Edukira joan

Urnietako udalaren logotipoa

Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]

Habiaratutako portletak
Albisteak
Atzealdea

Aho batez onartu dira udalbatzako puntu guztiak

.

2022·03·30


Atzo arratsaldean Urnietako Udaletxean egindako osoko bilkuran, gai-zerrendako puntu guztiak aho batez onartu ziren udalean ordezkaritza duten PNV, EH Bildu eta PSE-EE alderdien arteko adostasunarekin.

Lehenengo puntua lanpostuen zerrenda aldatzeari buruzkoa zen. Legeak ezartzen duenez, lehen edo bigarren klaseko idazkaritza duten toki-korporazioetan Diruzaintza izeneko lanpostu bat egon behar da. Urnietako Udaleko idazkaritza bigarren klasean sailkatuta dago, eta, beraz, lanpostu hori sortzen da xedapen hori betetzeko.

Bigarren puntuan Añarbeko goi-saneamenduko sarearen eta udalen behe-saneamenduaren mugaketa onartu zen. Hau da, Añarbeko instalazioak noraino iristen diren eta Udalarenak noraino iristen diren zehaztu da lortutako akordioari esker.
Era berean, 311.600 euroko kreditu-aldaketari (kreditu gehigarria) oniritzia eman zitzaion. 296.600 euro Añarbek iaz egin asmo zuen obra baterako izango dira, eta gainerako 15.000 euroak, berriz, Xoxokako aterpetxeko sukaldea berritzeko.

Bestalde, PNV-k eta EH Bilduk PSE-EEk aurkeztutako bi mozio babestu zituzten. Lehena, Gautena zentroan (Belandi kalea 18-20) bizi diren pertsonek aparkatzeko duten arazoari irtenbidea emateko. Gautena autismoaren edo adimen edo garapen desgaitasunaren espektroko pertsonen senideen elkartea da, eta gizarteratzea bultzatzen duen gizarte batean bizitza osoa eta zoriontsua izateko behar diren aukerak eta laguntzak ematea du helburu. Talde sozialistak bere hitzaldian azaldu zuen bezala, arazoa dute egoiliarrak zentrora joaten direnean, ezin dituztelako furgonetak eraikineko atean aparkatu, aparkalekua urrutiago bilatu behar dutelako, eta horrek nolabaiteko arriskua dakar. Horrela, egoera honetarako irtenbiderik onena bilatuko da.

Bigarren mozioak adinekoen eta pertsona ahulenen arreta pertsonalizatua jorratzen zuen. Azken urteotan, hainbat arau txertatu dira legerian kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak bermatzeko, batez ere, ahulenenak. Hala ere, araudiak ez du lortu eskuratu nahi zen emaitza, eta bide luzea dago egiteko era guztietako erakunde publiko eta pribatuek beren zerbitzuak modu egokian eman ditzaten, adinekoen eta desgaitasunen bat duten pertsonen ezaugarri bereziak kontuan hartuta. Eremu digitalean dituzte, oro har, pertsona horiek zerbitzuak eskuratzeko zailtasun handienak, eta arreta pertsonalizatua behar dute. Horixe da, hain zuzen ere, Udalak mozio honen bidez eskatzen duena.

Azkenik, Ukrainaren aldeko adierazpen instituzionala onartu zen. Izan ere, Errusiako Gobernuak Ukraina inbaditzeko egindako erasoek dozenaka heriotza, ehunka zauritu eta bonbetatik ihes egiten ari diren pertsona asko eragin dituzte. Errusiako Gobernuak egindako erasoa justifikaziorik gabeko erasoa da, inoiz izan ez den larritasuna duena eta nazioarteko zuzenbidearen urraketa nabarmena suposatzen duena, segurtasun globala eta egonkortasuna arriskuan jartzen baititu.


Banner-a
Web edukia bistaratu

Jarrai gaitzazu Youtuben

Web edukia bistaratu

INFORMAZIO
GUZTIA ESKURA
KLIK BATEAN

  Twitter   Facebook   YouTube

Web edukia bistaratu
AGENDA KULTURALA

AGENDA