Aplikazio habiaratuak
Albisteak
Aloña de Torresek 400 euroko saria irabazi du gidabaimeneko azterketa teorikoa euskaraz gainditzeagatik
2024·06·25
Urnietako Udala autoeskolen eremuan euskararen erabilera sustatzeko lanean ari da 2010etik aurrera Buruntzaldeko gainerako udalekin batera (Andoain, Astigarraga, Lasarte-Oria, Usurbil eta Hernani). Egitasmo honen xedea autoeskoletan matrikulatzen diren ikasleek B1 gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz ikastea eta azterketa ere euskaraz egitea da.
Urtero bezala, gidabaimenaren azterketa euskaraz egin eta gainditu duten ikasleen artean 400 euro inguruko sariak zozkatu dituzte Buruntzaldeko udalek, udalerri bakoitzean dagoen autoeskola kopurua erreferentziatzat hartuta. Beraz, Urnietan bat. Dena den, zozketan sartu dira azterketa gainditu duten urnietar guztiak, nahiz eta Urnietako autoeskola batean matrikulatuta ez egon.
Eta hain zuzen, hori izan da aurtengo kasua. 2023an azterketa euskaraz gainditu zuten herritarren artean, Hernaniko Otamendi autoeskolako ikasle izandako Aloña de Torresek irabazi baitu zozketa, eta hortaz, bera izan da pertsona saritua.
Udako kanpaina
Bestalde, uda honetan gidabaimena ateratzeko asmoa duten urnietarrak euskaraz egitera animatzen ditu Urnietako Udalak.
Aurten gainera, gidabaimena euskaraz ateratzeko material berria argitaratu da, Euskadiko Autoeskolen Federakuntzak Gidabaimenak euskaraz egitasmoa jarri baitu martxan, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin.