Edukira joan

Urnietako udalaren logotipoa

Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]

Habiaratutako portletak
Albisteak
Atzealdea

Hainbat mozio onartu dira udalbatzarrean

.

2021·05·27


Urnietako Udalak astearte arratsaldean ospaturiko udalbatzarrean hainbat mozio onartu ziren 3 ordu pasatxo iraun zituen saio luze batean. Horietako lehena ENBA eta EHNEk aurkeztutakoa eta EAJ-PNVk babesturikoa izan zen: "Mendiko abeltzaintzaren eta otsoaren populazioaren kontrolaren aldeko” mozioa.

Ondorengoak dira mozio horretan onarturiko bi puntuak:

  • Urnietako Udalak bere konpromezu tinkoa agertu nahi du mendiko abeltzaintzarekin eta gure mendiak larretzen dituzten ardiak, ahuntzak, behiak eta zaldiekin. Aziendaren maneju estensiboak, kalitatezko eta elikagai osasutsuen ekoizpenarekin batera, ingurunearen zaintza eta kudeaketarako tresna baliagarrienetakoa delako eta honenbestez, mendiko abeltzaintzarako mehatxua den otsoaren populazioa kontrolatuko dituen nurriak eta araudiak eskatzen  ditu.
  • Udalak helaraziko dio Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailari ez dezala otsoa babes bereziko espezieen katalogoan sartu eta honekin otso populazioei sarrera eta egonkortzea erraztu. Ez dezan kolokan jarri abelzaintza estensiboa. Gurea bezalako lurralde txikian, mendiko abelzaintza elkarbizi ezinezko praktika da eta otso populazioarekin.

EH Bilduk abstentziora jo zuen gai hori Eusko Legebiltzarrean eztabaidatu behar zela argudiatuta eta PSE-EE-k jarrera berdina hartu zuen gai hau Jaurlaritzaren konpententzia dela adieraziz eta bide horretan ordezko mozio bat aurkeztu zuela zehaztuz, abeltzantzarekin eta nekazaritzarekin duten konpromesua berretsiz. Sozialisten mozioa bertan behera geratu zen EAJ-PNV-ren ezezko bozkarekin eta EH Bilduren abstentzioarekin.

Bigarren mozioa "Biktimarioen lekua gure plaza eta herrietan" PSE-EE-k eta EAJ-PNV-k batera aurkeztu zuten.  Bozeramaile sozialistak aurkezpenean adierazi zuen Fernando Buesaren Fundaziotik datorren mozioa zela, Euskadi mailako PSE-EE, PP eta EAJ-PNV-ren akordio batekin zetorrela eta hainbat erakundetan erregistratzen ari zela. Gaineratu zuen bakearen eta bizikidetzaren erronkak konpromiso serioa eskatzen digula guztioi, egia, justizia eta erreparazioa hemen gertatu zenaren isla izan daitezen, biktimek errekonozimendua izan dezaten eta gertatutakoa ahaztu ez dadin, ahanzturak historia errepikatzera eraman gaitzakeelako. 

Halaber, mozio honek espazio publikoak bermatzea proposatzen duela azaldu zuen, eta balio demokratikoak indartzeko, memoria demokratikoa indartzeko, bizikidetza indartzeko eta indarkeriari zilegitasuna kentzeko bizikidetza-eremuak ahalbidetzea duela xede.

Azalpen horiei jarraiki EAJ-PNV-k zehaztu zuen ez zutela fokalizatu nahi gaia ETAko kideak izandako pertsonen harreretan, baizik eta azpimarra egin nahi zutela edozein biolentziarekin lotura duen inork ez duela espazio publikorik erabili behar errekonozimendurik jasotzeko.

Hauek dira mozio horretan onarturiko puntuak:

  • Presoei egindako omenaldi publikoak amaitzea.
  • Udalek bermatzea beren udalerrietako espazio publikoak bizikidetza-eremu izango direla, ETAkideak idealizatzen dituzten mezurik gabeak eta ez daudela ETAko presoen ikonografiak beteta.
  • Memoria demokratikoaren, bizikidetzaren eta indarkeriaren deslegitimazioaren balioak indartzeko tokiko guneak eta horma-irudiak bultzatzeko udal-foroak eratzea.

Mozioak bi alderdi horien babesa izanagatik EH Bildu abstenitu egin zen mozio horrek egungo markoan lekurik ez duela adierazi baitzuen eta markoa hobetzean eztabaidatuko dutela gehitu zuen.

Onarturiko hirugarren mozioa EAJ-PNV-k aurkeztutako "toki-erakundeek Euskadiko jasangarritasun energetikoari buruzko 4/2019 Legearen garapenari" mozio alternatiboa izan zen. Izan ere, EH Bilduk gai beraren gaineko beste mozio bat aurkeztu zuen PSE-EE-ren abstentzioa soilik lortuz. 

