Edukira joan

Urnietako udalaren logotipoa

Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]

Habiaratutako portletak
Albisteak
Atzealdea

Aintzane Ledesma: “herrian merkataritza indartsu bat izateko denok batera lan egin behar dugu, merkatariok, udalak eta herritarrek”

.

2021·07·07


On Bizi elkartea berriro martxan jartzeko lanak oso aurreratuta daude eta herriko merkataritza indartzeko ekimen desberdinak garatzeko gogoz daude bertako kideak. Aintzane Ledesma izango da elkarteko lehendakaria eta erronka handi baten aurrean dagoen arren, indarrarekin dagoela eta lan egiteko ilusioa duela aitortzen du. Herriak bizia izatea nahi du Ledesmak, eta horretarako, behin eta berriro errepikatu du ezinbestekoa dela denak batera egotea, merkatariak, Udala eta herritarrak. Horrenbestez, oraindik elkartera batu ez diren merkatariei gonbita luzatzen die, elkarte indartsu bat izatearen garrantzia azpimarratuz.

On Bizi bueltan dela esan daiteke? Elkartea biziberritzeko prozesua aurrera doa ezta?

Covid 19-a baino lehen On Bizi berreskuratzeko lehen urratsak ematen hasi ginen. Gero, egoera horrekin dena mantsotu egin zen, baina orain, indarrarekin gaude eta Udaletxearekin batera aurrera goaz, denak elkarrekin eta batera lan egiteko ilusioarekin.

Nolakoa izan da makinaria berriro martxan ipintzeko jarraitu duzuen prozesua?

Egia da ez dela erraza izan eta nahiko genukeena baino motelago goazela. Halere, azken boladan abiadura hartu dugu, eta laster, %100ean funtzionatzen egongo garela uste dut.

Zenbat kide zaudete elkartean?

Momentu honetan 25 inguru gaude eta herriko gainerako merkatari guztiak animatzen ari gara On Bizin apuntatzeko. Horretarako, Udalak eta On Bizik eskutitz bat bidali genien herriko merkatari guztiei, informazioa zabalduz eta elkartean sartzeko bidali beharreko guztia zehaztuz. Jendea ari da pixkanaka batzen. Guk ahalik eta merkatari gehien elkartzea nahi dugu.

Zenbat eta kide gehiago orduan eta indar handiagoa izango du elkarteak ezta?

Elkarteak harturiko erabakiek eta aurrera eramango ditugun ekintzek merkatari guztiei eragingo digute eta onura denontzako izango da. Beraz, oso garrantzitsua izango litzateke merkatari guztiak batera egotea.

Lanak banatzerako orduan ere mesederako multzo sendoa izatea.

Hala da, bestela dena gutxi batzuen gainean geratzen baita, eta dena pisutsuagoa egiten da. Zentzu horretan eman nahi dugun hurrengo pausoa elkarteak lokal bat izatea da dinamizatzaile baten laguntzarekin. Hartara, egin beharreko zeregin batzuk pertsona horrek bideratuko lituzke. Gainera, gaia menperatzen duen pertsona baten laguntza izanda errazagoa izango da ekimen egokiak garatzea, izan ere, gu gure negozioekin loturiko gauzetan aritzen gara eta alor horien gaineko ezagutzak ditugu, baina ez gaude ohituta beste zeregin batzuetara. Beraz, pertsona horrek gauzak behar bezala egiten lagunduko digu. 

Elkarteak dituen ordezkarien artean lehendakaria zu izatea erabaki duzue. Erronka handia ezta?

Ardura handia da, baina elkartearen batzordea 6 pertsonak osatzen dugu eta erabaki guztiak denon artean eta adostuta hartzen ditugu. Ilusioz gaude, lan egiteko gogoarekin eta horrek lasaitasun handia ematen dit. Gure asmoa dinamika honi eustea, kide kopurua handitzen joatea da eta denak batera egotea da. 

Azken finean guztien nahia berdina da.

Orain sentitzen dugu Udaletxeak ulertzen gaituela eta gurekin bat egin nahi duela. Guk Udaletxea behar dugu eta beraiek gu ere bai. Beraz, merkataritza indartsu bat izateko denak batera lan egin behar dugu, merkatariok, Udalak eta baita herritarrek ere.  Herritarrak kontzientziatzea eta dinamika honetan barneratzea funtsezkoa da. Eta Udaletxea diodanean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiez ari naiz, denen inplikazioa behar dugu.

On Biziren helburuek sorrerako berdinak izaten jarraituko dute edo bideorria aldatu egin nahi duzue?

On Bizi herriko merkataritza dinamizatzeko helburuarekin sortu zen, eta gure asmoak berdina izaten jarraitzen du. Herriak bizia eta mugimendua izatea nahi dugu, kaleak hutsik eta itzalita egotea oso tristea izango litzatekeelako. Horretarako, kaleak girotzeko ekintzak egingo ditugu, gure formakuntzari jarraipena emango diogu eta herritarrentzako kanpaina desberdinak aurrera eramango ditugu. Dena den, argi dugu egin beharreko lehen gauza oinarri sendo bat sortzea dela, hau da, elkartea behar bezala egituratzea ondoren gauzatu nahi ditugun ekintzak modu egoki batean egiteko.

Azken hilabeteak ez dira samurrak izan. Zein egoeratan dago herriko komertzioa?

