Aplikazio habiaratuak
Albisteak
Atzealdea Kultur eskaintza zabala udazkenean haur, gazte eta helduentzat
2021·09·27
Urnietako Udalak herriko haur, gazte eta helduei zuzenduriko kultur eskaintza zabala prestatu du UdazkeneanK programaren barruan gaur eguerdian ospatu den aurkezpen ekitaldian David Rosco Udaleko gizarte-sustapeneko eta garapen pertsonaleko zinegotziak azaldu duen moduan: “ekintzak urritik abendura bitartean garatuko dira eta arte eszenikoez, hitzaldiez, erakusketez zein ipuin kontaketez gozatzeko aukera izango da”. Halaber, ekintza horiek Lekaio Kultur Etxean, herriko zenbait plazetan eta Sarobe AEGn garatuko direla zehaztu du Roscok.
Elkarlanaren emaitza
UdazkeneanK programa osatzerako orduan Urnietako Udaleko Kultura, Gazteria, Euskara eta Berdintasuna atalak elkarlanean aritu direla kontatu du Roscok, herritarrei ahalik eta eskaintza interesgarriena eta aberatsena eskaintzeko asmoz, eta era berean, herriko zenbait elkarteren lankidetza eta parte hartzearekin kontatu dela ere azpimarratu du, haien proposamenak aintzat hartuz eta programan barneratuz: Etxeberri Plazako Auzo Elkartea, Zanpatuz Mendi Elkartea, Poxta Zahar Elkartea eta Txanbolin txistulari banda, hain zuzen.
Modu ordennatu eta kontrolatuan kulturaz gozatzeko aukera
Bestalde, Roscok adierazi du egitarau honen bidez Covid19ren ondorioz bizi dugun egoera honetan ere kulturaren aldeko apustua eginez jarraitu nahi duela Udalak, eta modu ordenatu, kontrolatu eta arduratsuan aisiaz eta ekintza desberdinez gozatzeko aukera eskaini nahi diela herritarrei: ”segurtasun neurri guztiak bermatuta eta momentuan momentuko arautegia errespetatuta garatuko dira ekintzak”.
Sarrerak emanaldiak baino 3 aste lehenago eskuragai
Luxia Iriondo Kultur teknikariak bere aldetik, jakinarazi du Udalak informazio liburuxka bat banatuko duela herriko etxe guztietara programa osatuko duten ekintza guztien gaineko informazioarekin: hala nola, izenburua, eguna, ordua, lekua, prezioa, hizkuntza eta antolatzailea.
Behin programa ikusita ekitaldiren batera joateko interesa dutenek, data baino 3 aste lehenago sarrerak edo gonbidapenak eskuratzeko aukera izango dutela ere kontatu du Iriondok. Horretako 2 modu izango dituzte:
- Sarobeko bulegoan: astelehen-ostiral 9:00-13:00 eta 16:00-18:00 (baita emanaldiaren egunean bertan leihatilan, ordu erdi lehenago).
- Online: Bibe.me webgunean.
Sarreren zozketak
Eta azkenik, Urnietan erroldaturiko pertsonen artean sarrerak zozketatzen jarraituko dela argitu du Kultur teknikariak, “2 sarrerako 4 sorta, hain zuzen”. Zozketetan parte hartzeko epea emanaldia baino 3 aste lehenago irekiko da eta parte hartzeko ondorengo 3 bideak eskainiko dira:
- Urnietako Udalaren APP-a.
- Urnietako Udalaren webgunea.
- Sarobeko bulegoan jarriko de kutxatila.
Urnietako Udalak herritarrak animatzen ditu antolaturiko ekintza desberdinetan parte hartzera eta kulturaz gozatzera.