Ondorengoak izan ziren onarturiko puntuak:

  • Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari eskatzea areagotu dezala toki erakundeen arteko lankidetza eta laguntza indartzeko zeregina, ahalik eta proiektu gehien berraktibatzeko.
  • Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari eskatzea berma dezala "gauzatu energia" programara bideratutako baliabideak zuzenean iritsiko direla euskal udalerri guztietara, eta nahikoa izango direla toki ekimenak bultzatzeko
  • Gure lurralde historikoko Foru Aldundiari eskatzea Udalak gaitu ditzala "gauzatu energia" programarekin zorpetu daitezen, beharrezko inbertsioak egiteko beharrezkoa bada.
  • Eusko Jaurlaritzari eskatzea jarrai dezala energia berriztagarrien instalazio berrien alde egiten.
  • Lortutako akordioa dagokien erakundeei helaraztea.

EH Bilduk jeltzaleek aurkezturiko mozioaren alde bozkatu zuen eta PSE-EE abstenitu egin ziren arlo horretan Udal barruan proiektuak, planak eta ekintzak eskatuz. EAJ-PNV-ko Gobernu Taldeak erantzun zion jasangarritasunaren aldeko politikak herrian aurrera eramaten ari dela eta bide horretan sakontzen jarraituko duela, eta adibide batzuk jarri zituen. Esaterako, argiteria arloan pixkanaka LED sistemara pasatzen ari dira herriko puntu desberdinak kontsumoa murrizteko. Bestalde, Udaletxeko gasoil kaldera aldatu egin zela gogorarazi zuen dirulaguntza bati esker PELED-eko instalazio bat jarriz, zeinak Musika Eskolara, kultur etxera, Sarobera eta Udaletxera argindarra bideratzen duen. Horretaz gain aipatu zuen kiroldegi berrian ere sistema hori ezarriko dela, Jubitaltuen Egoitzan SATE sistema ezarri zela efizientzia energetikoa hobetzeko eta prestatzen ari diren argiteria publikoko pleguetan puntu hori aintzat harturko dela.

EH Bildu taldeak beste mozio bat aurkeztu zuen gai beraren gainean, baina PSE-EE abstenitu egin zen eta EAJ-PNV berriz, aurka azaldu zen.

Aurrera ateratako laugarren mozioa “Urnietako merkataritza biziberritzeko politikak" gaiari buruzkoa izan zen. Hau ere EAJ-PNV-k aurkeztutako mozio alternatiboa.

  • Urnietako Udalak udalerriko merkatariekin lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen du, tokiko merkataritzan kontsumoa bultzatzeko.
  • Urnietako Udalak Urnietako merkatariekin lankidetzan jarraituko du, merkataritza indartsu eta onbideratua lortzen saiatzeko, "On Bizi" elkartea sendotzeko laguntza emanez.
  • Urnietako Udalak lan egingo du Urnietako merkatariekin hitzarmen bat lortzeko, elkarteak ondo funtziona dezan eta bere helburuak bete daitezen.
  • Urnietako Udalak konpromisoa hartzen du Urnietako merkatariekin batera lan egiteko PERCO (Merkataritza Suspertzeko Plan Berezia) bat egiten, etorkizuneko ekintzen gidari izango dena.
  • Urnietako Udalak laguntza eta prestasuna ematen jarraituko du elkarteak tokiko merkataritza indartsua lortzeko planteatzen dituen ekimenetan.

Mozio honek EH Bilduren eta PSE-EE-ren ezetza jaso zuen, nahiz eta hiru alderdiek bat egin zuten herriko merkataritzaren garrantzia eta pairatzen ari den egoera konplikatua deskribatzean. Gobernu taldeak herriko merkataritza suspertzeko azken hilabeteetan buruturiko lanketak aipatu zituen, bonu kanpainak, dirulaguntza zuzenak, inbertsioak egiteko dirulaguntzak, formazio bilerak eta komunikazio kanpainak, besteak beste. Era berean, hemendik aurrera ere lanean jarraitzeko beharra nabarmendu zuen eta baita lan hori guztia merkatariekin batera aurrera eramatekoa ere. Zentzu horretan plan bat garatuko dela adierazi zuen egiten ari diren analisia abiapuntutzat hartuta. Oposizioko alderdiek berriz, aurrera eramandako lanketak ez direla funtzionatzen ari kritikatu zuten. EH Bilduren mozioak ostera, PSE-EE-ren babesa baino ez zuten lortu.

