Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Urnietako udalaren logotipoa

Mostrar/ocultar men� principal de navegaci�n [eu]

Barruko horrien irudia

Aplikazio habiaratuak

Albisteak

Andoni Murillo: “hilabete zailak izan dira, baina zerbait positiboa ateratzeagatik denbora gehiago eskaini ahal izan diogu prestatzen ari garen diskoari eta ilusioz beteta gaude”.

-

2020·10·07


Andoni Murillo urnietarra Lord Witch taldeko abeslaria da. Bergarako heavy metal talde honekin bere pasioaz, musikaz, gozatzen du. Zaletasun hori baina Urnietako Embalajes Bereciartua enpresan egiten duen lanarekin uztartu behar du musikatik bizitzea pribilegiatu gutxi batzuen eskura baitago. Esan duenez, Koronabirusaren ondorioz bizi dugun egoerak asko eragin die, baina taldea disko berria prestatzen ari da eta ilusio handia du.

Koronabirusak ondorioak izan ditu sektore guztietan, eta kultura da okerren pasatzen ari denetako bat.

Guri asko eragin digu, urte ikusgarria izatea espero genuen, baina programatuta genituen kontzertu, bolo eta jaialdi guztiak bertan behera geratu zaizkigu eta oso hilabete zailak izan dira. Zerbait positiboa ateratzeko, prestatzen ari garen diskoari denbora gehiago eskaini ahal izan diogu, nahiz eta modu berezian izan den, azken hilabeteotan bakoitzak gure etxetik lan egin behar izan baitu nagusiki.

Disko bat grabatzea beti da albiste ona, ez baita batere erraza, eta are gehiago garai honetan.

Egia esan, bai. Ilusio eta gogo handiarekin gaude. Abesti bat pasatu genion Durangoko diskoetxe bati eta deitu egin zigun. Eskaini zigutena eta proposatu ziguten proiektua gustatu zitzaigun, eta haien alde egitea erabaki genuen. Kantak osatzen amaitzen ari gara. Diskoak 8 abesti izango ditu ziurrenik. Urte amaieran grabatzen hastea eta 2021ean kaleratzea espero dugu.

Nolakoa izango da diskoa?

Aldaketa txiki bat egongo da, nik taldean urtebete pasatxo soilik daramadalako. Beste bi disko grabatuta ditu aurretik taldeak. Lehena heavyagoa zen, bigarrena beste kantari batekin egin zuten eta klasikoagoa zen, eta orain nirekin, erabateko aldaketa etorriko da. Ildo beretik jarrai dezan saiatuko gara, baina ukitu desberdin batekin, aldaketa nagusia ahotsean izango delarik.

Nolakoa da zure ahotsa?

Guk heavy musika egiten dugu, baina nire ahotsa ez da heavy klasikoa, oso ahots urratua da, oso karraskaria. Normalean ez da horrelako ahotsik entzuten heavy estiloan, eta zerbait desberdina izango da. Ez dugu esentzia galduko, baina berritu egingo dugu, eta ahots-aldaketa horrek desberdintasun puntu hori emango dio. Nire ustez, disko honekin jende gehiagorengana iritsiko gara. Instrumentalak nire ahotsera egokitu ditugu eta oso polita geratuko da.

Nolakoa da letrak egiteko eta osatzeko prozesua?

Ez da erraza. Guk, konposatzerakoan, nahiago izaten dugu lehenik zati instrumentala konposatu, eta gero horren arabera letra sortu.

Zaila da taldekideekin ados jartzea?

Lehenik, melodia eta letrarekin sortzen ditut abestiak, eta, ondoren, gainerako kideei erakusten diet, eta bakoitzak bere ekarpenak egiten ditu. Eramaten dudanetik ateraten denera aldaketa egon ohi da, baina beti hobera. Azken emaitza hobetzen duen prozesu aberasgarria da.

Zein mezu transmititu nahi dituzu diskoan?

Diskoa ez da gai zehatz bati buruzkoa izango, aniztasunak beste aberastasun bat ematen dio, baina, adibidez, maitasunaz hitz egingo dugu. Fantasiarekin jolastea ere gustatzen zait, mota horretako literatura asko irakurtzen dudalako. Gaurkotasuneko gauzak kontatzen saiatzen naiz, baina ukitu epikoa edo fantastikoa emanez. Diskoak oso doinu itsaskorrak izango ditu.

Nola sortu zitzaizun Lord Witch taldera batzeko aukera?

