Aplikazio habiaratuak
Albisteak
Atzealdea Edukiontziak irekitzeko ohiko ordutegiari helduko zaio berriro
2021·08·31
Errefusaren edukiontzien funtzionamendua ohiko dinamikara itzuliko da irailaren 1etik aurrera, eta asteazkenetan eta igandeetan bakarrik ireki ahal izango dira (komertzioek, jatetxeek eta tabernek larunbatetan ere bai). Urnietako Udalak bi alditan malgutu du neurri hori Covid 19ak eragindako alarma-egoeraren ondorioz, hala behar zuten herritarrek egunero utzi ahal izan zitzaten erabilitako prebentzio-materialak, hala nola eskularruak edo maskarak.
Oraindik egoera kezkagarria den arren, txertaketek aurrera egin duten heinean egoera zertxobait egonkortu dela aintzat hartuta edukiontzien funtzionamenduaren ohiko dinamika berreskuratzea erabaki du Udalak.
Erlaxatu gabe
2017.urteko urrian bilketa sistema berria ezarri zenetik garapen nabaria eman da Urnietan bilketa selektiboaren tasetan. Urte hartako urtarriletik abuztura bitartean, organikoaren edukiontzi marroia giltzarekin eta bolondreski irekitzen zela, bilketa selektiboaren tasaren batez bestekoa %51,5ekoa izan zen. 2018ko urtarriletik abuztura bitartean berriz, organikoaren eta errefusaren edukiontziei sarraila elektronikoa jarrita eta errefusaren irekiera astean bi egunetara mugatuta, tasaren batez bestekoa %69,2koa izan zen. Beraz, urte batetik bestera %17,7ko igoera eman zen aipaturiko epean.
2019.urteko batez bestekoari erreparatuz gero, (pandemia hasi aurretik), batez bestekoa are eta altuagoa izan zen, %71,4koa, hain zuzen. 2020an aldiz, behin pandemia hasita, batez bestekoa %71ra jaitsi zen, eta aurtengo urtarriletik uztailera bitartekoa %69koa izan da.
Beraz, sistema berriarekin garapena positiboa izan den arren, azken hilabeteetan erlaxazio puntu bat antzeman da. Beraz, Udalak gai honekiko konpromezua eskatzen die herritarrei, aurrerapausoak ematen jarraitzeko eta norbanako bakoitzaren ekarpenetik abiatuta onura kolektiboa lortzeko.
Paperontzi selektiboak zaborra hobeto sailkatzeko
Zentzu horretan aurrera egiteko zenbait hobekuntza garatzen joan da Udala. Azkena, kalean gaudenean sortzen dugun zaborra hobeto sailkatzen laguntzeko launaka sailkatuta dauden paperontzi selektiboak jartzea izan da: papera, ontzi arinak, organikoa eta errefusa.
Bolumen handiko hondakinak astelehenetan
Bestalde, gogorarazten da bolumen handiko hondakinak astelehenetan utzi behar direla edukiontzien irlen ondoan, oinezko pasabideak oztopatu gabe eta modu txukun batean metatuta. Gainerako egunetan Garbigunera eraman behar dira. Urnietatik gertuen dagoena Andoaingoa da.