Aplikazio habiaratuak
Albisteak
Atzealdea Gabonetako opari-txekeen kanpaina: atxiki nahi duten establezimenduek abenduaren 3ra arte eman dezakete izena
2021·11·26
Udalerria dinamizatzeko eta Gabonetan Urnietako establezimenduetan kontsumoa sustatzeko helburuz, On Bizi merkatarien elkarteak diseinatutako eta Urnietako Udalak finantzatutako opari-txeke kanpaina gauzatuko da.
Abenduaren 3a, izena emateko azken eguna
Kanpaina abian jarri aurretik, bertan parte hartuko duten establezimenduen zerrenda osatuko da. Hala, interesa duten saltokiek kanpainarekin bat egin dezakete abenduaren 3ra arte. Horretarako, ondorengo telefono-zenbakira deitu edo WhatsApp bidez idatzi beharko dute: 688607762.
Establezimendu bakoitzak 150 euro banatuko ditu opari txekeetan
Kanpainaren funtzionamenduari dagokionez, Urnietan erroldatuta dauden eta kanpainan parte hartzen duten establezimenduetako batean edozein erosketa edo kontsumo egiten duten pertsonek (izena emateko epea amaitzen denean argitaratuko da establezimenduen zerrenda) txartel bat bete eta establezimenduan bertan uzteko aukera izango dute.
Ondoren, urtarrilaren 8an, zozketa publiko bat egingo da Lekaio kultur etxean. Establezimendu bakoitzak 20 euroko 6 txeke eta 30 euroko 1 banatuko ditu txartelak bete dituzten urnietarren artean.
On Bizi merkatari elkarteak eta Urnietako Udalak herriko establezimenduak kanpainan parte hartzera animatzen dituzte.