2023.urteko aurrekontua onartu da
2022·12·22
Urnietako Udalak 11.121.000 euroko aurrekontu kontsolidatua onartu zuen 2023rako astearte arratsaldean egin zen udalbatzarrean. Aurten ere, aurrekontu-oreka jarraituz osatu du aurrekontua Udalak, izan ere, dituen diru-sarreren arabera kalkulatu dira gastuak.
Exekuzioen helburuei dagokienez, Urnieta garatzen eta hobetzen jarraitzeko giltzarri izango diren proiektu garrantzitsuei jarraipena emango zaie, eta, era berean, herritarren beharrei erantzuteko eta inor atzean ez uzteko xedearekin lan egiten jarraituko da. Horretaz gain, lanaren eta egituraren ikuspegitik erronka garrantzitsuei aurre egin beharko die udalak, eta, baita, kontrataturiko kanpo zerbitzuen prezioen igoera nabarmenari ere. Zentzu horretan, funtsezkoa izango da FOFIM-etik jasoko den bost milioi euro baino gehiagoko diru sarrera.
Proiektu garrantzitsuak
2023an gauzatuko diren inbertsioen artean aipagarriena Egape ikastolako campuseko patioaren urbanizazioaren hasiera izango da. Udalak jolastoki moduan gaituko dituen 3.000 m2-ak egokitzeko lanei hasiera ematea da asmoa. Jolastoki hori, ondoren Egapeko DBH-ko eraikin berria egingo den eremuan kokatuko da eta hezkuntza-komunitateak erabiliko du. Baita, herritarrek ere eskola-orduetatik kanpo.
Plazido Muxika plaza
Dena den, hori ez da izango azpimarratu beharreko obra bakarra, izan ere, urteko lehen seihilekoan estaliko baita Plazido Muxika plaza, herritarrek parte hartze prozesu baten bidez aukeratu zuten gunea, hain zuzen. Horrela, eguraldi txarra egiten duen egunetan aterpean egon ahal izateko espazio estali bat izango dute urnietarrek.
Parte Hartuz
Aurrekontu irekien parte hartze prozesuei ere jarraipena emango zaie, eta, gainera, 2022ko prozesuan lehenetsitako hobekuntzak gauzatuko dira: A-15 errepidean ibilgailuen igarotzeak sortzen duen zarata arintzeko pantaila akustikoak ezarriko dira; Alariku parkea berrituko da bere erabilerarako egoera egoki batean utziz; eta Berrasoeta parkean komun publiko bat jarriko da.
Halaber, Egapeko eta Magaleko Lehen Hezkuntzako seigarren mailako ikasleekin buruturiko prozesu bereziaren emaitza gisa ondorengo hobekuntzak egingo dira: Burnibide parkeko joko-zelaia hobetuko da; Berrasoetako futbol-zelaiko lurra hobetuko da; plaza horretako txirristaren igoeran baranda bat jarriko da; herriko bankuetan eta iturrietan hobekuntzak egingo dira; paperontzi gehiago jarriko dira; eta bizikletak aparkatzeko gune bat ahalbidetuko da.
Bestalde, aurreko urteetako parte hartze prozesuetan jasotako eskaerak aintzat hartuta eta aurrekontuko beste partida batzuetan txertatuta, Eguzkialde parkean skate parkeko pista eraikiko da proiektua herritarekin batera landu ostean, eta Ermotegin berriz, pumtrack-a ezarriko da.
Lasartera joateko bide berria eta komun publikoa
Horretaz gain, Lasarte-Oriarantz joateko errepide berri bat egingo da. Hala, Urnietatik Lasarte-Oriara joan nahi duten ibilgailuek ez dute udalerrian sartu beharrik izango, eta, ondorioz, nabarmen murriztuko da Zabaleta auzoko trafiko-dentsitatea.
Gainera, aurrekontu irekien prozesuaren emaitza gisa Berrasoeta parkean ipiniko den komun publikoaz gain, beste bat jarriko da Lategi auzoan, tren geltokitik gertu.
