Aplikazio habiaratuak
Albisteak
Atzealdea Aurrerapauso berriak Egaperen DBH-ko eraikina eraikitzeko eta etxebizitzak egiteko bidean
2020·12·04
Urnietaren etorkizuneko garapenerako berebiziko garrantzia duten bi puntu onartu dira gaur goizean Udaletxean ospatu den Udalbatzarrean. Alde batetik, Ermotegi 27 HEA delakoaren Plan Bereziaren testu bategina behin betiko onartu da aho batez, eta horrela, eremu horretako etxebizitzak lehenbailehen eraikitzen hasteko funtsezko urrats bat eman dela adierazi du EAJ-ren Gobernu Taldeak. Azaldu du gainerako dokumentu urbanistikoak ere aurreratuta daudela eta horiei ere onarpena epe motzean ematea espero duela Urnietak duen etxebizita beharrari erantzuna lehenbailehen emateko. PSE-EE-k esan du garapen horren premiarekin ados dagoela, eta puntu honetara iristea kosta bada ere proiektua laster garatzen hasiko dela dirudiela. EH Bilduk ere bat egin du balorazio horrekin.
Bestalde, Babiloniako 32 HEA-ren alegazioak ebatzi dira eta bertako Plan Partzialaren testu bategina behin betiko onartu da. Gobernu Taldeak argitu du, plan honek Urnietako behar nagusiei erantzuteko balioko duela: 340 etxebizitza egiteko –horietatik %75 sozialak eta %25 libreak-, Egape ikastolaren DBH-ko eraikin berria eraikitzeko eta adineko pertsonentzako egoitza bat garatzeko. Gauzak horrela, urrats hau ematearekin oso pozik agertu da Gobernu Taldea, herritarrei aukera horiek ahalbidetzeko eta Urnieta garatzen jarraitzeko aurrerapauso bat eman delako. Dena den, pena azaldu du EH Bildu eta PSE-EE puntu honetan abstenitu izanagatik.
Alderdi sozialista haserre agertu da, bere garaian dokumentua aztertzeko 3 egun baino ez zituztela izan argudiatuta, eta alegazioak aurkezteko epearen zati bat abuztuan izan zela adierazita, eta horrek lana zailtzen duela uste du. Gainera, alegazioak ebazteko 15 hilabete itxaron behar izan dutela eta gauzak lehenago egin zitezkeela azaldu du. Dena dela, garapen urbanistikoa aurrera atera behar dela esan du, 21 urte daramatzatelako lanean. EH Bildu bat etorri da hausnarketa horrekin, eta alegazioekin eztabaidarako denborarik ez dela egon eta 15 hilabete impasse batean igaro direla esan du. Horrez gain, aurrerantzean egin behar denaren egutegia zehaztea eskatu du.
EAJren Gobernu Taldea minduta azaldu da Egapeko eraikin berria eraikitzeko prozesuaren epeen inguruan azken boladan jaso dituen kritikekin, izan ere, azaldu du, proiektua inoiz ez dela geldirik egon eta burubelarri lan egin duela eta horretan jarraituko duela, lehentasun argi bat delako herriarentzat eta beraientzat. Dena den, gogorarazi du, mota honetako prozesu urbanistiko konplexuek bere denbora eskatzen dutela, pauso mordoa eman behar direlako eta gauzak ondo egin behar direlako. Zentzu horretan Bilduk proposaturiko kalendarizazioa hasieratik egin beharko litzatekeela adierazi du, orain arte jarraituriko bidea ezagutarazteko eta egindako guztia jakinarazteko.
Zentzu horretan gogorarazi du Urnietako Udalak Plan Orokor berria 2014ko azaroan onartu zuela behin betikoz, izan ere, lehen onarpena 2007an izan zen. Beraz, 7 urteko impasse bat egon zen epe horretan, “guk nahi baino gehiago” zehaztu du. Plan Orokorrarekin herria berrantolatu zela azaldu du Gobernu Taldeak, etxebizitzak egiteko 3 eremu berri eta garapen industrialetarako beste 2 zehaztuz. Gainera, garapen urbanistikoen leheneste bat ere egin zen, eta lehenik, AIU 32 eremua garatzeko apustua egin zuela zehaztu du Gobernu Taldeak. Horren atzean bi arrazoi nagusi zeuden: eremu horretan etxebizitza kopuru handi bat egiteko aukera zegoela, eta 75.000 metro karratuko eremu bat denez Urnietako herriaren beharrei eta zerbitzu publikoei erantzuteko dotazionalak diren metro karratu ugari ateratzeko aukera zuela. Dotazional izateak aukera ematen du interes orokorreko azpiegiturak egiteko, eta EAJ-k argi izan du hasieratik espazio dotazional horretan lehentasun nagusia, Egaperen derrigorrezko bigarren hezkuntzako eraikina egitea dela azpimarratu du Gobernu Taldeak. Hala, Egapek eskola kanpusa izango luke, haur hezkuntza, lehen hezkuntza eta bigarren hezkuntza eremu berean batera izanda. Horretarako, gogora ekarri du adostasun zabala lortu zela Udalaren eta hezkuntza komunitate guztiaren artean – ikastolako zuzendaritza eta gurasoak -.
