Edukira joan

Urnietako udalaren logotipoa

Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]

Habiaratutako portletak
Albisteak
Atzealdea

Gauzatu da urtarrileko udalbatzarra

.

2021·01·27


Urnietako Udalak 2021-2023 urteetako diru-laguntzen plan estrategikoa onartu zuen atzo ospaturiko udalbatzarrean. EAJ-ren Gobernu taldeak azaldu moduan, plan hau aurrekontuaren errealitatera lotua dago eta gizartekintza, kultura, gazteen parte hartzea, kirolaren sustapena, merkataritza, giza eskubideak, kultura, garapen pertsonala eta euskara bezalako eremuak hartzen ditu bere baitan. Horretaz gain, Gobernu taldeak adierazi zuen bi berritasun nagusirekin datorrela plana. Alde batetik, gizarte larrialdietarako laguntzak sartu dira, zeinak 140.000, 145.000 eta 145.000 euroko partidak izango dituen urte horietan hurrenez hurren. Eta bestalde, tokiko merkataritzarekin etorkizunean egingo diren hitzarmenetarako kapitulu bat barneratu da.

Gainerakoan plana aurrekoaren antzekoa dela zehaztu zen, eta garrantzia ahalik eta azkarren onartzeari eman zaiola, izan ere, bestela ezinezkoa da laguntzak banatzen hastea, eta hori izan da hain zuzen, zenbait elkarteren eskaera. Horretaz gain, Gobernu taldeak azpimarratu zuen plan hau abiapuntu bat dela, eta ondoren, sortzen diren beharren arabera moldatu egin daitekeela aurreko urtean egin zen moduan sorturiko egoera eta behar berriei erantzuteko.

Plan estrategikoa EAJ-ren bozkekin onartu zen, oposizioko bi alderdiek abstentziora jo baitzuten. PSE-EEk eta EH Bilduk planaren eraketan parte hartzeko aukerarik eduki ez izana kritikatu zuten, eta halaber, haien irudikoz laguntza batzuk murritzegiak direla adierazi zuten.

Ostalaritzako establezimenduei terrazen tasak kendu zaizkie

Bestalde, ostalaritzako establezimenduei terrazen tasak kentzea adostu zen. Gobernu taldeak azaldu zuen urte amaieran ordenantza fiskalak onartu zirenean tasa honetan %50eko beherapena egitea onartu zela, baina ondoren, herriko ostalariekin bildu ostean, eta Covid 19-aren ondorioz pairatzen ari diren egoera gero eta gogorragoa dela ikusita, tasa hori urte amaierara bitarte kentzea erabaki duela zehaztu zuen. EH Bildu eta PSE-EE ere neurri horren alde agertu ziren. Hiru alderdiek babesa erakutsi nahi izan zioten sektoreari egoera zail honetan.

Markel Carmona Lesakak beharrezko arreta soziosanitario-hezitzailea jasotzeko eskaera

Horretaz gain, bilkuran Markel Carmona Lesakak beharrezko gizarte eta hezkuntza laguntza izatea aldarrikatu zuten hiru alderdiek mozio bateratu baten bidez. Markel Carmona Lesaka 2020-2021 ikasturtean Urnietako Magale ikastetxean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen mailako ikasketak egiten hasi den ikasle gaztea da. Markelek hezkuntza-arreta berezia behar du bere garapen pertsonalarekin jarraitu ahal izateko. Ildo horretan, 2020-2021 ikasturte honetarako, murriztu egin dira Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Markel Carmona Lesakaren hezkuntza-premia berezi horiei erantzuteko esleitutako baliabide horiek (fisioterapiako arreta-orduak murriztea eta logopedia-zerbitzua kentzea). Gauzak horrela, onarturiko mozioaren bidez Udalak babesa eskaini nahi izan zion Markeli eta bere familiari, eta Markelek arreta soziosanitario-hezitzailea jasotzea eskatu zuen, bere mugak edo ezintasunak hobetzeko, aurreko ikasturtera arte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailetik ematen zitzaion bezala eta baliabide berberekin.

Egape DBH-ko eraikina

Egapeko DBH-ko eraikin berria ere gai-zerrendan egon zen. EH Bilduk mozio bat aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari proiektua garatu ahal izateko kargarik eta zortasunik gabeko orube bat berehala emateko eskatuz. Lursailak eskuratzeko, zuzeneko okupazioaren bidea erabiliko da, hori baita modurik azkarrena, eta EAJko Gobernu taldeak adierazi zuen horretarako beharrezko urratsak ematen ari dela. Izan ere, abenduan plan partziala behin betiko onartu zenetik, kanpoko enpresa batekin lan egiten ari da, zuzeneko okupazio lortzeko beharrezko dokumentazioa egin eta izapideak bizkortzeko. Lehenbailehen gauzatzeko konpromisoa hartu da, orain arte egin den bezala. Hiru alderdiek bat egin zuten puntu honetan eta PSE-EE-k ere mozioaren aldeko jarrera agertu zuen, eraikin berriaren beharra aldarrikatuz.

Azkenik, galdera eskarien atalean, hiru burutu zizkion EH Bilduk Gobernu taldeari. Lehena, herriko paneletan jartzen diren kartelen gainekoa. Kartelak jartzen eta kentzen dituzten enpresekin hitz egin da arazoa konpontzen saiatzeko, eta protoko bat ere landuko da. Musika eskolaren eredu berriari buruz proposamen bat lantzen ari dela adierazi zuen Gobernu taldeak eta amaitzean eztabaidatzen eta adosten saiatuko direla. Mikaela Enearen egoeraren gainean berriz, azaldu zen ebaluazio txostena jaso dela eta Hirigintza saila aztertzen ari dela ondoren batzorde batetik pasatzeko.

PSE-EEren lehen galdera Gipuzkoako Foru Aldundiarekin 2019an adostutako adinekoentzako egoitza bat eraikitzeari buruzkoa izan zen. Gobernu taldeak erantzun zuen Aldundiaren asmoak indarrean jarraitzen duela eta egoitza Urnietan eraikiko dela, baina oraindik ez dituztela lurrak eman, Babiloni eremuaren barruan daudelako eta horiek lortzeko lanean ari direlako. Bestalde, Udalak eguberriak zoriontzeko bidali zuen gutunari buruzko argibide bat eskatu zuten, eta adierazi zen herritar urnietar guztiei zuzenduta zegoela, udalaren eta alkatearen izenean.


Banner-a
Web edukia bistaratu

Jarrai gaitzazu Youtuben

Web edukia bistaratu

INFORMAZIO
GUZTIA ESKURA
KLIK BATEAN

  Twitter   Facebook   YouTube

Web edukia bistaratu
AGENDA KULTURALA

AGENDA

Web edukia bistaratu

Covid-19 Urnietan

Legenda
  Azken 14 egunetako kasuak 100.000 biztanleko
400 kasu edo gehiago
300 eta 399 kasu artean
60 eta 299 kasu artean
60 kasu edo gutxiago
Eraginik gabe edo 5.000 biztanle baino gutxiago udalerrian
 

 

*Datuen jatorria: OpenData Euskadi

**14 eguneko tasa 100.000 biztanleko. Tasak kalkulatzeko EUSTATen Biztanleen Udal-Erroldaren Estatistikan 2020ko urtarrilaren 1erako argitaratutako biztanleria hartzen da.