Hiru bat urte neramatzan talde baten bila, hainbat urtez geldirik egon bainintzen nire kontura gauzak egiten. Taldea Bergarakoa da eta nirekin harremanetan jarri ziren kasualitatez, musikarien webgune baten bidez. Proiektua eta nola funtzionatzen zuten azaldu ondoren, bilatzen ari nintzena zela konturatu nintzen. Bazirudien taldea niretzat egina zegoela.

Beraz, moldaketa azkarra izan zen.

Oso harrera ona egin zidaten eta lehen egunetik beraiekin denbora mordoa neramala zirudien, lotura handia izan zen.

Zenbat kide ditu taldeak?

Bi gitarrista, baxu-jotzaile bat, bateria eta ahotsa. Bat Gasteizkoa da, beste bat Eibarkoa, bi Bergarakoak eta gero ni. Entseguak Bergaran egiten ditugu, nahiz eta azkenaldian ia ez garen elkartu bizi dugun egoeragatik.

Erraza al da musika eta bizitza pertsonala uztartzea?

Nik bi seme ditut eta ez dut nahiko nukeen denbora guztia. Zentzu horretan, entseguak Bergaran izateak beldur pixka bat ematen zidan hasieran, baina probatu egin nuen eta oso ondo moldatu ginen. Etxean estudio txiki bat daukat eta hara joaten ez naizenean etxean egiten dut lan.

Zer egiten duzu etxean zehazki?

Letrak eta doinuak konposatu edo, bestela, entseatu. Kaskoak jantzi, musika ipini, mikroa  hartu eta kantatu egiten dut bizilagunek utzi arte. Oraingoz ez naute bota kar, kar, kar. Eskerrak eman behar dizkiet pazientzia handia dutelako.

Nolakoak dira entseguak eta zer egiten duzue horietan?

Denetarik prestatzen dugu. Alde batetik, abesti berriak, eta bestetik, aurreko abestiak. Gero, kontzerturen bat hurbiltzen denean, berariaz prestatzen dugu joko duguna. Orain erabat zentratuta gaude konposizioan, disko berria lantzen ari garelako, eta, gainera, aurreikusita genuen guztia bertan behera geratu delako.

Erritmoa areagotzen da diskoa prestatzen denean?

Nerbioak izaten dira eta antsietate pixka bat era bai. Urtebete dugu proiektua garatzeko eta taldean nabaritzen da.

Zenbat denbora eskaintzen diozu musikari astean?

Egoera normal batean, Koronabirusa agertu aurretik astean 5-6 ordu eskaintzen nizkion entseatzera joandakoan, baina egoera honekin haurrekin asko egotea tokatu zait, eta ezin izan diot musikari nahi adina tarte eskaini.

Hitz egiguzu talde honekin egin duzun ibilbideaz.

Lehen kontzertua enbaxada izugarria izan zen, baina aldi berean esperientzia aparta. Aste batzuk hizketan egon ondoren, deitu egin zidaten, taldera batzen nintzen edo ez esateko, oso bolo garrantzitsua zutelako eta, bestela, beste abeslari bat bilatu behar zutelako. Boloa Mago de Ozekin Eibarren jotzea zen. Baietz esan nien eta 2.000 lagunen aurrean jo genuen. Eibarko Unzaga plaza beteta zegoen erabat, eta urteetan agertoki batera igo gabe egon ondoren, sentsazio ikaragarria izan zen. Ahaztezina. Nik ez nuen inoiz hainbeste jenderen aurrean jo, ikusgarria zen. Une horretan metalaren jainkoa sentitzen zara, nahiz eta gero musikari xumeak izan.

Bi urtez eszenatokira igo gabe egon ondoren nerbioak izango zenituen.

Ez nintzen gogoratzen zer zen sentsazio hori, eta oso urduri nengoen kontzertuak ondo atera behar zuelako bai ala bai. Gu ginen teloneroak eta jende gehiena Mago de Oz ikustera joango zen, baina inpresio handia egiten du. Dena den, oso onarpen ona izan genuen. Nik beti egin izan dut amets jende askoren aurrean jotzearekin.

Zer sentitzen da eszenatokira igo eta mikrofonoa hartzen duzunean?

Sentsazio pilo bat izaten dira aldi berean. Jende askorentzat abestea saria da.

Zertan bereizten dira zuen zuzenekoak?

Gu ez gara makina batzuk, ezta sekulako musikariak ere. Oso ondo pasatzen dugun 5 lagun gara, eta hori da publikoari transmititzen dioguna. Ikusten gaituen jendeak ere gozatu egiten du gure kontzertuetan, hor dago gakoa. Eta hori askotan ez da erraza izaten. Talde batzuk oso onak dira, baina ez dute transmititzeko gaitasun hori. Energia asko daukagu.

