Aplikazio habiaratuak
Albisteak
Atzealdea Erromeria Eguna Egape Dantza Taldearen jaialdiaren 20.urteurrena ospatzeko
2026·05·05
20 ediziotako ibilbide oparoa burutzear, “Urnieta Dantzan” jaialdia “Urnieta Erromerian” bihurtu eta egun osoko egitarau berezia antolatu du Egape Dantza Taldeak “urte hauetan guztietan bertako parte izan diren kideei omenalditxo bat egiteko” kontatu dute Leire Ibarbia zuzendariak eta Edu Muruamendiaraz irakasleak.
Normalean Gazte Festetan ospatzen zen ekitaldia astebete aurreratu dute, maiatzaren 23ra, hain zuzen: “leku propioa izatea nahi genuen. Erromeria handi bat prestatzen ari gara” kontatu dute protagonistek.
Eguneko lehen hitzordua 11:00etan izango da Ierdi plazan. “Hortik Etxeberri plazara joango gara Musika Eskolako kideekin, trikitilariekin eta posible bada txarangarekin” aurreratu dute. Bertan dantzaren bat egin eta Idiazabal kalean zehar ibiliko dira ondoren, “dagoen giroaren arabera inprobisatuz”.
Emanaldi nagusia 12:30ean izango da San Joan plazan, non 5 pieza dantzatuko dituzten: Marizulo, Egibilla, Urnieta 400, Eteneta (fandangoa) eta Mulisko (arin-arina). “Harro egon behar duzue musika aldetik Urnietan dituzuen pieza berezietaz” nabarmentzen du Muruamendiarazek. Halaber, eskerrak eman nahi dizkiete Ana Belen Garcia musika eskolako zuzendariari, Kristina Solanori eta Antton Jauregiri, zuzenean eskainiko duten musika horiek prestatzeko gauzatzen ari diren lanketa guztiagatik.
5 kanta horiek dantzatzeko taldetik pasatako 60-65 bat pertsonak eman dute izena, “kopuru polita da” adierazten dute. “Orain Egapen dauden LH3tik aurrerako umeak ere etorriko dira eta guztira 175 bat pertsona izango gara”.
Emanaldi nagusiaren ostean bazkari bat egingo dute Plazido Muxika plazan, eta arratsaldeko 17:00etan plaza dantzak egingo dituzte leku berean. Bertan egongo dira Joseba Arretxe eta Iruzta taldea. Eta azkenik, plazan Itzal taldea. “Egun borobil bat izatea nahi dugu”. Era berean, erromeria giro berezi hori sortzeko, baserritarrez jantzita gerturatzeko gonbita luzatzen diete herritar guztiei.
Altxor handi bat
Egape Dantza Taldea 2007.urtean sortu zen, nahiz eta dantza klaseak lehenagotik jarri ziren abian. “Nik 30 urte daramatzat Egapen klaseak ematen” kontatzen du Eduk. “Edurne Arzelus, urte luzetan Egapeko irakasle izandakoa, nire dantzako bikotea zen garai hartan. Dantza irakasle bat behar zutela esan zidan eta horrela hasi nintzen”. Leire Ibarbia berriz, 2010.urtean sartu zen elkartean eta orain zuzendari lanetan dabilen arren, azaltzen du berari gehien gustatzen zaiona dantzatzea dela.
“6 ama izan ziren Egape Dantza Taldea sortu zutenak, haien alabak bertan zituztelako: Maria Sandonis, Axun Fernandez, Ane Loinaz, Ixabel Salaberria, Jaione Jauregi eta Koro Berasategi. Bultzatzaile horiez aparte, 80 gurasok eman zuten izena eta kuota bat ordaindu zuten elkartea sortzeko eta lanean hasteko” ekartzen dute gogora, eta izan zuten ausardia azpimarratzen dute. Zerbait berezia egin nahian antolatu zuten “Urnieta Dantzan” jaialdia eta horrelako ekintzetarako izaera ofiziala izatea lagungarria zela ikusita sortu zuten taldea ondoren. Helburua, “aurretik egiten genuen lan hori plazaratzea zen” azaldu du Eduk. “Gure kulturaren zati inportante bat da dantza, euskara bezala, eta Urnietan altxor bat dugu dantzaren inguruan, zaindu egin behar dena”.
Urte hauetan guztietan gauza mordoa egin dituzte eta herriko jai eta ospakizun gehienetan ezinbesteko aktore bihurtu da Egape Dantza Taldea. Bertan egindako agerpenez gain, kanpora ere joan izan dira: “Gazteizen askotan izan gara eta Galiziara eta Kataluinara ere joan gara. Balio du beste tokietan zein gauza egiten diren ikusteko eta baita gure lana ezagutzera emateko ere”. Euren lanaren gainean zein iritzi jasotzen duten galdetuta ondorengoa Ibarbiaren erantzuna: “Gelidara (Katalunia) joandakoan jendea harrituta geratu zen. Beste lekuetan ere berdina gertatzen da, gureak ez baitira betiko dantza tradizionalak”. “Egapen egiten ditugun dantzen oinarria euskal dantza tradizionala da, baina gero, koreografiatu eta musikara egokitzen ditugu” azaldu du Muruamendiarazek, “kolore asko nahasten ditugu”.
Egape Dantza Taldeak dantzatzen dituen dantzek garapen bat izan dute “eta hori da gure nortasunaren berezitasunetako bat” dio Eduk. “Taldeei entzuten duten musika ekartzeko esaten diet eta musika horietara egokitzen dugu dantza. Erronka potente bat da, baina baita jendea gustura sentitzeko modu bat ere”.
Une honetan 5-18 urte bitarteko 142 ikasle dituzte. Urte hauetan zehar atxikimendua antzekoa izan dela kontatu dute: “Belaunaldi bakoitzean dagoen ume kopuruaren arabera gorabeherak izaten dira, eta ia 200 ikasle izatera iritsi ginen, baina oro har, mantendu egin da”.
Nabarmentzen duten beste gauzetako bat “Plus” taldearen sorrera da. 30-70 urte bitarteko dantzariak elkartzen dira bertan. Eta, talde honen eta gainerako ikasleen arteko zubi lana egiteko “Gazteak” izena duen taldea sortzen hasi dira aurten. “Dantza taldean sartzen direnetik egindako lan guztia moztu egiten da 18 urterekin eta talde berri honekin jarraipena eman nahi zaio”.
Maila altua
Urteen poderioz izandako garapenak taldearen maila igotzea ekarri du eta horren adierazle da Aukeran Dantza Konpainiako 9 dantzarietatik 7 Egapetik igarotakoak izatea. “Aukeran beste dimentsio batean dago, eta bertako dantzari gehienak Egapekoak izateak erakusten du dagoen maila. Gainera, herriko dantzarientzat erreferente handi bat da Aukeran, ikusten baitute horretara iristeko aukera erreala dutela” azaldu du Eduk.
Aipaturiko maila horren adibide da Developpe Nazioarteko Lehiaketako Euskal Dantza atalean urte hasieran lorturiko lehen saria: “aitortza bat izan zen gure lanari. Parte hartzen genuen lehen txapelketa zen eta poz handia eman zigun emaitza hori lortzeak”.
Etorkizunari buruz galdetuta berriz, Eduk dio gustatuko litzaiokeela orain arte egindako lan guztiak aurrera jarraitzea, eta “herrian dagoen altxor handi hau ez galtzea”, eta horretarako jendearen laguntza behar dela dio, atzetik ikusten ez den lan asko baitago. Dena den, orain begirada maiatzaren 23ko egun handian dute jarrita.


