Jabekuntza Eskoletan sakonduko da Urnietako emakumeak ahalduntzeko helburuz
2021·09·21
Urnietako Udalak *emakumeen Jabekuntza Eskola eskainiko du aurten ere herriko emakumeen ahalduntze prozesuak laguntzen jarraitzeko helburuz, baina oraingoan, lanketa sakonagoa eta osoagoa gauzatu dela adierazi du Luke Goñi Martinez Berdintasun saileko zinegotziak gaur eguerdian gauzatu den aurkezpen ekitaldian: “Edurne Gallo Santamaria Berdintasun teknikaria apirilean hasi zen lanean Udalean, bere figurarekin aurrerapauso kualitatibo bat emango dugu Udalak garatzen dituen politika eta ekintzetan genero ikuspegia barneratzeko orduan, eta aldaketa hori somatzen da Jabekuntza Eskolen egitarauan, eta baita, eman diogun esanahian ere”.
*Emakumeetzako Jabekuntza Eskolak maila pertsonalean eta kolektiboan emakumeen konfidantza eta autonomia bultzatzea bilatzen duela azaldu du Goñik, emakumeak haien eskubideetaz kontzientzia hartzeko eta desberdinkeria egoerei aurre egiteko boterea hartzeko bideak bermatzeko: “ekoizpen kolektiboko eta partekatuko metodologia baten bidez, emakumeok bizi dugun menpekotasun errealitatea auzitan jartzea eta irtenbideak proposatzea bilatzen da”. Antolatu diren ekintzetan esperientziak eta ezagutzak partekatuko direla azaldu du Goñik: “munduaren pertzepzioa aldatzen lagunduko duten esperientziak biziko dira, eta, aldi berean, emakumeoi munduaren ikuspuntua aldatzeko tresnak garatzen lagunduko digute”.
Bestalde, kontatu du Urnietako Udalak urteak daramatzala eskola hauek eskaintzen eta esperientzia aberasgarria izan dela orain arte egindakoa, ikastaroek harrera eta jarraipen ona izan baitute. Dena den, azpimarratu du, aurten beste jauzi bat eman nahi izan dela: “zaintzaren gaiaren gaineko lanketari jarraipena emango diogu eta gazte eta nerabeengana iristeko saiakera berezia egingo dugu. Horrela, ‘feminismoa, tratu onak eta bizirauteko zainketak’ tailerra eskainiko da alde batetik, eta bestetik, 5 ekintza konkretu egongo dira mistoak izango direnak: bi hitzaldi, rap kontzertu bat, clown antzerkia eta zine foruma, hain zuzen”. Horietaz gain, gazteei zuzendutako beste bi ekintza itxi egongo dira.
Horretaz gain, nabarmendu du Jabekuntza Eskolei erreferentzia egiteko esanahiz beteriko logotipo bat sortu dela: “jabekuntza prozesua pertsonalki lantzen hasten den eta kolektiboki garatzen den prozesu luze eta gorabeheratsu bat da. Eta hori da hain justu, logotipoko J eta E hizkiak elkarrekin eta etenik gabe trazatuta, adierazi nahi izan duguna. Ibilbide horrek jabekuntza prozesua adierazten du; bakarrik hasi eta kolektiboki eraikitzen dena”.
J eta E hizkien baturak berriz, H kaligrafiko bat osatzen du. H hizkia, ahozkatzen ez dena, hizki ixildua: “horren bitartez emakumeak historikoki pairatu dugun diskriminazio handienetarikoa izan dena, aldarrikapen modura lehen planora ekarri nahi izan dugu. Ixilduak izan direnentzako eskola, ixilduak protagonista diren eskola, ixilduak ahalduntzea helburu duen eskola” argitu du Goñik. Halaber, irudiko tontorrek Adarra irudikatzen dute herriarekin lotura eginez eta tximeletak ostera, askatasuna islatzen du, “emakumeoi ukatu izan zaigun askatasuna”.
Amaitzeko, ekintza gehienetarako zaintza zerbitzua eskainiko dela gaineratu du, “interesa duen emakume orok, parte hartzeko aukera izan dezan”.
*Emakume: emakume sentitzen den edozein pertsona.
TAILERRA
Feminismoa, tratu onak eta bizirauteko teknikak
Irakasleak: Aitziber Aginagalde Bilbao eta Irantzu Varela Urrestizala
- Egutegia: Urriak 6 – Abenduak 15
- Egunak: Astearteak
- Ordua: 18:00-20:00
- Lekua: Lekaio kultur etxea
- Hizkuntza: Gaztelaniaz
- Matrikula: 10 euro
Izena eman: irailak 24 – urriak 4
- Urnietako Udalaren webgunea: INFORMAZIO GUZTIA HEMEN
- Bertan: astelehenetik ostiralera 7:30-11:00 eta 11:30-14:30
- Gazte Informazio Puntua: astelehena-osteguna 17:00-19:00
Zaintza zerbitzua eskainiko da
Sinopsia: Proposamen feministak aztertuko ditugu zaintzen krisian eta pandemiak eragin digun sistemaren kolapsoan. Horretarako, feminismoak azken mendean izan dituen ekarpenak ezagutuko ditugu, haiengana hurbilduz, arreta jarriz zaintzen eta tratu onen azterketan.
