Edukira joan

Urnietako udalaren logotipoa

Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]

Habiaratutako portletak
Albisteak
Atzealdea

Jokin Lizeaga: “jendearen maitasunak eta berotasunak edozein garaipenek baino gehiago ematen dit”.

.

2021·05·06


Hiru urte igaro dira Jokin Lizeaga mendiko korrikalari urnietarra Asturiasko lasterketa batean 20 metroko zulo batera erori zenetik. Zorionez gertaera latz hartatik bizirik irtetea lortu zuen. Ordutik, gogor lan egin behar izan du muturreko egoera hark eragindako ondorio fisikoak eta psikologikoak atzean uzteko, baina bere ibilbideko lasterketarik gogor eta zailena gainditu ondoren, berriro ere korri egitera bueltatu zen apirilaren 17an, ekitaldi polit eta hunkigarri batean eta herritarren babespean. Orain, aurrera begiratu nahi du eta gehien gustatzen zaionaz gozatzen jarraitzeko ilusioa du.

Egun berezia izan zen zure itzulerakoa, nola bizitu zenuen?

Egun borobila izan zen. Ibilbidea gustura eta pozik egin nuen zaleekin feedback-a izateko aukera edukiz, eta gero plazan horrenbeste jende ikustea oso polita izan zen. Herriari, familiari eta lagunei eskerrak emateko ekintza bat zen hiru urte hauetan eman didaten babes eta animo guztiagatik. Bestalde, Urnietan ditugun natura altxorrak Euskal Herrira zabaltzeko aukera ona zela uste nuen.

Momentu oso hunkigarriak bizitu ziren.

Jendea emozionatu egin zen. Herritar asko sufritu dudanaren jakitun dira, istripua larria izan zelako, ondorioak larriak direlako eta denbora honetan jarraituriko prozesua oso gogorra izan delako. 

Garaipen handi batek baina zapore gozoagoa utziko zizun agian jendaren berotasun horrek.

Ni garaipen zalea naiz eta horretarako entrenatzen dut, baina garaipenez haratago badaude gauzak. Jendearen maitasunak eta berotasunak esaterako, edozein garaipenek baino gehiago ematen dit.  Profesionala izango banintz agian garaipenek arlo ekonomikoan beste eragin bat izango lukete, baina gurean garaipenek ez dute bizitza aldatzen. Horrelako keinuek berriz, bizitzeko modua eta ilusioa aldatzen dute.

Ziurrenik denbora ez zen garrantzitsuena izango, baina marka ona izan zen eta konfidantza hartzeko balioko zizun.

Gustura geratu nintzen denborarekin. Ibilbidea gogorra eta luzea zen. Ni oso positiboa naiz eta iluntasunean ere argia ikusi zalea naiz, baina azken urteetan momentu ezkorrak baikorrak baino gehiago izan dira, oinazeek eta arazoek korri eta bizitza normala egiteko orduan eragozpenak jarri dizkidatelako. Errealitate horrekin buruak buelta asko ematen ditu. Plazara irteteko gai izatea handia izan zen niretzat eta ondo bukatzea ere bai.

Oihartzun handia sortu zen zure itzulerarekin eta hori kudeatzea ez zen erraza izango.

Aldizkariak, egunkariak, telebista… leku askotatik deitu didate eta Euskal Herriko prentsa osoan atera naiz. Historia sakona da kirolaz haratago. Bizitza eta heriotzaren binomio horrek zeresana ematen du eta gertatutako eta pasatako guztia kontatzeko arazorik ez daukat. Horrek interesa sortu zuen eta jendearen jakinmina handia zen.

Nola gogoratzen duzu erorketaren eguna? Argi dago zorigaiztoko eguna izan zela, baina era berean zorionekoa ere bai.

Gertuago egon nintzen heriotzetik bizitzatik baino. Halere, orain hemen nago, pozik nago eta osasuntsu nago, eta hori baloratu egin behar da. Ondorengo prozesua gogorra izan da, baina arlo positiboa hartuta gauza asko erakutsi dizkit. Bizitzako baloreak zeintzuk diren argi eta garbi asimilatzeko denbora izan dut.

Pertsona moduan garatzeko balio izan dizu hortaz.

Lehen ere, zorionez, baloratzen nituen benetan inporta duten gauzak. Kirol errendimenduan erraztasuna nuen emaitza onak lortzeko, baina argi nuen guztia ez dela azken emaitza, gauza askoz ere garrantzitsuagoak baitaude. Orain argiago ditut gauza horiek. Momentuak bizitzen eta baloratzen jakin behar da istripuak eta zorigaitzak edozein unetan gerta daitezkeelako. Denok ditugu kezkak eta arazoak, baina erlatibizatu egin behar dira. Gu aberatsak gara, osasuna daukagu, jana eta loa baditugu eta etxea 20 gradutara mantentzen dugu urte osoan zehar. 

Zein ondorio utzi dizkizu erorketak?

Nerbio optikoan degenerazio bat izan nuen eta tenperatura igo ahala bista galtzen dut ezkerreko begian. Dagoeneko ohitu naiz, beste begitik ikusten dut eta aurrera egin behar da. Aldapa behera ez da erraza eta euria edo lainoa daudenean gehiago kostatzen zait. Bestalde, hanka azpia eta orkatila geratu zaizkit oinazeekin, baina ohitu egin naiz minarekin korritzera. Okerrera ez doan bitartean pozik.

Muturreko egoera hura bizi izanak psikologikoki ere eragina izango du ezta?

Orain beldurtiagoa naiz. Altuerarekin gorputza uzkurtu eta tentsionatu egiten zait, segurtasun eza sortzen zait eta erorketarekin loturiko pentsamenduak etortzen zaizkit. Orain arte ez dut lortu pentsamendu horiek guztiak kentzea eta etxetik gertu ibiltzen naiz. Aspaldian ez dut mendi garairik edo arriskutsurik igo.  Pixkana aurre egin beharko diet beldur horiei, mendiaz gozatzen jarraitu nahi dudalako.

Nola irudikatzen duzu etorkizuna? Asteburuan Espainiako txapelketan lehiatu zara. Munduko Txapelketetara bueltatzeko asmoa duzu?

Desio bat bihurtu zitzaidan lehiaketara bueltatzea eta lehen egiten nuena berriro egitea. Ez dakit gorputzak zenbat iraungo duen krisirik izan gabe, baina hori gertatu arte lehian ibiltzen saiatuko naiz aurten eta Munduko Txapelketako probetan parte hartzeko asmoa dut. Ekainaren 6an Austrian izena emana daukat. Ez dakit zein maila emango dudan, baina jarraikortasuna izatearekin konformatzen naiz.


Banner-a
Web edukia bistaratu

Jarrai gaitzazu Youtuben

Web edukia bistaratu

INFORMAZIO
GUZTIA ESKURA
KLIK BATEAN

  Twitter   Facebook   YouTube

Web edukia bistaratu
AGENDA KULTURALA

AGENDA