Aplikazio habiaratuak
Albisteak
Atzealdea Hitzaldia: “Bullying egoerak minimizatzeko ingurune seguruak nola sortu”
2023·04·03
Haur eta nerabeen heziketa-prozesuan, guraso guztiek behar dute momenturen batean laguntza, guraso bezala dituzten funtzioak era egokian garatzeko. Laguntza edo sostengu horrek, ordea, ez du izan behar konpontzailea edo terapeutikoa bakarrik; aitzitik, helburu prebentiboa izan behar du, eta familiako kide guztien garapena sustatu.
Helburu horrekin, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak “Treba gurasoak” prestakuntza ekimena jarri zuen martxan aurreko ikasturtean gurasoak hezkuntza-gaitasunetan trebatuz, haurren eta nerabeen bizi-kalitatea eta aukerak hobetzeko. Lehenengo edizioan 79 hitzaldi eta tailer antolatu ziren eta esperientzia aberasgarria izan zenez, aurten, bigarren edizioa egingo da eta Urnietan 3 hitzaldi eskainiko dira.
Horietako bigarrenaren izenburua “Bullying egoerak minimizatzeko ingurune seguruak nola sortu” izango da eta Izaskun Lopezek gidatuko du. Ondorengoa izango da hitzaldiaren helburu nagusia: familiei seme-alabentzako ingurune seguru eta babesleak sortzen laguntzea, eta egon daitezkeen arrisku-egoerak detektatzen eta identifikatzen ikastea, hala nola jazarpen- edo bullying-egoerak.
Izena eman apirilak 17 arte
Hitzaldia apirilaren 19an eskainiko da, 18:00etan, kiroldegiko boxetako gela balioanitzean. Bertan parte hartzeko interesa dutenek izena eman beharko dute apirilaren 17 arte. Horretarako 3 aukera daude:
- Presentzialki: Gaztelekua, Bertan eta Gazte Informazio Puntua
- Telefonoa: 943008033
- Posta: gazteinformazioa@urnieta.eus
Zaintza zerbitzua
Bestalde, zaintza zerbitzua eskainiko da. Beharra dutenek jakinarazi egin beharko dute. Apirilak 5 izango da horretarako azken eguna.


