Indarkeria sexistari erantzun instituzionala emateko protokolo bat garatu da
2021·09·20
Urnietako Udalak indarkeria sexistari erantzun instituzionala emateko protokolo bat garatu berri du. Udalak bazuen Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko udalerrientzat garatutako indarkeria sexistako egoeretarako erantzun publiko instituzionalerako protokolo eredua, baina orain, Berdintasun sailak egindako lanari esker, dokumentua egokitu egin da, udalerriaren berezitasunak aintzat hartuta. Gidak Udalaren esku hartzea erraztuko du, beharrezkoa izanez gero, bai biktimei arreta eta laguntza eskaintzerakoan eta koordinatzerakoan, eta baita, gaitzespen publikoa erakusterakoan ere.
Erantzun instituzional zorrotza
Komunikazio instituzionala funtsezkoa da emakumeen aurka egiten diren indarkeria-mota eta adierazpenak ikusarazteko prozesuan. Ukaezina da indarkeria horien egiturazko eta hedapeneko izaerari, estereotipoak eta aurreiritziak ezabatzeari eta biktimak errespetatuko dituen eta emakumeenganako indarkeriazko agerpenik onartuko ez duen gizarte bat eraikitzeari buruz gizartea zabaltzen eta sentsibilizatzen laguntzeko duen gaitasuna. Beraz, protokoloak komunikazioa eta sentsibilizazioa modu zehatz eta egokian egiteko ere balioko du.
Aho batez
Protokoloa aho batez adostu eta onartu dute udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek (EAJ-PNV, EH Bildu eta PSE-EE), eta, horrela, urrats bat gehiago eman da emakumeen gaineko kontrola eta nagusitasuna iraunaraztea helburu duen egitura arazo hori desagerrarazteko bidean. Izan ere, indarkeria hori ez da gertaera isolatuen emaitza, ezta esplikaziorik ez duten gertakariena ere. Gizartean aurreiritzi iraunkorrak sortzen ditu, eta, ondorioz, gizartean muturreko eragin larria du. Hortaz, beharrezkoa da hezkuntza eta informazio lan sakon bat egitea hura desagerrarazteko eta gizartean berdintasunezko eredu bat ezartzeko.
Errealitate hori gizartean oso errotuta dagoela erakusten dute datuek. Horrelako erailketak zenbatzen hasi zirenetik Euskal Herrian eraildako 111 emakume eta 11 adingabe izan dira. Eta Estatuko datuei erreparatuz gero ostera, 2021ean 34 emakume hil zituzten genero indarkeriagatik (indarkeria sexistaren adierazpenetako bat), eta 2003tik 1.112. Genero indarkeriaren ondoriozko adingabe umezurtzei dagokienez, kopurua 19koa da 2021ean, eta 323koa 2013tik. Oraindik egiteko dagoen lan guztia islatzen dute zifra ikaragarri horiek.
0 tolerantzia islatzen duten plakak
Urnietako Udalak joera negatibo hori aldatzeko ekimenak bultzatzen jarraituko du, eta ildo horretan kokatzen da, hain zuzen ere, udalerriko sarreretan berriki egin zen plaken instalazioa, argi eta garbi adierazteko Urnieta eraso matxistak onartzen ez dituen herria dela. Helburua da gizartearen eta herritarren kontzientziazioa sustatzea, indarkeria matxistaren aurka eta, bereziki, indarkeria sexistaren aurka, emakumeen aurkako indarkeria moduan ere ezagutzen dena.
III. Berdintasun Plana
Bestalde, Udalak III. Berdintasun Plana garatzen jarraitzen du, datozen urteetan arlo horretan jarraitu beharreko gidalerroak zehaztuko dituena. Horretarako, partaidetza-saioak egin dira ordezkari politikoekin, udaleko teknikariekin, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alorrean, feminismoaren alorrean zein indarkeria matxistaren esparruan zeresana duten hainbat kolektiboekin, eta, oro har, urnietarrekin.
Horrela, plan berriak ahalik eta ikuspuntu gehien biltzea da asmoa, Urnietako errealitatera ahalik eta egokituen egon dadin. Behin amaituta, Udalak urnietarrekin partekatuko du.