Aplikazio habiaratuak
Albisteak
Atzealdea Martxan dago berriro Egapeko DBHko eraikin berria eraikitzeko obra
2026·04·21
Egapeko DBHko eraikin berria eraikitzeko lanei aste honetan bertan ekin zaie berriro, zentroa ahalik eta lasterren errealitate izateko helburuarekin.
Obrak 2025eko uztailean hasi ziren, baina irailean gelditu ziren arrazoi teknikoengatik. Lurraren erresistentzia ez zetorren bat proiektuan ezarritakoarekin eta proiektu aldatua idatzi behar izan da obrarekin jarraitu ahal izateko.
Prozesu berri honetan, hainbat barne-kudeaketa egin behar izan dira, eta horiek nahi baino gehiago luzatu dira. Dena den, azkenean, jarduerari ekin zaio berriro, eta lanek aurrera jarraitzen dute.
Obra estrategikoa Urnietarentzat
Udala etengabeko jarraipena egiten aritu da lanak berriro hasteko eta prozesua ahalik eta gehien azkartzen saiatzeko, udalerriarentzat proiektu estrategikotzat jotzen baitu. Aurrerantzean ere eraikuntzaren bilakaeraren segimendua gertutik egiten jarraituko du, dena normaltasunez garatzen saiatzeko.
Duela aste batzuk bilera bat egin zen Hezkuntza Sailarekin, bertatik bertara jakiteko zein zen egoera, eta jakinarazi zuten ahal zuten guztia egingo zutela, ezuste hori kontuan hartu gabe 24 hilabetekoa zen exekuzio-epea murrizteko. Bileran, Jorge Segurado alkateaz eta Hezkuntzako arduradunez gain, Egapeko Gurasoen Elkarteak eta Egape DBHko zuzendaritzak ere parte hartu zuten.
DBHren eraikin berria funtsezkoa da gure udalerriarentzat, ezinbestekoa baita Urnietako nerabeek kalitatezko hezkuntza-instalazioak izatea. Obra amaitzen denean eta ikastetxe berria gauzatzen denean, Egapek eskola-campusa izango du, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako eraikinak espazio berean kokatuko baitira.