Nola definitzen duzu zure burua agertokian?

Asko gustatzen zait mugitzea. Jendeak zerbait desberdina ikustea. Akats bat egiten badut, gauza naturala dela ikustea. Aukera hori egon dadila, jendeak huts egin arren ikus dezala gozatzen ari garela eta gure onena ematen ari garela. Arriskatzea gustatzen zaigu.

Ahotsa asko zaindu beharko duzu ezta?

Bai noski. Ahots-ariketak egiten ditut kontzertuen aurretik. Duela urte batzuk kantu-klaseetara ere joan nintzen. Garrantzitsua da. Izan ere, gitarraren soka bat apurtzen bada konponbidea du, baina ahotsa hondatzen bada…

Lehen esan duzu Eibarren estreinaldia oso berezia izan zela, baina herrian jo zenuten eguna era pentsatzen dut baietz.

Oso polita izan zen. Saria da Urnietan jotzea, niri ilusio handia egiten dit. Oso ondo pasatu genuen, eta nik uste dut jendeak ere baietz. Hori bai, beste toki batean jotzen duzunean baino presio handiagoa ezartzen diozu zeure buruari, oso ondo egin nahi duzulako. Aste batzuk lehenago oso urduri nengoen, baina dena primeran atera zen eta izugarri gozatu nuen. Oso hurbileko jendea zegoen, jendeak kantak ezagutzen zituen eta oso berezia izan zen.

Zer da musika zuretzat?

Niretzat magia da, nahi duzuna egiteko aukera ematen dizulako. Asmatzeko aukera, eraldatzeko askatasuna, nahi dudada adierazteko aukera azken finean. Bizpahiru egun txar ditudanean, abesti bat jarri, abestu eta pasa egiten zait. Musika bizitza da.

Nola hasi zinen musikaren munduan?

Ni 22 urterekin hasiko nintzen. Raul Gil lagunak eta biok banda bat sortzea pentsatu genuen, baina ezertxo ere jakin gabe, ez gitarra bat hartzen, ez kantatzen, ez ezer. Raulek baxu bat eta anplifikadore bat erosi zituen, ni mikro bat, eta saiakera batzuk egiten hasi ginen. Gero, Hydra taldea sortu genuen. Donostiako lokal batean entseatzen aritu ginen hilabete batzuetan, baina jo gabe. Ondoren, Raul baxu klaseetara apuntatu zen eta ni kantuan, eta bakoitzak bere bidea hartu zuen.

Zer egin zenuen zuk?

Ni Zeck taldearekin hasi nintzen, oso talde kañeroa, baina ez zen nire estiloa, ez nengoen oso eroso. Urtebete geroago, Raulek esan zidan bere taldeak kantaria aldatu nahi zuela. Proba bat egin nuen haiekin, gustatu zitzaien nire ahotsa eta Dark Avenue taldean sartu nintzen. Hau talde serioa zen. “Sin Miedo” izeneko lehen maketa grabatu genuen, 5 abestiz osatua eta oso esperientzia polita izan zen. Gainera, Gipuzkoako leku askotan jotzeko aukera izan genuen. Duela 10 bat urte itxi nuen etapa hori, eta ordutik musikari lotuta jarraitu dut, baina inongo taldetan egon gabe.

Zer egin zenuen denbora tarte horretan?

Gustuko nituen taldeen bertsioak grabatzen nituen niretzat. Duela hiru urte talde batean hasteko gogoa sartu zitzaidan berriro eta talde baten bila hasi nintzen. Entseguak egin nituen batzuekin, baina ez nuen nire gusutuko talderik aurkitu, hau agertu zen arte.

Orduan orain zure gustuko talde batean zaude eta erronka garrantzitsu bat duzu.

Hala da. Hau disko profesionalagoa izango da, grabazio serio batekin. Gogo handia nuen honetarako, diskoetxe profesional batekin eta jende profesionalarekin lan egin nahi nuen. Gogotsu nago Durangon grabatzen hasteko.

Eta gero?

Ondoren, disko berriarekin kontzertuak eskaini nahiko genituzke, orain egoera honekin ezin baita. Ikaragarria litzateke diskoa 2021eko San Miguel jaietan aurkeztea, munduko gizonik zoriontsuena sentituko nintzateke.

Banner-a

Youtube osoko bilkura

Jarrai gaitzazu Youtuben

Banner Informazio guztia eskura klik batean

INFORMAZIO
GUZTIA ESKURA
KLIK BATEAN

  Twitter   Facebook   YouTube

Banner Berrittu

AGENDA KULTURALA

AGENDA