Gorka Goikoetxea: “estrategiak bezeroen beharretara egokitu behar dira”
2023·01·11
Urnietako Udalak Merkataritza Indarberritzeko Plan Berezia (PERCO) osatu zuen duela hilabete batzuk Ikertalde enpresaren laguntzarekin eta “On Bizi” merkatarien elkartearen kolaborazio aktibo eta zuzenarekin.
Gorka Goikoetxea Ikertaldeko aholkularia da eta berak kontatzen duenez, PERCO-an Urnietako merkataritzaren diagnostikoa egiteaz gain, ekintza plan bat ere marraztu zen zenbait lehentasunekin. Horietako bat zen hain zuzen, lehiakortasuna lantzea, izan ere, saltokiek lehiatzen duten agertoki globala asko gogortu da azken urteetan merkatalgune handien eta digitalizazioaren agerpernarekin. Egoera horren aurrean, herriko establezimenduen motibazioa landu eta digitalizazioa sustatzeko helburuz Urnietako Udalak abian jarri zuen lehiakortasun programa 2022an Ikertalderen eskutik. Herriko 9 establezimenduk hartu zuten parte bertan.
Merkataritza sektorearen papera asko aldatu da azken urteetan.
Sektorea zerbitizazio prozesu batean dago. Geroz eta zerbitzu enpresa gehiago daude kaleetan eta denden funtzioa asko aldatzen ari da. Dendek lehen funtzio beharrezko bat zuten, horniketa. Hau da, zerbait behar genuenean dendara joan behar genuen produktuaren bila. Orain berriz, produktua bera etxeraino bidaltzen dute saltoki handiek digitalizazioa medio. Beraz, gaur egun ez da nahikoa produktu on bat edukitzea, balio gehigarri bat eman behar diozu produktu horri. Adibidez mikrouhin-labe bat erosi nahi duen pertsona batek muntatzen eta instalatzen laguntzea, aholkularitza eta arazoren bat sortuz gero irtenbideak ematea nahi du. Estrategiak bezeroen beharretara egokitu behar dira, kasu honetan urnietarren beharretara.
Aldaketa horren barruan digitalizazioa ere beharrezkoa da ezta?
Establezimendu bakoitzaren beharren eta bezeroen arabera, baina oro har, bai. Ez soilik saltzeko, baita nork bere kudeaketa hobetzeko ere. Barne lanari dagokionean badaude zenbait euskarri digital lana optimizatzen eta lehiakorragoak izaten laguntzen dutenak.
Bestalde, bezeroekin konektatzeko eta aukera berriak eskaintzeko oso baliagarria da. Urnietan adibidez, Covid garaian whatsapp bidez eskaerak egiteko aukera zabaldu zen establezimendu batzuetan momentu hartako behar konkretu bati erantzuteko. Kontua da era estrategiko batean pentsatzea, ikusteko zein paper jokatu behar duten horrelako tresnek etorkizunean.
Dena den, askotan beldurra ematen digu aldaketak eta konfort egoeratik irteteak.
Edozein aldaketak bertigoa ematen digu eta dendariei ere bai. Are gehiago azken urteetako testuingurua ikusita. 2008an krisi bat egon zen, gero covid-a etorri zen, prezioen garestitzea, kontsumitzaileen ohitura aldaketak… Bilakaera ez da erraza sektorearentzat. Gainera merkatarien perfila nahiko edadetua izaten da, eta, hortaz, aldaketak egiteko dinamismo falta izan ohi da. Dena den, Urnietan badago jende gaztea aldaketaren alde dagoena eta sentsibilitate hori duena.
Beldur horiei aurre egitea ezinbestekoa da aurrera egiteko? Hau da, gurpil horretan sartzen ez dena atzean geratuko da?
Bai. Urnietako kontsumitzaileek eskatzen dutenarekin asmatu behar da. Baina agian orain eskatzen dutena ez dute eskatuko urte batzuk barru. Beraz, etengabe egokitzen joan beharko da. Hor dago gakoa. Horrenbestez, etengabeko formakuntza eta egokitzapena beharko da, sektore guztietan gertatzen den bezala. Bestela aurrera egiteko aukera gutxiago izango da.
Hori guztia lantzeko jarri zen martxan lehiakortasun programa.
Bai, bertan formakuntza egokitua eskaini da. Izan ere, ez da berdina elikadura denda bat, altzari denda bat edo fisioterapeuta zentro bat. Bakoitzak bere beharrak ditu, bezeroak desberdinak direlako, eta, beraz, estrategiek ere desberdinak izan behar dute.
Zer egin da programa horren baitan?
Fase desberdinak izan dira. Lehenik komunikazioa egin zen parte hartzera gonbidatzeko eta animatzeko. Ondoren, hasierako saio bat antolatu zen testuingurua azaltzeko eta lanketa honen beharraren garrantzia ulertarazteko. Gero, partaideek autodiagnosi bat egin zuten eta aholkularitza pertsonala abian jarri genuen partaide bakoitzaren perfilaren arabera lan plangintza bat diseinatzeko. Eta horretaz gain, gauza amankomunak talde saioetan garatu genituen.
Zer landu zenuten talde saioetan?
Hor ikusi zen bazegoela zailtasun bat sare sozialak eta irudi digitala kudeatzerako orduan, hau da, ez zekitela irudiak nola atera behar diren, eta hor fokalizatu ginen lehen talde saioan. Bigarren eta hirugarren saioetan berriz, lanketa bateraturako bideak aztertu ziren, hau da, nola kolaboratu dezaketen merkatarien artean. Hemen ikusi zen On Biziren papera indartzea funtsezkoa dela.
Zein aho gustorekin geratu dira partaideak?
Baliagarria izan zaie eta oso gustura ibili dira. Ikusi da ibilbide luzeagoa egin zitekeela eta programaren bigarren fase batean parte hartzeko gogoz geratu dira. Galdetegi bat pasa genien amaieran eta balorazioa oso ona izan da.
Baliagarritasuna ikusi izanak balio dezake hurrengoan jende gehiago animatzeko?
Udalak argi ikusi zuen programa bat martxan jarri behar zela, apuntatzen zen pertsona kopurua kontuan izan gabe. Helburua ibiltzen hastea eta aurrerapausoak ematen jarraitzea zen.
Zein mezu bidaliko zenieke parte hartu ez duten merkatariei?
Emaitza desberdinak nahi badira ezin dela gauzak berdin egiten jarraitu. Urnietako Udalak eskainitako aukera hau oso ona da eta aprobetxatu egin beharko lukete. Zure banakako aholkularitza sustatzen duen programa bat, herrian bertan eta doan, aukera paregabea da. Zure etorkizunean eta negozioan inbertitzea da. Ez dago ezer galtzeko eta irabazteko ostera, asko.