Aplikazio habiaratuak
Albisteak
Atzealdea Aho batez onartu da udalbatzarrean 2024ean tasak eta zergak oro har, %2,6 igotzea
2023·10·19
2024.urterako ordenantza fiskalei hasierako onarpena eman zitzaien urriaren 11n ospatu zen udalbatzarrean. Herritarrek ordaindu beharreko tasek eta zergek %2,6ko igoera izango dute oro har, uztailetik uztailera kalkulatzen den urte arteko KPIa oinarri hartuta. Horretaz gain, udalak eskaintzen dituen zerbitzuen diru sarreren eta gastuen gaineko azterketa bat egin da, diferentzia ikusteko eta erabakia hartzerako orduan datu hori ere kontuan izateko. Ordenantza fiskalen aldaketa aho batez onartu zen EAJ-ren, EH Bilduren eta PSE-EE-ren aldeko bozkarekin.
Igoera orokorra aipaturikoa izango den arren, badaude bi salbuespen. Lehena, kirol instalazioena da, izan ere, abonuek eta sarrerek %4ko igoera izango baitute. Urnietako kiroldegia Beterri-Buruntzako elkartea osatzen duten Andoain, Lasarte-Oria eta Usurbilekin mankomunatuta dago eta denen artean adostu zen igoera portzentai horretakoa izatea.
Bigarrena berriz, zaborrei dagokiena da. Tokiko eskumeneko hondakinen kudeaketaren kostuen kasuan, udalek 3 urteko epean zerbitzuaren kostuak diru-sarrerekin orekatzeko betebeharra dute legez, hau da, zerbitzuaren kostuaren %100 fakturatzekoa. Horretarako, pixkanakako igoera egingo da, eta horrek datorren urtean %6ko igoera planteatzea dakar.
Hala ere, zerga-ordenantzak osatzen dituzten tributu askotan hobariak eta salbuespenak egongo dira, batez ere, premia handiena duten pertsonei bideratuta.
Kreditu transferentzia
Bestalde, 228.000 euroko kreditu transferentziaren espedientea onartu zen. Kasu honetan EAJ-k eta PSE-EEk eman zuten aldeko bozka, EH Bildu aldiz, abstenitu egin zen. Aldaketa horiek hainbat partidetan egokitzapen batzuk egiteko eta udalarentzat funtsezkoak diren proiektuak aurrera eramateko gauzatzen dira. Besteak beste, Sanmiel jaietako gastuetan, Egape ikastolako parkea eraikitzeko lehendabiziko faserako, gazteen aisirako instalazioetan, kirol instalazioetako beheko solairuan hozte-sistema ipintzeko, Etxeberri elkartearekin dagoen hitzarmena aldatzeko eta udal erreforma batzuk egiteko.