HITZALDIAK
Indarkeria matxistak errepresio estrategia gisa
Hizlaria: Irantzu Varela Urrestizala
- Eguna: urriak 20
- Ordua: 19:00-20:30
- Lekua: Lekaio kultur etxea
- Hizkuntza: Gaztelaniaz
- Sarrera: doan, gonbidapenarekin
Zaintza zerbitzua eskainiko da
Sinopsia: Indarkeria mota guztiek gizon normatiboak ez diren beste edonor menderatu nahi dituen botereari erantzuten diote. Indarkeria patriarkalek eraso egiten digute gu isolatzeko eta sumisak eta beldurti izateko. Kontzientzia feminista eta zainketarako eta autodefentsarako antolaketa kolektiboa dira aske izateko gure baliabideak.
Feminismoa borroka tresna gisa
Hizlaria: Irantzu Varela Urrestizala
- Eguna: abenduak 2
- Ordua: 19:00-20:30
- Lekua: Sarobe arte eszenikoen gunea
- Hizkuntza: Gaztelaniaz
- Sarrera: doan, gonbidapenarekin
Zaintza zerbitzua eskainiko da
Sinopsia: Gizarte-mugimendu aktiboena eta eraldatzaileena hausnarketa-une batean dago, berrikusten eta borroketan sakontzen. Non gauden eta norantz joan nahi dugun aztertuko dugu.
KONTZERTUA
La Basu: Beldur barik jarrera
- Eguna: azaroak 12
- Ordua: 19:00-20:30
- Lekua: Sarobe arte eszenikoen gunea
- Hizkuntza: euskaraz
- Sarrera: doan, gonbidapenarekin
Sinopsia: Aneguriarekin batera, La Basu da hip hoparen kulturaren barruan emakumeei laguntzen dien Emakumezkoen Eskina proiektuaren arduradunetako bat. Euskaraz kantatzen duten emakume hip-hop-era bakarretakoa da.
Emanaldia ere udalak berdintasuna sustatzeko abian dituen proposamen eta jarduerak aurkeztuko dira, baita Beldur Barik lehiaketa ere.
CLOWN ANTZERKIA
Virginia Imaz Quijera: Prono!
- Eguna: azaroak 26
- Ordua: 19:00-20:30
- Lekua: Sarobe arte eszenikoen gunea
- Hizkuntza: gaztelaniaz
- Sarrera: doan, gonbidapenarekin
Sinopsia: Gazte eta helduentzako clown antzerkiaren parodia. Pailazoa da Pauxa, eta genero-indarkeriari buruz hausnartzen du. Ikusleen pertsonak beren gogoeta barregarrien partaide eta lekuko gisa hartuz, giza harremanei buruz oro har dituzten kezkak eta lotura osasungarriak kudeatzeko zailtasuna partekatzen ditugu, aldi berean baikor eta pronostiko deklaratuz.
ZINE FORUMA + MAHAI INGURUA
Chica seria y responsable
Mahai ingurua: Emagin, SOS arrazakeria eta Maitelan
- Eguna: abenduak 16
- Ordua: 19:00-20:30
- Lekua: Lekaio kultur etxea
- Hizkuntza: elebiduna
- Sarrera: doan, gonbidapenarekin
Zaintza zerbitzua eskainiko da
Sinopsia: SOS Arrazakeriak sortutako laburmetraiaren aurkezpenarekin, betidanik genero-aginduengatik emakumeen ardurapean gediltu diren zaintza lanen beharra, garrantzia eta balioa aitortu nahi dugu, eta ondoren, Beterri Buruntzaldeako zaintza erregimenaren diagnostikoaren ekintzarako proposamen zehatzak plazaratuko ditugu.
Laburmetraiko emakume protagonistak, gehienak migratuak, zaintza lanen erantzunkizunean zapalkuntzak nola lotzen direnislatzen dute: generoa, arraza, klasea…
Mahai inguruan, urnietan zaindarien zaintza taldeko kideak ere egongo dira.
Zaintza zerbitzua
- Behar izanez gero izen emate orrian eskatu behar da. Tailerretarako izen-emate epearekin eskaera egingo da. Emanaldi zabaletarako, egiten den data baino 15 egun aurretik.
- 12 pertsonarentzat gehienez, 3 pertsona gutxienez.
Oharrak
- Urnietan erroldatutak emakumeek lehentasuna izango dute.
- Ikastaroak aurrera ateratzeko, gutxieneko 7 ikasleko kopurua beharko da.