Aplikazio habiaratuak
Albisteak
2021·12·03
Urnietako Udalean astearte arratsaldean gauzatu zen Udalbatzarrean 3 adierazpen instituzional onartu ziren aho batez: Azaroak 25eko Adierazpena, Migraziorako Euskal Itun sozialaren Adierazpena eta Euskararen Nazioarteko Eguneko Adierazpena. Azken honen testuan, pandemia honek ez dezala ezer funtsezkorik utzi atzean eskatzen zen, ezta euskara ere. Pandemiak agerian utzi du jakin bagenekiena: zenbateraino diren ezinbestekoak komunikazio ildo eta sareak Eta hori bera du euskarak erronka: komunikazio eta jarduera eremu berrietan ere, naturaltasun osoz, dagokion tokia hartzea. Eraginkorki eta tinko. Baina horretarako beste ikuspegi bat erantsi beharra dago: hizkuntzaren erabilera formalekin batera, eremu ez formaletakoa landu beharra dago. Eta zentzu horretan lan egingo du Urnietako Udalak ere.
Bestalde, kiroldegiaren proiektuaren eta kontratuaren aldaketa onartu ziren udalbatzarrean. Eraikinaren erreforma azken txanpan sartuta dago eta 2022.urtearen hasieran obra amaitzea espero da ondoren barruko ekipamenduen instalazioa aurrera eramateko. Orain onartu diren aldaketek beraz, ez dute proiektuaren oinarria aldatzen, baizik eta besteak beste, efizientzia energetikoa, irisgarritasuna, lurrak, telekomunikazio zerbitzuak, argiztapena eta soinuaren akustika hobetzeko hartu diren neurriak dira.
Proposamena PNV-ren Gobernu Taldearen eta EH Bilduren aldeko bozkekin atera zen aurrera. PSE-EE-k berriz, aurka bozkatu zuen proiektu honekin bat egiten ez duela argudiatuz.
Horretaz gain, kiroldegia irekitzen denean kudeaketa eta garbiketa zerbitzua kontratatu ahal izateko espedienteak ere onartu ziren udalbatzarrean, kasu honetan udalean ordezkaritza duten hiru alderdien babesarekin.
Halaber, 115.000 euroko kreditu transferentziaren expedientea onartu zen aho batez. Kantitate horiek Egapeko DBH-ko eraikinaren urbanizazioaren proiekturako, Langardako aholkularitzarako eta tutoretzapeko etxebizitzen aurreproiekturako baliatu dira nagusiki. Kreditu aldaketa babestuagatik Udaleko baliabideak gehiago optimizatzeko beharra adierazi zuten oposizioko alderdiek, lan gutxiago kanpora ateraz. Gobernu Taldeak argudiatu zuen, lan kargaz haratago, kasu batzuetan Udalak ez dituela lan jakin batzuk egiteko baliabideak, diziplina anitzeko ekipoak esaterako, eta beraz, kasu horietan lanak beste enpresa batzuetara bideratu behar direla derrigorrean aurrera eraman ahal izateko.
Udalbatzan adostasun osoz onarturiko beste puntuetako bat Añarbeko "Beheko Kanalaren Alternatiba" mozioa izan zen. Hala, Añarbeko egungo behe-kanalaren ordezko kanal bat egiteko beharra azaldu zuten hiru alderdiek, larrialdietan edo egungo kanala mantentzeko beharrizanetan erabiltzeko. Izan ere, egungoari zerbait gertatuko balitzaio, 300.000 pertsona baino gehiago edateko urik gabe geratuko lirateke. Beraz, mozioaren bidez Estatuko Gobernuari finantziazioa eskatzen zaio beharrezkoa den obra hau aurrera eraman ahal izateko.
Eta azkenik, PNV-k eta EH Bilduk KZgunearen gainean alderdi sozialistak aurkezturiko mozioa babestu zuten. Hiru alderdi politikoek adierazi zuten KZguneak egun eskaintzen duen zerbitzua motz geratzen dela, hilabete bakoitzeko lehen hamabostaldian bakarrik irekitzen baita. Horrela, Eusko Jaurlaritzari Urnietako zerbitzua zabaltzeko eskatuko zaio, herritarrek kalitatezko zerbitzua izan dezaten eskura. Teknologia eta tresna digitalek gero eta garrantzi handiagoa dute egunerokoan, eta, beraz, ezinbestekoa da herritarren alfabetizazio digitala erraztea, ikastaro desberdinen bidez, diskriminazio teknologikoa saihesteko eta arrakala digitala ezabatzeko.