Aplikazio habiaratuak
Albisteak
2022·03·29
Urnieta eta gure herriko interes puntu guztiak ezagutzera emateko asmoz, eta udalerriko marka turistikoa sustatzen jarraitzeko xedez, Urnietako Udalak turismoari bideraturiko Instagram kontu bat sortu du komunikazio eta sustapen departamentuen bidez: @urnieta_turismoa.
Izan ere, Urnieta gune natural pribilegiatu batean kokatzen da eta erakargarritasun ugari ditu, Adarra eta Onddi bezalako bi mendi eder eta Muniskuegañako multzo megalitikoa, besteak beste. Horretaz gain, ostatu hartzeko aukera mordoa eskaintzen ditu, baita jatetxe eta sagardotegi ugari ere. Halaber, jarduera ugari egiteko aukera dago. Beraz, naturaz, gastronomiaz eta lasaitasunaz gozatu nahi dutenentzat leku paregabea da.
Denetariko informazioa
Eskaintza hori guztia zabaltzea da @urnieta_turismoa kontuaren asmoa. Bertan, alor horien gaineko informazioa zabaltzen joango da Udala pixkanaka. Helburu nagusia, Urnieta bisitatzera etorri nahi dutenentzat herrian topatu eta egin dezaketenaren gaineko informazioa zabaltzea da. Horretaz gain, urnietarren interesekoa izango den informazioa ere topatu ahalko da.
Kontuaren barruan ondorengo atalak sortu dira:
- Zuen argazkiak: Urnieta bisitatzera etortzen direnek “#URNIETA” edo “#URNIETABIZI” hashtag-a erabilita argazkiak ipintzeko aukera dute.
- Jarduerak: turismo alorrean interesgarrien izan daitezkeen ekintza edo eskaintza turistikoak topatu ahalko dira.
- Txotx: Urnietako sagardotegien inguruko albiste eta argazkiak txertatuko dira, Bestalde, beraien eskaintzaren berri emango da.
- Sarobe: Saroben garatzen diren ekintza kulturalen berri emango da. Gipuzkoan erreferente handi bat da Sarobe Arte Eszenikoen sektorean.
- Landetxeak: Urnietako landetxeen inguruko albiste eta argazkiak ipiniko dira. Halaber, beraien eskaintzaren berri emango da.
- Bitxikeriak: Urnietako historiarekin eta kulturarekin zerikusia duten galderak egiten dira. Horrela, ikasteko eta gure herriko kontu desberdinak modu dibertigarri batean ezagutzeko aukera ematen da, erantzunak unean bertan ezagutzen direlarik. Esate baterako, zein mendekoa den Azkorteko gurutze santuaren tailua.
Duela hilabete batzuk webguneko turismo atala berritu ostean, beste bultzada bat eman nahi dio Udalak herriko proiekzioari. Hala, @urnieta_turismoa kontua jarraitzera eta Urnieta deskubritzera animatzen ditu sare sozial horretako erabiltzaileak.