Aplikazio habiaratuak
Albisteak
Atzealdea Zaintza Mahaiaren saio monografikoa, Irisgarritasun Planaren aurkezpenarekin
2026·05·21
Urnietako Zaintza Mahaiak saio monografikoa egin zuen atzo arratsaldean, eta bertan izan ziren Jorge Segurado alkatea eta udal arkitektoa. Alkateak eta teknikariak bat egin zuten herriko ordezkaritza zabala duen mahaiarekin Urnietako Irisgarritasun Plana aurkezteko.
Zaintza Mahaia zainketen arloan aurrera egiteko gauzatzen ari den lanketaren barruan, zalantzak eta galderak sortu ziren gai horren inguruan, eta atzoko aurkezpenarekin planaren xedea azaldu nahi izan zen, espazio publikoen irisgarritasuna ahal den neurrian bermatzea, hain zuzen.
Esparru honetan aurrerapausoak emateko azken urteetan egindako ekintzen berri ere eman zuten: espaloiak beheratzea eta handitzea, eskailerak eta arrapalak hobetzea koskak kenduz, igogailuak jartzea, oinezkoentzako ibilbideak prestatzea, eta Idiazabal kalea bulebarizatzeko lehen bi faseak aurrera eramatea, besteak beste.
Aurkezpenaren ondoren, mahaiak Zaintza Planaren hiru jarduera-ildo nagusien barruan lan egiten jarraitu zuen: arreta-eredua, ekosistema artikulatzea eta sendotzea, eta zaintza komunitarioa sustatzea.
Otsaileko saioan, ildo komunitarioaren barruan egin beharreko ekintzak zehaztu ziren: zaintza eta entzutea, bakardadea eta laguntza, garraioa eta mugikortasuna. Martxoko hitzorduan ekintza horietan gehiago sakondu zen, izan beharko luketen behin-behinekotasuna landuz. Ekintzak aurrera eramango dituzten boluntarioek osatutako "lan-batzordeak" ere sortu ziren. Eta atzoko saioan, talde horien jarraipena egin zen, haien egoera ezagutzeko, izan dituzten zailtasunak ezagutzeko eta hurrengo urratsak zehazteko.
Zaintza Mahaia ekainean elkartuko da berriro.








