Igerilekuko erreserbak online egin daitezke Urnietako Udalaren webgunean edo APP-an
2021·06·18
Igerilekuko erabiltzaileei hitzorduak hartzea errazteko helburuz erreserbak Udalaren webgunearen edo APP-aren bidez egiteko aukera eskaintzen du Urnietako Udalak gaurtik aurrera. Hala, erabiltzaileek astebeterako txandak hartzeko modua izango dute (eguneko txanda bat) kiroldegiko txandak hartzeko erabiltzen den leku berean eta modu berean.
Dena den, online moldatzen ez direnek hitzorduak telefonoz hartzeko aukera izango dute 688 720 742 telefono zenbakira deituta, eta baita harreran ere, aforoa beteta ez badago.
Erreserbaren baieztapena jasoko da
Hitzorduak online hartzeko prozedura berdina izango da bai APP-an eta baita webgunean ere. APP-ari dagokionez, kirola egiteko zapatilaren irudiaren barruan aurkitzen den atalean dago hitzorduak hartzeko leihoa. Webgunearen kasuan berriz, orri nagusian.
Bi kasuetan erabiltzailea sortu beharko da lehen aldian eta hortik aurrera erabiltzaile hori baliatuta sartu ahal izango da sisteman. Erabiltzailea sortzeko bi aukera egongo dira: NAN zenbakia erabiltzea edo edo B@kQ txartela baliatzea.
Behin sisteman sartuta, hitzordua igerilekurako hartu nahi dela adierazi beharko da (kiroldegirako ere har daitezke), eta segidan, eguna eta ordua. Gainera, txanda hartzeko unean jakin ahal izango dute erabiltzaileek zenbat plaza dauden libre une horretan txanda bakoitzean. Behin prozesu guztia amaituta mezu elektroniko bidez jasoko dute erabiltzaileek erreserbaren konfirmazioa.
Bestalde, ezustekoren bat sortuta erreserbaturiko orduan joan ezin duenak mezu horren bidez baliogabetu ahal izango du erreserba.
Erabilera gida
Zalantzak izan ditzaketen erabiltzaileei lagundu asmoz, Urnietako Udalak ondorengo erabilera gida sortu du, hitzorduak hartzeko jarraitu beharreko urrats guztiak azalduz.