziren. Beraz, geldialdi lasai eta atsegina egiteko, bazkaltzeko edo bordan lo egiteko aproposa den leku polit eta lasai hori behar bezala erabiltzea eskatzen da.
Herritarren lankidetza
Urnietako Udalak ingurua garbituko du, eta erabiltzaileek jokabide egokiak izatea eskatzen du, horrelako gertaerak berriro errepika ez daitezen.
Halaber, herritarren laguntza eskatzen da antzeko egoeraren bat ikusiz gero Udalari horren berri emateko. Hala, salatzeko eta garbiketa lanak egiteko aukera izango da, lan horiek aldian-aldian egiten baitira landa-ingurunean. Ildo horretan, alkateak eskerrak eman dizkio kasu honetan gertatutakoaren berri eman zuen pertsonari.