Ondoren, 2015etik aurrera Gobernu Taldeak burubelarri jardun duela esan du eman beharreko pauso guztiak emanez. Dena den, aitortu du zailtasun ugari izan direla bidean, garapen horretarako beharrezko lurrak jabe pribatuenak direlako eta ez Udalarenak. 2015-2017 urteetan bilera ugari egin ziren jabeekin Udalak interes publikoen defensa egiteko jarrera izan zuelarik. Gauzak horrela, prozesuarekin aurrera jarraitzeko asmoz jabeekin konpromezu sendo bat hartu zuen Gobernu Taldeak proiektua garatzeko lidergoa hartuz. Horretarako, Babilonia urbanistikoki garatzeko beharrezkoak ziren dokumentu urbanistiko guztiak Udalak aurretik ordainduko zituela adostu zen tramiteak errazteko eta jabeei ezer ez kobratzeko eremuaren garapena eman arte eta promotore batekin akordio bat lortu arte. Hau da, jabeek konpentsazio ekonomiko bat lortu arte. Eta hala egin da ordudanik.
2016.urtean berriz, eremuaren azterketa topografikoa egin zen. 2017n jabeekin adostu ostean, eremua garatzeko beharrezkoa den Plan Partzialaren garapena egiteko hitzarmena landu zen eta 2018ko urtarrilean Plan Partziala garatzeko lehiaketa atera zen. Urte horretako apirilean planaren garapena Uslan etxeari esleitu zitzaion eta honek azaroan aurkeztu zuen Plan Partziala. Legeak eskatuta plan hori jaso bezain pronto Eusko Jaurlaritzari bideratu zitzaion, Ingurumen Departamenduaren aldeko txostena edukitzea beharrezkoa baitzen. Jaurlartizak aldeko txostena 2019ko ekainaren 11n bidali zion Udalari. Ondoren, hilabete beranduago, Plan Partzialaren hasierako onarpena onartu zuen Udalak. Hortik aurrera bi prozedura irekitzen ziren. Bat interesdunei alegazioak aurkezteko epe legala ematea, eta bestea, Plan Partziala onartu aurretik beste erakundeetatik jaso behar diren txosten sektorialak eskuratzea: Aldundiarenak Jaurlaritzarenak eta Espainiako Gobernuarenak zehazki. Bidali zitzaizkien dokumentuak eta 2019ko irailean Aldundiko Errepideen Departamenduaren agindua jaso zuen Udalak planean aldaketa batzuk egiteko eskatuz. Uslanek aldaketa horiek txertatu zituen planean Udaleko arduradun teknikoekin aldaketak adostuta. 2020ko ekainean berriz, Ur Agentziaren agindu bat jaso zuen Udalak beste aldaketa batzuk proposatuz. Aldaketa horiekin dokumentuak eguneratu eta dokumentuak bidali ziren berriro aztertuak izan zitezen. Azkenik, 2020ko azaroaren 11n Ur Agentziaren aldeko txostena iritsi zen, eta behin espedienteari amaiera emanda, Plan Partziala onartu du gaur Udalak, azaldu du Gobernu Taldeak.
Halaber, Gobernu Taldeak adierazi du emandako pauso guztiekin eta buruturiko lanarekin argi geratzen dela proiektua ez duela inondik inora geldirik izan eta egin beharreko guztia ahalik eta azkarren egiteko jardun duela burubelarri lanean, eta aurrerantzean ere berdin egingo duela. Zentzu horretan, eta proiektua mantso doalaren gainean jaso dituen kritiken aurrean, oposizioko alderdien alegazioak aztertuta zentzu horretan kontraesankortasun handia topatzen duela adierazi du, izan ere, bertan hobekuntzak planteatzeaz gain, plan hori nuloa kontsideratzea eskatzen omen da, plana berriz egitea eskatuz. Horrek prozesua beste 11 hilabete atzeratzea suposatuko luke, eta beraz, gauza horiek zalantzak sortzen dizkiotela adierazi du Gobernu Taldeak, oposizioak proiektua oso mantso doala kritikatzen duelako, baina era berean beste 11 hilabete itxaroteko prest dagoelako. Halere, Gobernu Taldeak zehaztu du orain arte bezala oso argi duela egin beharrekoa, eta horretan jarraituko duela. Azkenik, Jokin Bildarratz Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuak berriki Urnietara egindako bisitan Egapeko eraikina garatzeko konpromezu irmoa hartu zuela jakinarazi du.