Kiroldegia eta Elkarteen Etxea
Kiroldegi berriaren erreforma amaitu ondoren, barruko instalazioa osatuko da 2023an. Aurrera doan beste obretako bat San Juan 42n kokatzen den eraikinaren eraberritze integrala da, zeinak Denda Berri elkarteari zerbitzu eman dion orain arte, eta aurrerantzean aldiz, Elkarteen Etxea bilakatuko da. Horrela, Denda Berriz gain, herriko beste elkarte batzuek ere beren lekua izango dute eraikin horretan belaunaldien arteko harremanak eta elkarteen arteko lankidetza bultzatuz, udalerriko elkarte-sarea sendotzeko. Eraberritzea amaiturikoan eraikina altzariz eta bestelakoez hornituko da eta horretarako beharrezko partida aurreikusita dago aurrekontuan.
Herri jasangarria
Udalaren beste lehentasunetako bat Urnieta gero eta berdeagoa eta jasangarriagoa izatea da, eta helburu horri jarraiki, herri guztiko kanpo argiteria LED sistemara aldatuko da. Aldaketa honi esker, argiteria publikoaren energia-kontsumoa %70 murriztuko da. Bestalde, ibilgailuen karga elektrikoko puntuak ezarriko dira kiroldegiaren eta udaletxearen inguruan, eta, gainera, energia-komunitatearen proiektuak argia ikusiko du. Gauzak horrela, energia berdea eta merkeagoa izan nahi duten urnietarrek proiektu honetan parte hartzeko aukera izango dute.
Herriko elkarteei eta merkataritzari bultzada
Herriko elkarteei dagokienean, hitzarmen askotan pandemiaren aurreko dirulaguntzen kantitateak berreskuratuko dira gauzatzen dituzten ekintzak laguntzeko. Era berean, Merkataritza Suspertzeko Plana garatzen jarraituko da, tokiko merkataritza bultzatzeko ekintza desberdinekin. Eta nola ez, Udalak elkarlanean segiko du On Bizi merkatarien elkartearekin eta Km0-ko ekoizleekin.
Egitura aldaketak eta zerbitzuen prezioen garestitzea
Hasieran aipatu moduan, Udalak erronka garrantzitsuak izango ditu 2023an bere egiturari eta lan egiteko moduari dagokionean. Izan ere, Udalak dituen sozietate publikoak itxi egingo dira, aurrekontu bateratua izatera igaroz. Gainera, sozietate horietako langileak udaleko langileen parte izatera pasako dira, dituzten lan-baldintzak mantenduz.
Aldaketa handi horri gehitu behar zaio Udalean aldi baterako lanpostuak finkatzeko 2022an hasitako prozesuari emango zaion segida, zeina 2024an amaituko den. Horrekin lotuta, diruzain lanpostua betetzeko prozesua amaituko da, eta jasangarritasun energetikoaren alorrean aditua den pertsona batekin kontatuko da, lehen enpleguko programaren baitan.
Azkenik, zerbitzuen igoera nabarmenari aurre egin beharko zaio: kalea garbitzeko kontratuetan, kirol-instalazioetan, kaleko hezitzaileetan eta abarretan gorakada handia izango baita. Arrazoi berdinarengatik eta adibide moduan, Añarbeko eta San Markoseko zerbitzuetatik eratorritako partidak %19 eta % 5,5igo behar izan dira dira hurrenez hurren.
2023ko aurrekontua EAJren aldeko botoekin onartu zen. EH Bilduk eta PSE-EE-k aurka bozkatu zuten.
Gainerako puntuak
Aurrekontuaz gain beste hiru puntu onartu ziren atzoko udalbatzarrean. Lehena, 139.000 euroko kreditu aldaketa. Inbertsioen kapituluan zegoen diru hori hiru ekimenetarako erabiliko da. Batetik, 110.000 euro kiroldegian egin behar izan diren azken inbertsioak kubritzeko. Bestetik, etxez-etxeko laguntzaren aurtengo konpromezuei aurre egiteko 18.000 euro baliatuko dira. Eta gainerako 11.000 euroak banketxeko gastu eta komisioetan izan diren aldaketei erantzuteko. Puntu hau ere EAJ-ren aldeko bozkarekin eta EH Bilduren eta PSE-EE-ren ezetzarekin atera zen aurrera.
Bide berdina jarraitu zuen 2023ko Urnietako Udaleko kontratuen planaren onarpenak ere. Kulturnieta SA eta Urnieta Eraiki SA sozietateen aktibo eta pasiboen lagapen globalerako proiektua ostera, aho batez onartu zen.