Aplikazio habiaratuak
Albisteak
Atzealdea Juanjo Urruzola (Elutxeta sagardotegia): “Guk betiko sagardoa egiten dugu eta Euskal Herriko haragia ibiltzen dugu”.
2023·03·07
Sagardotegiek normaltasunez ireki dute aurtengo txotx denboraldia ohiko funtzionamendua berreskuratuta eta covid-aren ondorioz ezarritako murrizketak albo batera utzita. Urnietako Udala herriko lau sagardotegietako ordezkariekin elkartu da lehen aste hauen balantzea egiteko. Hauxe da Elutxetako Juanjo Urruzolak kontatu diguna.
Nola joan dira lehen asteak?
Hasiera suabea izaten da, inauterietan mugimendua izaten da eta orain larunbat eguerdietan topera gabiltza eta afaltzeko ere ondo, denak eguerdian ez baitira sartzen. Joera dago larunbat eguerdian. Gazteek horri heldu diote, goizetik hasi eta ordu pilo bat dutelako aurretik parrandarako. Sagardoarekin gozatu nahi duenak asteazkenetik ostiralera aukera askoz politagoa du. 220 pertsona egon beharrean 50-60 egoten dira eta askoz lasaiago egoteko aukera dago.
Normaltasuna eta txotxa berreskuratzeko gogoa izango zenuten ezta?
Guk zerbitzua eman genuen botilarekin eta sagardo berriarekin. Zortea izan genuen 220 lekuko espazioa genuelako. Leku handia edukita ia 100 lagun sartzeko aukera genuen neurrriak errespetatuta, eta nahiko polit joan zen denboraldia. Halere, orain beste kontu bat da, jendea irrikitan zegoen, Gabonen aurretik deiak jasotzen hasi ginen.
Nolako sagardoa duzue aurtengoa?
Sagardoa ondo ateratzen ari da nahiz eta uzta txikia izan zen. Sagarrik ez zen eta muztioa ekarri genuen, baina gustura nago. Normalean gure sagarrekin soilik egiten dugu baina nahiko ez dagoenean kanpotik ekarri behar izaten da.
Nongo bezeroak dituzue?
Kuriosoa da duela urte batzuk arte Urnietako jendeak ez zuela hona etortzeko joera, nahiz eta hori aldatzen joan den. Azken urteetan jende gazte asko etortzen da, agian lan egiten dugun prezioak baldintzatuta. Oiartzun, Tolosa, Usurbil bueltatik jende asko etortzen da. Hernanitik gertu gaude eta gero bertara joan ohi dira.
Zein da zuen sagardotegiaren bereizgarri nagusia?
Guk betiko sagardoa egiten dugu betiko sagar motarekin eta sagardo klase bat egiten dugu. Bestalde, Euskal Herriko haragia ibiltzen dugu. Gainera leku dezente handia dugula esango nuke.
Lana urte osoan izaten duzuen arren, hilabete hauetan beste gauza bat izango da ezta?
Orain mugimendu asko izaten da eta topea jotzen dugu baina guk urte osoan zehar egiten dugu lan. Sagardotegi denboraldian sagardotegiko menua ematen dugu eta generoa prestatzen lan handia izaten da. Urtean zehar entsalada, frijituak eta kostilla ematen dugu. Jende asko etortzen da hemengo kostilla jatera.
Martxoa izan ohi da hilabete indartsuena. Zein aurreikuspen duzue?
Larunbat eguerdiak beteta ditugu, afaltzeko ere jende dezente dugu eta igandean bazkaltzeko ere mugimendua izango da. Gero aste santuan ere jendea etorri ohi da, bai hemengoa eta baita kanpokoa ere.