Aplikazio habiaratuak
Albisteak
Atzealdea Hainbat puntu onartu dira udalbatzarrean
2023·03·31
Urnietako Udalak hainbat puntu onartu zituen martxoaren 28an ospaturiko udalbatzarrean. Landutako gaien artean, martxoaren 23ko antolaketa batzordean onartutako 2022ko aurrekontuaren likidazioaren berri eman zen.
2023ko egutegi fiskala aho batez atera zen aurrera. Emaitza bera izan zuen Udaleko karrerako funtzionarioen, behin-behineko langileen eta arduraldi esklusiboa edo partziala duten korporazioko kideen soldaten %2,5 igoeraren onarpenak.
Baita, Lurraldeko Informazio Batzordearen izenaren aldaketak ere, Lurraldearen eta Jasangarritasun Energetikoaren Informazio Batzordea izendatuz. Izan ere, legeak esaten du energiako gaiak lantzeko batzorde berezi bat izendatu behar dela eta horregaitk dator modifikazioa.
Kiroldegiko obraren barruko eta kanpoko lanen likidazioari dagokion gastuak berriz, EAJ-ren aldeko bozka, EH Bilduren abstentzioa eta PSE-EE aurkako bozka izan zuen.
Alderdi sozialistak Langardako eremuari buruz aurkezturiko mozioa bestalde, ez zen aurrera atera. EH Bilduren babesa izan zuen, baina ez ordea, EAJ-rena. Prozesu luze baten ostean, azken urteetan Langardan saneamenduarekin egon den arazoa konpontzear dago.
Saioa Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari Babiloniako eremuko G.2.3 orubea lagatzeko konpromezuarekin amaitu zen, adinekoentzako egoitza bat eraikitzeko. Puntu horrek EAJren eta PSE-EEren aldeko botoa izan zuen. EH Bildu, berriz, abstenitu egin zen.