Aplikazio habiaratuak
Albisteak
Atzealdea Herriko 4 elkarte gastronomikoetako ordezkariak Urnietako txotx ekitaldiaren protagonistak
2026·01·22
Urnietako sagardotegi denboraldiari hasiera emateko ekitaldia urtarrilaren 16an ospatu zen Eula sagardotegian eta bertan protagonismo berezia izan zuten herriko 4 elkarte gastronomikoek, euren ordezkariek izan baitzuten urteko lehen txotx-a egiteko ardura.
Beraiekin elkartu ginen eguna nola bizitu zuten jakiteko eta ekitaldian parte hartzeak zer suposatu zuen ezautzeko.
Ondorengoak dira laurek erantzundako galderak.
1-Garrantzitsua da tokikoa tokikotik bultzatzea, eta kasu honetan elkarte gastronomikoen papera nabarmendu nahi zen.
2-Nola hartu zenuten gonbidapena?
3-Lehenengo txotx-aren momentua berezia izango zen ezta?
4-Hiru sagardotegi ditugu Urnietan eta denak kalitate handikoak.
5-Nola animatuko zenuke jendea sagardotegietara joatera eta urtean zehar ere Urnietako sagardoa kontsumitzera?
Mikel Etxeberria (Santa Kruz)
1-Eskertzekoa da guri egindako gonbidapena. Aipatu beharra dago elkarte gastronomikoak behera doazela, ez dagoela sozio berrien sarrerarik, eta ea honek bultzada bat ematen laguntzen duen aurrera jarraitzeko. Lehengo sozietate kultura hori galtzen ari da eta ea denon artean aurrera puntu bat ematen diogun.
2-Ilusioarekin. Ez genekien nolakoak ziren horrelako ekitaldiak, baina oso gustura egon gara.
3-Gurekin kontatzea eta hemen biltzen den jendearekin egotea polita izan da. Denok ezagutzen gara eta familiarteko giroa dago.
4-Kalitatekoak eta indarra eman behar zaienak. Sagardotegiek jendea ekartzen dute eta herriari ere bizitasun bat ematen diote.
5-Garrantzitsua da bertako produktuak kontsumitzea. Denok animatu behar dugu eta denon artean indarra eginda ea gauza hobeto joaten den.
Iñaki Muro (Batzokia)
1-Herriak herriarekin lan egitea eta bertakoa bultzatzea oso garrantzitsua da.
2-Gonbidapena jasotakoan oso polita iruditu zitzaidan. Ekitaldi hau lehen aldiz antolatu zenean herriko bi kirolarik egin zuten lehen txotx-a, aurreko urtean Ignacio Tancok eta aurten, Urnietako elkarteak.
3-Jende asko dago. Alkateak eta zinegotziak daude, Aldundiko jendea, sagardogileak, dantzariak... Gu elkarteetako ordezkariak gara eta jende handiaren garrantzia eman digute. Berezia izan da.
4-Kalitate handia dugu eta sagardo oso ona egiten dute.
5-Batzokiari buelta eman genionean oso garrantzitsuak izan ziren guretzat Josu Garmendia eta Florentino Ugalde alkatea. Jendea elkartera sartzeko saiakera egin genuen eta gainera, erabaki genuen Urnietako sagardotegien sagardoa erostea. Eula, Altuna eta Oianume ditugu, eta ez dugu kanpotik ekartzen. Herrian duguna herriratzen saiatzen gara.
Xabier Sardon (Eteneta)
1-Gaur egun elkarte gastronomikoetan behar duguna bazkideek gehiago parte hartzea eta elkartera gehiago etortzea da. Jende kopurua jaitsi egin dela nabaritu dugu.
2-Hasieran gauza pixka bat eman zigun, iaz Tanco etorri baitzen, ingeniari espazial ospetsua, eta gu nazioartekoak ez gara, baina ilusioa egin zigun. Garrantzitsua da herria egitea. Ni ez nintzen inoiz horrelako ekitaldi batean egon, eta primeran antolatuta dago. Sagardoaren munduko pertsona garrantzitsuak deitu dituzte, eta primeran dago.
3-Nire lanagatik beldur eszenikoa kenduta daukat. Bagenekien zer egin behar genuen, eta erraza eta oso polita izan da.
4-Sagardogileekin hitz eginez, larunbat eguerdian dena beteta dagoela diote, baina sagardotegiez modu berean edo hobeto gozatzeko aukera ere badago ostiral eta igandeetan.
5-Guk Urnietako sagardoa erosten dugu. Guk sustatu behar dugu bertako sagardoa. Urnietako jendea gara eta hemengo sagardoa bultzatu behar da, oso ona baita gainera. Setien ixteak pena handia eman zigun.
Jeronimo Elosegi (Peña Gorostidi)
1-Noski, inportantea da herriko gauzak indartzea eta laguntzea.
2-Sagardotegietan ibili gara, baina horrelako ekitaldietan inoiz ez, eta polita da.
3-Gu gurean ginen, baina jende guztia begira zegoen eta polita izan da.
4-Hemengo sagardotegiak oso onak dira. Lehen Elutxeta eta Setien ere bagenituen. Garai batean Goikoetxea ere bai. Orain, daudenak bultzatu behar dira.
5-Gure garaian sagardo gehiago edaten zen, baina herriko jendeak jarraitzen du etortzen. Bertatik bertara ditugu eta jarraituko beharra dago.





