Jende dezente ari da gerturatzen parte hartze prozesuko informazio karpara
2022·03·18
Urnietako Udalak aurrekontu irekien parte hartze prozesu berri bat jarri du martxan aurten ere herritarrak entzun nahi dituelako. Horrela, herritarrek beraien auzo eta kaleetan hobetzeko, konpontzeko edo egiteko ikusten dituzten gauzak aintzat hartuta proposamenak egiteko aukera dute 2023ko aurrekontuko 150.000 euro zertara bideratu erabakitzeko.
Prozesuaren gaineko aurkezpena egin ostean, eta informazio liburuxkak etxeetara banatu eta gero, informazio karpa jarri da gaur goizean Etxeberri plazan ekarpenak jasotzeko eta zalantzak argitzen laguntzeko. Herritar dezente gerturatu dira bertara.
Arratsaldean berriz, Guria tabernaren inguruan egongo da 17:00etatik 20:00etara, eta bihar, azkenik, San Joan plazan 10:00etatik 14:30era.