Aplikazio habiaratuak
Albisteak
Izaro Andres abeslaria irudikatzen duen proposamena emakume erreferenteen inguruko mural lehiaketaren garailea
2023·03·24
Emakumeen Nazioarteko Egunaren baitan Urnietako Udalak pestaturiko egitarauaren barruan emakume erreferenteen inguruko mural lehiaketa antolatu zen Gaztelekuan. Ekimen honen bitartez, emakume erreferenteen gaineko hausnarketa sustatzea eta gazteen artean ezagutza maila handitzea bilatzen zen.
Martxoaren 8an bertan egin eta aurkeztu zituzten lanak lehiaketan parte hartu zuten nerabeek. Aurkezturiko lan guztiak martxoaren 13ra arte egon ziren ikusgai Gaztelekuan bertan eta martxoaren 14ean berriz, bozkataren kontaketa egin zen eta mural irabazlea hautatu zen.
Gazteleku barruko pareta batean pintatuko da
Izaro Andres abeslari bizkaitarra irudikatzen zuen proposamena izan zen bozka gehien jaso zituena, Lide Lizeagak, Sayuri Francok eta Hayat Serranok egindako lana, hain zuzen. Egileek haien proposamenaren aurkezpena egiterako orduan argudiatu zuten, Andresek emakumeen eta berdintasunaren alde lan egiten duela eta bere abestien bidez jarrera hori islatzen dela. Bestalde, azpimarratu zuten beraintzat garrantzitsua dela Andres gertuko pertsona bat izatea, hau da, Euskal Herriko emakume erreferente bat jarri nahi izan dute balorean.
Lehiaketaren aurkezpenean azaldu zen moduan, proposamen irabazlearen egileek haien lana Gaztelekuko barruko pareta batean pintatzeko aukera izango dute, eta, horrenbestez laster Izaro Andresen irudia ikusgai izango da eraikinean.