Aplikazio habiaratuak
Albisteak
2020·10·07
Udalerriko establezimenduetan kontsumoa sustatzeko eta herriko familiei laguntzeko helburuz Erosi Urnietan bonu-kanpaina jarri zuen abian Udalak irailaren 21ean. 20 euro ordainduta kanpainan parte hartzen duten establezimenduetan 30 euro gastatzeko aukera eskaintzen zaie urnietarrei, gainerako 10 euroak Udalak ipintzen baititu.
4 bonu-sorta
5 euroko eta 10 euroko formatuetan aurkezten diren bonuak azaroaren 30era arte erabil daitezke, eta, beraz, oraindik erosi ez dituzten herritarrek oraindik badute parte hartzeko aukera. Gainera, bonu asko oraindik saltzeko daudela ikusita, Udalak herritar bakoitzak eros dezakeen gehienezko kopurua handitzeko erabakia hartu du. Hemendik aurrera, pertsona bakoitzak 4 bonu-sorta erosi ahal izango ditu.
Horrek esan nahi du dagoeneko 2 bonu-sorta erosi dituztenek beste 2 erosi ditzaketela beren izenean. Lote bat erosi dutenek 3 gehiago erosi ahal izango dituzte, eta bat bera ere erosi ez dutenek 4.
Aurretiko hitzordua derrigorrezkoa
Bonuen salmenta Sarobeko bulegoan zentralizatuta dago astelehen honetatik. Izan ere, Errekalde 1eko bulegorako hitzordu gutxi eskatzen zituzten herritarrek eta gehienak Saroben biltzen ziren. Aurretiko hitzorduak ezinbestekoa izaten jarraitzen du, eta hiru aukera daude eskatzeko:
- Webgunea: www.urnieta.eus
- APP: mugikorraren bitartez
- 688 720 742 telefonora deituta
Bonuak erostera joandakoan nortasun agiria eta kreditu txartela eraman beharko dira derrigorrean. Lehenengoa Urnietan erroldatuta dagoela eta 18 urte baino gehiago dituela egiaztatzeko, eta bigarrena berriz, ordainketa egiteko, Covid 19a dela eta segurtasun neurri gisa. Halaber, pertsona bakoitzak bere familiako kideen edo lagunen bonuak erosteko aprobetxatu dezake hitzordua ordezkapen idatzia beteta eta sinatuta eramanda.
Aukera zabala
Behin bonuak erosita, kanpainara atxikitako 57 establezimenduetan gasta ditzakete herritarrek. Bonuak erosteko momentuan establezimendu horiek guztiak zehazten dituen orria banatuko zaie herritarrei, eta establezimendu horiek ere identifikazio kartel bat dute atarian.
Erosketak gutxienez bonuaren balioa izan behar du
Erabilerari dagokionez, erosketaren zenbatekoak bonuaren balioaren berdina edo handiagoa izan beharko du, erosketaren zenbatekoa bonuaren zenbatekoa baino txikiagoa bada, aldea ez baita itzuliko. Hau da, bonu bakoitza erosketa bakoitzean agortu beharko da.