Udalbatzarrean landuriko beste mozio bat Caritasen janari banaketari buruzkoa izan zen, EH Bilduk eta PSE-EE-k batera aurkezturikoa. Ondorengo puntuak aurrera eramatea proposatu zuten bi alderdiek nahiz eta ez zen onartu EAJ-PNV-k ez baitzuen aldeko bozka eman: 

  • Europako eskaera egikaritzea
  • Parrokiarekin elkarlanean, Astigarragako hitzarmena eredu, banaketa udalak kudea dezala, beharrezko medioak jarriz. Horretarako sistema bat diseinatu eta dagozkien langileekin kudeaketa eginez.
  • Boluntario sarearen aktibazioa eta kontzientziazioa lantzea
  • Hau guztia diseinatzeko, ezinbestekoa ikusten dugu, plana osatzeko analisia eta plana osatzeko lan mahaia osatzea, non, parrokiako arduradun Xabierren presentzia eta teknikari arduradunaren presentzia ezinbestekotzat jotzen ditugun.
  • Halere, ekimen hau, ez da borondate teknikoan oinarritzen den gaia, borondatea politikoa da bere osotasunean eta horrela ulertzen eta abordatzen dugu.

Mozioa aurkezturiko bi alderdiek Astigarragan jarraitzen den eredua goraipatu zuten Urnietarako baliagarria izan zitekeela adieraziz, baina EAJ-PNV-k ostera, esan zuen Astigarrara janari tona dezente etortzen direla eta apaizak adierazi dienez zailtasunak dituztela horiek ongi kudeatzeko. Hala, eta Urnietako beharrak aintzat hartuta Gobernu taldeak ez du ikusten hemen tona horiek guztiak kudeatu beharra dagoenik eta lanketa hori aurrera eramateko Gurutze Gorriarekin hitzarmen bat egiteko lanean ari dela aurreratu zuen.

Udalbatzarrean aurrera irtendako azkena EAJ-PNV-ren beste mozio alternativo bat izan zen: “Urnietako Udalean ordezkaritza politikoa dugun hiru alderdiok bat gatoz Egape ikastolako DBH-ko eraikin berria Udalak une honetan duen erronka nagusietako bat dela esatean”. Mozio horrek Udalean ordezkaritza duten hiru alderdiak gai honetan bat egotea eskatzen zuen ondorengo gauzetarako:

  • DBH-ko eraikina Urnietan egin ahal izateko beharrezkoak diren lurrak bereganatzeko.
  • Lur horiek eskuratu eta gero egin beharreko urbanizazio guztiak lehenbailehen egiteko.
  • Urbanizazioa amaitu ostean, lurren erabilera Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailari uzteko, DBH-ko eraikin berria eraikitzen has dadin.
  • Proiektuaren kudeatzailea Urnietako Udala izanik, guztiok proiektuaren nondik norakoak ezagutu ditzagun, hilean behin bozeramaileen batzar bereziak antolatzea proposatzen dugu gaiaren jarraipena egin genezan.

Mozioa EAJ-PNV-ren aldeko bozkekin onartu zen. EH Bilduk eta PSE-EE-k beraien mozioa aurkeztu zuten aurretik gai beraren inguruan, baina beraien babesa soilik eskuratu zuen. Dena den, hiru alderdiak bat egin zuten DBH-ko eraikina lehenbailehen errealitate bihurtu behar dela adieraztean.

Jaiegunak eta ordainsarien igoera

Mozio horiez guztiez gain 2020ko finantza planaren kontrolaren txostena eta eta 2021eko finantza kontrolerako plana aurkeztu ziren eta 2021eko urtarrilaren 1eko atzeraeraginezko efektuarekin, Urnietako Udalaren zerbitzura ari diren karrerako funtzionario, bitarteko funtzionario eta behin behineko langileei berariazko osagarriaren % 0,9ko igoera onartzea onartu zen aho batez 2020ko abenduaren 31n zeuden kopuruekiko.

Igoera berdina onartu zen  arduraldi esklusiboa edo partziala duten korporazioko kideentzat , nahiz eta kasu honetan EAJ-PNV-ren aldeko bozkarekin eta PSE-EE-ren eta EH Bilduren aurkakotasunarekin izan zen. Azken alderdi honetako liberazioa duen zinegotziak igoerari uko egingo ziola adierazi zuen.

Eta azkenik, Urnietako udalerriko tokiko jaitzat honako hauek onartu ziren aho batez 2022rako: 

  • Uztailaren 31, San Inazio eguna. 
  • Irailaren 29a, San Migel eguna. 

Banner-a
Web edukia bistaratu

Jarrai gaitzazu Youtuben

Web edukia bistaratu

INFORMAZIO
GUZTIA ESKURA
KLIK BATEAN

  Twitter   Facebook   YouTube

Web edukia bistaratu
AGENDA KULTURALA

AGENDA

Web edukia bistaratu

Covid-19 Urnietan

Legenda
  Azken 14 egunetako kasuak 100.000 biztanleko
400 kasu edo gehiago
300 eta 399 kasu artean
60 eta 299 kasu artean
60 kasu edo gutxiago
Eraginik gabe edo 5.000 biztanle baino gutxiago udalerrian
 

 

*Datuen jatorria: OpenData Euskadi

**14 eguneko tasa 100.000 biztanleko. Tasak kalkulatzeko EUSTATen Biztanleen Udal-Erroldaren Estatistikan 2020ko urtarrilaren 1erako argitaratutako biztanleria hartzen da.