Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Urnietako udalaren logotipoa

Mostrar/ocultar men� principal de navegaci�n [eu]

Barruko horrien irudia

Aplikazio habiaratuak

Albisteak

Atzealdea Ainhoa Gaspar eta Mikel Urzelai: “azken generazioko padel pistak ditugu Ariman”

.

2022·11·02


Padela gustuko duenak edo kirol erakargarri horretan barneratu nahi duenak badu non aukeratua Urnietan, izan ere, udal kiroldegian dauden bi pistez gain, ireki berri den Arima Padel Elkartean punta-puntako 6 pistez gozatzeko aukera dago.

Ainhoa Gaspar eta Mikel Urzelai dira klubaren kudeatzaileak eta kontatzen dutenez oso gustura geratu dira lorturiko emaitzarekin. “Guk hasieran buruan genuen proiektuak eta azkenean gauzatu dugunak ez dute zerikusirik, oraingo emaitza askoz hobea da”.

Biek ala biek ederki ezagutzen dute padelaren mundua, Donostiako Padel 4 klubaren kudeaketa ere beraien ardurapean baitago. “Gaur egun, Estatu mailan futbolaren ostean maila sozialean gehien praktikatzen den kirola da padela eta jabetu ginen klub berriak irekitzeko beharra zegoela, eskaria eskaintza baino handiagoa zelako” azaldu du Urzelaik. Gasparrek gehitu du padela herrietara gerturatzeko nahia ere bazutela: “pabeloiak begiratzen hasitakoan Hernaniko bat gustatu zitzaigun, baina ondoren Urnietako hau azaldu zen eta ikusi genuen lekurik aproposena zela espazio handia duelako, sarbide erraza duelako, aparkatzeko leku asko dagoelako eta zonalde honetan padeleko beste klubik ez dagoelako”.

Aukera zabala

Aipatzen dute Urnietako zein inguruko herrietako erabiltzaileak erakartzeko asmoa dutela eta kontatzen dute, haien instalazioetara gerturatzen denak goi-mailako pistetan jokatzeko aukera izango duela: “6 pistak panoramikoak dira, horrek esan nahi du kristalen artean ez dagoela estrukturarik. Gainera, baldintza aldetik oso egokiak dira, pelota dezente irteten baita kristaletik joko bizia ahalbidetuz. Oso aproposak dira jorako eta efektoetarako. Bestalde, 2 pistek kanpoko jokoa dute, hau da, pelota kanpora irtendakoan pelota berreskuratzeko aukera ematen dute. Azken generazioko padel pistak ditugu Ariman” zehaztu du Urzelaik.

Gasparrek bere aldetik, erabiltzaileek padelean jokatzeko duten eskaintza zabala zerrendatu du: “bere lagunekin astero egun eta ordu berean jokatu nahi dutenek pista finkoak hartzeko aukera dute. Padelean jokatu nahi baina bakarrik dauden pertsonei klubera doazen beste pertsonekin partidak jokatzeko aukera eskaintzen zaie ”me apunto” sistemaren bidez. Horretarako, lehenik monitore batek froga bat egiten die duten maila zehazteko, eta, ondoren, haien maila berdina edo antzekoa duten pertsonekin jokatzeko aukera dute guk antolatzen ditugun partidetan. Haien maila hobetu nahi dutenek ostera, klaseak jasotzeko dute eta asteazkenetan liga bat antolatzeko asmoa ere badugu. Liga horretan ez da mugarik izango ez adinez ez sexuz, hau da, edonork parte hartzeko aukera izango du eta bikoteak mistoak izan ahalko dira. Kategoria desberdinak sortuko dira parte hartzaileen mailaren arabera”. 

Prezioen inguruan galdetuta azaltzen dute hiru franja desberdintzen direla. Astean zehar pista bat goizean ordu eta erdiz alokatzea 5 euro kostatzen da pertsonako. Eguerdian 9 euro eta arratsaldeetan 11,5 euro. Asteburuetan ostera, tarifa bakarra dago 10 euro ordua edozein delarik ere. Horretaz gain, aipatzen dute, elkartera asko joaten direnek padeleko bazkide egiteko aukera dutela hilean 30 euroren truk, eta horri esker, beherapenak izango dituzte padeleko zerbitzu guztietan. Esaterako, arratsaldeko franjan bazkide batek 4 euroko beherapena izango du, 11,5 euro ordaindu beharrean 7,5 euro ordainduz. 

Halaber, lesionatzen direnek fisioterapia zerbitzua eskura dute bertan eta padelean jokatzeko beharrezkoa den materiala erosteko aukera ere eskaintzen dute eraikinean dagoen denda txiki bati esker: hala nola, palak, zapatilak, motxilak eta arropa. Zentzu horretan azpimarratzen dute, erosi aurretik palak probatzeko aukera dagoela, “probatu gabe norberari ondo egokitzen zaion pala bat aukeratzea ez baita erraza”.

Padela baino askoz gehiago

Klubaren oinarria padela bada ere, kudeatzaileek azaltzen dute hasieratik argi zutela padelaz gain beste zerbitzu batzuk eskaini nahi zituztela, eta, hala, Arimara gerturatzen direnek gimnasioan eta osasunera bideraturiko ekintzetan parte hartzeko aukera dute: “fitness eta wellness jarduerak ditugu eta balio erantsi moduan esan behar da monitoreak osteopatak eta fisioak direla, hau da, benetan prestatuta dagoen jendea” azpimarratu du Gasparrek. Eta gehitu du, saio guztiak gehienez 8 pertsonakoak izango direla, “helburua arreta pertsonalizatua eskaintzea baita”. Gimnasioan ere badago bazkide egiteko aukera 35 eurorengatik. Gimnasioa eta padela uztartuz gero aldiz, 45 euro dira.

Kirol guneaz aparte, taberna ere badutela azaldu du Urzelaik: “bertan gosariak, eguneko platerak, pizzak eta hamburgesak eskaintzen dira, besteak beste eta terraza txiki bat ere badugu. Zerbitzu hauetaz edonor baliatu daiteke, baita padelera jolastera edo kirola egitera ez datorren jendea ere”.

Informazio kanal ugari

Proiektu berri hau abiatu berritan, ilusioz gainezka daude Urzelai eta Gaspar. Aipatzen dute barru-barrutik sorturiko zerbait izan dela eta horregatik jarri diotela Arima izena klubari: “bizitza aktiboa eta osasuntsua sustatu nahi ditugu, baita, kiroltasuna, laguntasuna eta euskara ere”. 

Herritar guztiak animatzen dituzte elkartera gerturatzera eta padelaz edo gainerako zerbitzuez gozatzera. Eta informazio gehiago nahi dutenei jakinarazten diete web orria, sare sozialak eta mugikorretarako app bat dituztela.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Banner-a

Youtube osoko bilkura

Jarrai gaitzazu Youtuben

Banner Informazio guztia eskura klik batean

INFORMAZIO
GUZTIA ESKURA
KLIK BATEAN

  Twitter   Facebook   YouTube

Banner Berrittu

AGENDA KULTURALA

AGENDA