Aplikazio habiaratuak
Albisteak
Atzealdea Frantziako Tourra Urnietatik igaroko da uztailaren 2an eta hainbat egokitzapen egingo dira segurtasun neurriak betetzeko
2023·06·19
Uztailaren 2an mundu mailako kirol ekitaldi handienetako batez gozatzeko aukera izango da herrian, izan ere, Frantziako Tourra igaroko baita Urnietatik.
Tropela Andoaindik iritsiko da 15:50 aldera eta herri osoa zeharkatuko du Idiazabal kaletik, ondoren Hernaniruntz jarraitu eta etapa Donostian amaitzeko.
Maila honetako lasterketa batek ordea, segurtasun dispositibo zorrotza eskatzen du, eta antolakuntzak hainbat neurri hartzea eskatzen du.
Errepidea itxita ibilgailuentzat 12:00-17:00 bitartean
Ezin izango da ibilgailurik ibili ordutegi horretan. Andoaindik Hernanira doan errepide osoa itxita egongo da Idiazabal kaletik igarota. Beraz, ibilgailuarekin irten behar dutenek lehenago egin beharko dute, edo bestela, kotxea aurretik Zabaletako aparkalekuan utzita Lasarteko bidetik joateko aukera izango dute.
Oinezkoei dagokienean bestalde, 13:00etik aurrera ezin izango da Idiazabal kalea gurutzatu, tropela igaro baino 2 ordu lehenago pasako baita lasterketako karabana.
Idiazabal kaleko ibilgailuak kenduko dira
Lasterketako egunean Idiazabal kaleko aparkaleku guztiek libre egon beharko dute, eta horretarako, Udaltzainak astebete lehenago hasiko dira aparkaleku horiek ixten.
Hondakinen edukiontziak lekuz aldatuko dira
Arrazoi berdinarengatik Idiazabal kalean kokaturik dauden edukiontzien irlak lekuz aldatuko dira behin-behinean. Zelai Aldekoa Errekaldeko irlara pasako da eta Matxo tabernaren alboan dagoena berriz, Pintore kalekora.