Denetarik dago, baina kili-kolo daudenentzat oso momentu zailak dira. Elikagaien dendak beti mantendu izan dira oso ondo, baina beste alor batzuk kaltetuak izan dira eta, adibidez, “Ni ere ostalaria naiz” kanpaina egin genuenean herriko tabernei laguntzea izan zen asmoa. Laguntza ekonomikoaz aparte guztion babesa sentitu zutela esango nuke, eta merkatari guztien arteko elkartasun hori asko eskertu zuten. Horrek izan behar du bidea, denok denontzako lan egitea.

Herritarrek eskertuko zuten pandemian zehar merkatariek egindako esfortzua, eta agian, bertakoa balorean jartzeko balioko zuen.

Hori izan da Covid 19-ak ekarri digun gauza on bakarra. Herrian geratu behar izan genuen garaietan herrian kontsumitu dugu inoiz baino gehiago eta hori somatu da. Orain horri jarraipena eman behar zaio eta ohitura horiek mantendu egin behar dira.

Herritarrak herrian kontsumitzea da helburua, baina zergatik kontsumitu behar dute herrian eta zer eskaintzen diezue?

Tratu berezia ematen eta arreta berezia eskaintzen saiatzen gara. Gaur egun interneten edozer eros daiteke, baina internetek ez dizu emango aholku bat, zure gertuko merkatariak ordea, bai, zaindu egingo zaitu. Bezeroa maitatzea da plataforma horiei aurre egiteko dugun modua. Hori da gure indargunea, eta gure esku dagoen guztia egin behar dugu.

Horretaz gain ezinbestekoa da garatzea eta garai berrietara egokitzea.

Herriko komertzio batzuk oso lan ona egiten dute sare sozialetan eta Instagram bidez esaterako, asko saltzen dute batzuek, baina gure produktuak saltzen ditugu. Sare sozialak erakusleiho bat dira eta aprobetxatu egin behar ditugu gure produktuak ezagutzera emateko. Bestalde, denda batzuetan erosketaren zerrenda telefonoz edo whatsappez egiteko aukera eskaintzen da gero bila joandakoan itxaron beharrik ez izateko. Horrelako gauzak egiten ari gara eta gehiago egin beharko ditugu. Gure esku ditugun tresnei zukua atera behar diegu. Herritarrei ahalik eta erraztasun eta erosotasun gehien ematen saiatu behar dugu.

Erakusleihoa aipatu duzu eta Udalak atal berezi bat sortu berri du bere webgunean herriko establezimendu guztiak batuz eta bakoitzaren gaineko informazio emanez. 

Horrelako ekimenak oso garrantzitsuak dira, gutariko bakoitzak bere kabuz egiten duenaz gain erakusleiho bateratu bat izateko. Horren bidez, edozein jatetxe edo lotarako leku begiratu dezakezu kokapenarekin batera, eta zerbait behar izanez gero non eros dezakezun ere ikus dezakezu.

Herritarrak herrian kontsumitzera bultzatzeko eskaintza on eta zabal bat izatea lagungarria da, eta azken hilabeteetan aukerak zabaldu egin dira.

Ilusio handia egin dit negozio berriak sortu direla ikusteak. Loradenda bat, garbitoki bat eta bizikletak konpontzeko denda bat ireki dira. Zenbat eta zerbitzu gehiago eskaini orduan eta behar gutxiago izango dute urnietarrek herritik irteteko. Orain adibidez, konponketak egiten dituen denda bat ere badugu, lehen ez zegoen horrelakorik. Dagoena mantendu eta indartzea, eta eremu berrietara irekitzea da asmoa. Gainera, On Biziren beste helburuetako bat negozio berriak sortzeko bidean laguntza ematea izango da, negozio bat ireki nahi duen edonori erraztasunak emateko. Ateak zabalik ditugu.

Orain hasitako bidearen emaitzak ikusteko denbora pixka bat itxaron beharko da. Nola egotea espero duzu bi urte barru?

Ni oso positibo nago eta nik uste dut indartsu egongo garela. Bizi dugun egoerak gure gertukoa baloratzeko eta zaintzeko balio izan digu, eta herritarrek dinamika honetan jarraituko dutela uste dut. Beraz, bi urte barru hori horrela izan dela baieztatzea eta herritarrei eskerrak ematea gustatuko litzaidake. Guk behintzat gure esku dagoen guztia egingo dugu hala izan dadin.


Banner-a
Web edukia bistaratu

Jarrai gaitzazu Youtuben

Web edukia bistaratu

INFORMAZIO
GUZTIA ESKURA
KLIK BATEAN

  Twitter   Facebook   YouTube

Web edukia bistaratu
AGENDA KULTURALA

AGENDA

Web edukia bistaratu

Covid-19 Urnietan

Legenda
  Azken 14 egunetako kasuak 100.000 biztanleko
400 kasu edo gehiago
300 eta 399 kasu artean
60 eta 299 kasu artean
60 kasu edo gutxiago
Eraginik gabe edo 5.000 biztanle baino gutxiago udalerrian
 

 

*Datuen jatorria: OpenData Euskadi

**14 eguneko tasa 100.000 biztanleko. Tasak kalkulatzeko EUSTATen Biztanleen Udal-Erroldaren Estatistikan 2020ko urtarrilaren 1erako argitaratutako biztanleria hartzen da.