Abiadura orduko 30 kilometrora murriztu da Urnietako herrigunean
2021·09·16
Urnietak 30 kilometro orduko muga indarrean jarriko du herrigunetik ilbilgailuekin ibiltzeko gaurtik aurrera. Neurria maiatzaren 1ean ezarri zen Estatuko hiri guztietan, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren Errege Dekretura (DGT) egokituz. Dekretu horren arabera, ibilgailuen zirkulazio muga orduko 30 kilometrokoa da, noranzko bakoitzeko errei bakarreko kaleetan.
Udalak hemendik aurrera aplikatuko du araudi hori, izan ere, araudia ezartzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren beharrezko baimena jaso ondoren, udalerriko hirigunean zirkulazioaren abiadura muga adierazten duten seinaleak jarri berri ditu.
Herri atseginagoa
Neurri hori bat dator Urnietako Udalaren filosofiarekin, oinezkoei eta garraiobide jasangarriei lehentasuna emango dien herri baterantz eboluzionatzen joatea baita helburua, eta neurri horrekin Urnieta gizatiarrago, jasangarriago eta seguruago baterantz aurrera egitea bultzatzen da.
Udalak arreta eta erantzukizuna eskatzen die herritarrei, araudia errespetatzeko eta egokitzapen prozesua ahalik eta errazena izan dadin.